2024-11-21
HomeEkintza SindikalaIzkutuan dauden silikosi kasuak aitortu eta azalarazteko kanpaina iragarri du LABek

Izkutuan dauden silikosi kasuak aitortu eta azalarazteko kanpaina iragarri du LABek

Gaur, maiatzaren 22an, LAB sindikatuko ordezkariek eta Fumbarriko langile silikotikoek prentsa agerraldia egin dute. Batetik, Durangoko Fundizioan bizi den egoera larria salatzeko eta, bestetik, datozen egunetarako mobilizazioen berri emateko. Ekainaren 6an mobilizazioa izango da Durangon eguerdiko 12:30etan eta Euskal Herri osoan kanpaina bat martxan jarriko dugu, izkutuan dauden kasu guzti hoiek aitortu eta azalarazteko, enpresaz enpresa, lantokiz lantoki silikosiari aurre egiteko, kontaktuan daude langile orori informazioa emateko.

EGOERA
2011an eduki zuen LAB sindikatuak lehen silikosi kasuaren berri. Gaur egun, gutxienez, 11 dira gaixo dauden langileak. Horietatik biri, gainera, gaixotasunaren konplikazio eta larritasunaren ondorioz, inkapazitate iraunkorra aitortu zaie.

Datu hauen arabera, langile guztien %10a baino gehiago dago gaixo.

Egoera ezagutu genuenetik gaur arte, LAB sindikatuak salaketa ugari egin ditugu, bai enpresa barruan zein kanpoan, eta helburua argi izan dugu momentu oro; enpresak prebentzio plan eraginkorra egin dezala langile guztientzako, egun silikosiak gaixotutako langileentzako eta langile gehiago gaixotu ez dadin.

ENPRESAREN JARRERA
Enpresak ez lehen, ezta orain ere, ez du erantzukizunez jokatu; silikosia ez dela horren larria bezalako komentarioak esanez, prebentzio neurriek ez dutela bermatzen beste langileak ez gaixotzerik edota gaixo dauden langileak kaleratzeko aukeraren zain daudela.

OSALANen gomendioei ez diote kasurik egin eta Lan Ikuskaritzak diruz ere zigortu du enpresa jarrera horregatik.

Hain larria da beraien jokamoldea, Durangoko Instrukzio Epaitegiak, Fiskaliaren eskaerari erantzunez, diligentzia penalak ireki dituela.

ENPRESAREN EGOERA
Kontuan eduki behar dugu enpresaren egoera zein den, urteak daramatzate etekin ekonomiko garrantzitsuak eskuratzen eta bazkideek milioiak banatu dituzte irabazitan. Hau ez dugu guk asmatu eta datuak publikoak dira, BORMEn argitaratutakoak. Hau da, krisi egoeran ere, enpresak osasun ekonomiko zoragarria eduki du, eta borondatea balego, ez legoke silize hautsaren aurkako prebentzioan inbertsoak egiteko arazorik.

LABen IRAKURKETA
Funbarrikoa ez da kasu isolatu bat. Hamaika iritsi zaizkigu, eta jakina da Euskal Herriko beste hainbat enpresatan antzeko kasuak ematen ari direla.

Silikosia silize hautsarekin lan eginda sortzen da. Sendaezina da eta minbizia, arnas-aparatuko gaitzak eta beste hainbat gaixotasun sortzen ditu.

Gaixotasuna silizearekin lan egin eta urteetara agertu daiteke. Silizea sektore askotan erabiltzen da; harrobietan, eraikuntzan, fundizioetan, marmoldegietan. Osasuna galtzea, lan istripuak, gaixotasun profesionalak ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baino, ekidin daitekeen emaitza. Batzuen utzikeriak eta besteen diru eta irabazi goseak, kondenatu egiten gaituzte langileok.

Administrazioak eta enpresek ezin dute beste alde batera begiratu edo aitzakirik jarri. Hau errotik aldatu beharra dago.

Era berean, salatu behar dugu, mutualitateak eta gizarte segurantza, gaixotasun profesionalak ez onartzeagatik, zein hauek gaixotutakoei dagozkien arreta prestazio zein ezintasuna ukatzeagatik. Noizko beharrezkoak diren baliabideak langileon osasuna bermatzeko?

Egun silikosiak gaixotuta dauden langile askok Oviedora joan behar izaten dute diagnostiko bila, gastuak beren gain hartzen, han baitago estatu mailan erreferentzizko osasun zentroa. Noizko Osasunbidean eta Osakidetzan, erreferentziazko zentro bat gaixotasun profesionalei aurre egiteko?

Hortaz, Euskal Herri osoan kanpaina bat martxan jarriko dugu, izkutuan dauden kasu guzti hoiek aitortu eta azalarazteko, enpresaz enpresa, lantokiz lantoki silikosiari aurre egiteko, kontaktuan daude langile orori informazioa emateko.

Helburua ekintza sindikalaren bitartez, Euskal Herriaren silikosia desagartaraztea da, eta egoera honen errudun diren horiek merezi duten tokian jartzea.

LABentzar Fumbarrin gertatzen dena, orokorrean eta krisia aitzakia, lan osasunarekin getatzen denaren beste adierazle bat da. Lehiakortasunaren izenean langilea kriminalizatzen dute (bajak behar harik hartzen direla errepikatuz) lan osasunaren pribatizazioan jauzi berriak ematen diren bitartean, mutualitateen pribatizazioen bidez. Hau da, langileentzat kriminalizazioaren mezua, enpresarientzat negozioa bermatzeko. Eredu honetan, langilea, lan osasuna eta gizartea galtzaile. Lujua eta Confebask irabazle.

Fumbarrin ematen den arazoa ezaguna da. Silize hautsaren arazoa ezaguna da eta ezaguna izateaz aparte gaixotasuna eman ez dadin hartu beharreko neurriak ere ezagunak dira. Inbertsioekin konpontzen da. Baina eredu honetan, zeinek behartzen ditu enpresariak ezer egitera?

Langileak behartzeko hainbat mekanismo dituen eredu honetan enpresarien inpunitatea erabatekoa da.

Denborak aurrera egiten du eta gaixotutako langileak gero eta gehiago dira, desgaitasunak gero eta gehiago eta luzera, minbiziak ere gero eta gehiago izango dira.

Dagoen estatistika ikusta LABek egindako eskaerak erabat logikoak dira: langile guztien egoera aztertzea arazoaren benetako dimentsioa zein den jakiteko, eta hartu beharreko neurriak hartu gaixo daudenak babesteko eta gaixorik ez daudenak gaixotu ez daitezen.

Eredu honetan, Fumbarrin, langileei probarik ez, inbertsiorik ez eta kaleratzeak bai, gaixotasun berrian aurrean erantzukizunik ez bereganatzeko.

LABentzat Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen interbentzio falta, bai Fumbarrin eta baita industrian ematen diren beste gaixotasun larrien aurrean erabaki politiko baten ondorioa da. Pribatizazioa sartzen dute agenda politikoan lan osasuna bertatik ateratzen duten bitartean. Erabaki politikoa da hori. Erantzule argiak dituen erabaki politikoa.

Fumbarrin ematen dena ezaguna da herri osoan, lantegitik 300 metroa Urkullu jauna bizi da. Agenda politikoan lan osasuna ez egotea erabaki politikoa da, hazkundearen euforiak estali nahi baitu sortzen ari den lan harreman eredu are eta prekarioagoa.

Guzti honengatik LABek kanpaina bat egin du Euskal Herriko hainbat enpresetan lanagileek silize hautsarekin gertatzen denaren berri emateko. Arazoaren iturria zein konponbiderako neurrien berri eman diegu langileei.

LABen argi dugu, edo gu geu aktibatzen garela edo bestela, jai daukagula. Horregatik Durangon mobilizazioa egingo dugu ekainaren 6an, larunbatez, herriak langileekin batera mobilizatzeko aukera izan dezan. 12:30ean abiatuko da San Roketik, Fumbarri aurretik. Inpunitatearekin amaitzea gure eskuetan dago.
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.