2024-12-21
HomeEkintza SindikalaIV. Euskara Plana ez da ez EHUk ez euskarak behar dutena

IV. Euskara Plana ez da ez EHUk ez euskarak behar dutena

Ekainaren 11ko Gobernu kontseiluan onartu duten IV. Euskara Planaren aurrean bere kezkak plazaratu ditu LAB sindikatuaren EHUko sail sindikalak. Hurrengo urteetan EHUko euskalduntzea gidatuko duen planari guztiz eskasa iritzi dio. Zehaztasun eta anbizio falta ezaugarri nagusiak izanda, LABek ez du espero aurrerapen esanguratsurik. Are gehiago, alderdi batzuetan plan berri honen bukaeran egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du.

Euskararen IV. Planaren testua definitzeko prozesua motela eta traketsa izan da. Prozesuan zehar bost zirriborro garatu arren, sindikatuetatik egindako ekarpen gehienak ez dira kontuan hartu, ezta EHUko beste langile batzuenak ere.

Euskalduntzeari lotuta, EHUk egun dauzkan arazo eta egoera batzuek neurri ausartak, argiak eta eraginkorrak eskatzen dituzte, LABen ustez. Lau urteko ganorazko plan batek helburu bakoitzerako azpi-helburuak, ekintzak, egutegia, beharrezko baliabideak, hartzaileak, ardurak, aurrekontua… definituta izan beharko lituzke. Ordea, onartutako planak ez ditu baldintza horiek betetzen. Adibide gutxi batzuk datoz jarraian:

– Planak ez du neurririk zehazten euskaldundu gabe dauden graduetako derrigorrezko irakasgaiak euskalduntzeko. Derrigorrezko irakasgaien kredituen %94,4 da euskaraz gaur egun, eta planak jasotzen duenez, lau urtetan %96ra igo beharko da. Hala, EHU martxan jarri zenetik 44 urtera, ikasleek unibertsitate publikoan graduetako derrigorrezko irakasgaiak euskaraz jasotzeko eskubidea ez dute bermatuta. Zein irakasgai diren identifikatuta daukate baina ez dago ez planik ez egutegirik irakasgai horiek euskaraz eskaintzeko, arazoa sailen esku uzten delarik.

– Hautazko irakasgaien kasuan, egoera askoz okerragoa da. Planean jasotako helburua da hautazko irakasgaiak eskaintzen dituzten graduen kopurua egungo 53tik 56ra pasatzea. Zehaztu gabe dago zein irakasgai, zein gradutan, noizko… Berez, hiru gradutan irakasgai bana euskaraz eskaintzearekin lortuko litzateke helburua.

– Masterren kasuan, euskarazko kreditu kopurua handitzea jasotzen da, baina euskararen presentzia daukaten masterrak ere martxan jarriko den planaren eraginkortasuna neurtzeko adierazle moduan erabiltzeko egindako eskaera atzera bota diote LABen sail sindikalari. Kontuan hartu behar da gaitze-masterretan (zenbait lanbidetarako sarbidea ahalbidetzen dutenetan) metatzen dela masterren euskarazko irakaskuntza gehiena. Beraz, EHUko master gehienek euskaren presentzia izan gabe jarraituko dute.

– “Esperientzia Geletako ikasleek euskaraz ikas dezaten estrategiak landu eta euskarazko eskaintza handitu” helburua jasotzen bada ere, ez dago inolako ekimen edo adierazlerik. Erraza izango litzateke gutxieneko igoera jasotzea (irakasgai kopuruan edota kredituen ehunekoan), baina ez dago zehaztapenik.

– Ingelesezko eskaintzaren goraldi progresiboak ere kezka sortzen dio LABi. Beste hizkuntzen ezagutzaren beharraz eta garrantziaz kontziente izanda (ez bakarrik ingelesa), euskararekiko lehia suposatzen du. Gero eta irakasgai gehiago ingelesez eskaintzen denean, sail askotan, graduetako irakasgai batzuk (bereziki hautazkoak) ez dira euskaraz eskaintzen. Euskalduntzearen aldeko baliabideak nabarmen handitu eta irizpideak argi finkatu ezean, euskara galtzaile aterako da.

– Euskara planak ez du bermatzen sortuko diren irakasle-laguntzaile, doktore zein agregatu eta titular plaza berrietarako C1 euskara eskakizuna behar izango denik, eta gero eta gehiago dira euskararik gabe onartzen direnak.

– Lanpostu elebidunetarako lehiaketetan probaren bat euskaraz egin behar izateko eskaera ez da onartua izan plan berrian, ezta irakasle euskaldunen hizkuntza maila detektatzeko eta hobetzeko proposatutako beste neurri batzuk ere.

– Teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kolektiborako garatzen ari den Enplegu Publikoaren Eskaintzan plaza batzuen derrigortasun datak kendu edo/eta aldatu dituzte. Horri gehitu behar zaio hizkuntza eskakizun asimetrikoak ezarri izana, hau da, ezagutza globala baino, gaitasun zehatzak baino neurtzen ez dituena (ahozkoa, idatzizkoa…) . Horrek guztiak kolektibo horren euskalduntzeari kalte egingo dio.

– Kanpoko enpresek campusetan ematen dituzten zerbitzuetan euskarazko arreta ziurtatzeko klausulak ez betetzekotan (kasu askotan gertatzen den moduan), neurriak hartzeari uko egin zaio plan berrian. Campusetan euskaraz aritu ohi direnak gaztelaniara pasatzera behartuta jarraituko dute maiz zerbitzu horiek erabiltzean.

EHUn oraindik ere euskararen normalizaziotik urrun daudela eta seinale kezkagarriak ikusten dituela ohartarazi du LABen sail sindikalak. Hala, Euskararen IV. Planaren garapena galdutako aukera izan dela uste du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...