2024-12-26
HomeEkintza SindikalaItxialditik baraualdira, Bizkaiko egoitzetako langileek baldintza duinak lortzeko borrokan jarraitzen dute

Itxialditik baraualdira, Bizkaiko egoitzetako langileek baldintza duinak lortzeko borrokan jarraitzen dute

Larunbatera arte luzatuko den ekimenaren bitartez aldarrikatu nahi dute zaintza langileak langile publikoak direla eta baldintza duinak merezi dituztela. Hala, besteak beste, behar bezala lan egitea eta kalitatezko zerbitzua ematea ahalbidetuko duten ratioak exigituko dituzte Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean abiatu duten baraualdiaren bidez.

Iazko abenduan Bilboko Atxuri auzoko elizan itxialdia egin zuten Bizkaiko egoitzetako langileek, dagoeneko hainbat urtez luzatu den borrokan sakondu eta interpelazioa gogortu nahian. Oraingo honetan, berriz, lau eguneko baraualdiari ekin diote Foru Jauregiaren aurrean, beren egoeraren erantzuleei bertatik bertara exijitzeko dagokien erantzukizunari aurre egiteko.

Gogor salatzen dugu adinekoen zaintzarekin negozioa egin nahian sektorean eredu merkantilista ezartzeko joera. Hain zuzen ere, ratio ankerretan oinarritzen da eredu hori, halako lanek merezi duten aitortza baino irabazi ekonomikoak lehenesten dituena.

Hala, haien lana ondo egiteko aukera ematea da egoitzetako beharginek eskatzen dutena. Administrazio Publikoek gaur egun ezartzen dituzten ratioek, enpresen poltsikoak betetzeko balio duten horiek, larriki hondatzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna. Azpimarratzekoa da Bizkaiko egoitzen eguneroko egoera oso gogorra dela.

Egoera onbideratu nahian, gutxieneko ratioen honako proposamen hau egiten dugu LAB sindikatutik:

– Gaueko ratioa: 2 gerokultore/zaintzaile 15 egoiliarreko

– Eguneko ratioa: 1 gerokultore/zaintzaile 4 egoiliarreko

– Erizaintza-zerbitzua 24 orduz, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko.

Bada, neurriok hartzeko behar den gauza bakarra borondatea da, aldundiarena eta enpresena. Hala, Foru Aldundia eta sektoreko patronalak interpelatzen jarraituko dugu.

Gaurtik eta larunbatera arte (hilak 20) izango da baraualdia Foru Jauregiaren aurrean, txandaka, erreleboak egunero egingo direlarik, goizeko 10:00etan. Bada, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean egunero elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, eta, amaitzeko, larunbatean, ordu berean, manifestazioa egongo da, baraualdiaren kokalekutik abiatuta. Egun hauetan zehar hainbat kolektibotako ordezkariak hurbilduko dira borrokarekin bat egin eta elkartasuna erakustera. Gaur arratsaldean, esaterako, Bizkaiko egoitzetako nagusien eskubideak zaintzen dituen Babestu elkartearen eta pentsiodunen mugimenduko ordezkarien bisita izango dute grebalariek. Bihar, osteguna, Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak ere parte hartuko du eguerdiko elkarretaratzean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.