2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaItuna sinatu dute Huerta de Peraltako Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak, nekazaritza sektorekoa...

Ituna sinatu dute Huerta de Peraltako Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak, nekazaritza sektorekoa hobetzen duena

Iragan martxoaren 13an Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta enpresako ordezkariek, batetik, eta langileen ordezkariek, bertzetik, enpresa ituna sinatu zuten, nekazaritza sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen baldintzak hobetzen dituena. Sinatu baino lehen, Huerta de Peraltako langileek batzarretan eman zioten oniritzia akordioari. Enpresa Batzordearen gehiengoak negoziatu eta sinatu du enpresa ituna -LAB sindikatuaren 6 ordezkariek-; CCOOko bi delegatuek eta UGTko delegatuak ez dute halakorik egin.

Gogoratzekoa denez, enpresa itun bat negoziatzea eta sinatzea zen Huerta de Peraltako greba mugagabea bukatzeko akordioaren hiru baldintzetako bat; bertze bi baldintzak ziren kaleraturiko langileak berriz hartzea eta langileek eskatua zuten zorra kitatzea. Greba hura 2018ko abenduaren 26tik 2019ko urtarrilaren 22ra iragan zen.

LAB sindikatuaren iritzian, enpresa itun hau sinatzeak bukaera ematen dio 2017ko irailean hasi zen trantsizio etapa bati. Ordu hartan, LABek irabazi zituen enpresako lehenbiziko hauteskunde sindikalak, langileek borroka kolektiboaren bideari ekin zioten eta, sindikatuaren laguntzaz, gauzak aldatzen eta hobetzen joan ziren: norbanakoen paktuak bukatu eta paktu kolektiboak egiten hasi ziren, kontratu mugagabeak egin zituzten, kategoriak aldatu zituzten, lan egutegia adostu zen, baita aparteko orduei buruzko akordio bat ere… Azken batean, legeak ezartzen zuen lan hitzarmena aplikatzen hasi ziren.

Langile borrokalarienek aurrera eman zuten greba mugagabea izan zen trantsizio etapa haren zenita; greba traumatikoa izan zen guztiondako, baina hala ere alde guztiendako onuragarria izan zen akordio batekin bukatu zen. Enpresa ituna sinatzeak, beraz, trantsizio etapa hura ixten du eta hasiera ematen dio etapa berri eta itxaropentsu bati. Etapa berri horretan etorkizunera begira jarriko da LAB sindikatua eta langile guztien alde lan egiten segituko du.

Hona hemen Huerta de Peraltako enpresa itunaren ezaugarri nabarmen batzuk:

• 2019 urtean, Huerta de Peraltako langileen ordainsariak izanen dira Nafarroako Nekazaritza Sektorearen Hitzarmen Kolektiboak ezartzen dituenak. 2020 urtean, berriz, hitzarmen horrek ezartzen duen igoera aplikatuko da eta %1 ere gehituko zaio (baldin eta bi igoeren batuketak ez badu %3 gainditzen). Hurrengo urteetan, eta itun berria sinatzen ez den bitartean, enpresak ziurtatuko du soldatak, gutxienez, Nafarroako KPIren arabera igoko dituela.

• Akordio berria lortu da aparteko orduen inguruan, Enpresa Batzordean dauden sindikatu guztiek lehenago sinatu zutena hobetzen duena.

• Sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen opor egunak baino 2 egun gehiago izanen dituzte Huerta de Peraltan.

• Lehen mailako senideen heriotza dela-eta ematen diren baimen ordainduek 2 egun gehiago izanen dituzte eta, beraz, sektoreko hitzarmenekoak baino hobeak izanen dira.

• Landa eremuko langile guztiek lanaldi etengabea izanen dute urte osoan, eta ez sektoreko hitzarmenak markatzen dituen lau hilabeteetan bakarrik. Gainerako langileek orain arte zutenari eutsiko diote.

• Malgutasun poltsa 30 ordukoa izanen da bakarrik, lan erreformak ahalbidetzen dituen 175 orduetatik oso urruti, eta poltsa hori erabili ahal izanen da enpresan dauden nazionalitate ezberdinen jaiegunetan.

• Enpresa ezin izanen da aldebakartasunez itun honek edo sektoreko hitzarmenak ezartzen dituzten baldintzetatik atera. Era berean, bermatzen da Huerta de Peraltan sektoreko hitzarmenaren baldintzak ezarriko direla baldin eta enpresako itunean jasotzen direnak okerragoak badira.

• Kontratazio sistema berria ezarriko da. Sistema horren bidez lan poltsa nominatiboa sortuko da, kronologikoki ordenatuta, eta lan poltsa horren arabera eginen dira aldi baterako kontratazioak.

• Enpresak %100ean osatuko du langileen soldata lan egiteko ezintasuna ospitaleratzea ekarri duen gaixotasun arrunt batek sortu badu eta egoera horretan dagoen bitartean.

• Lan arriskuen ebaluazioa berriz aztertuko da eta lanpostu guztietan erabiltzen diren garbiketa protokoloen eta produktu fitosanitarioen zerrenda zehatza eginen da. Arrisku psikosozialak ere aztertuko dira.

• Aldian-aldian Enpresa Batzordearekin bilerak eginen ditu enpresak sor daitezkeen gatazka guztiak konpontzen saiatzeko.

• Nafarroako ezein hizkuntza ofizial ikasteko edo hobetzeko Huerta de Peraltako langileek hartzen dituzten ikastaroen matrikularen erdia ordainduko du enpresak, baldin eta matrikulaturiko eskolen %80ra joaten badira.

Lortu den enpresa itun honen harira, LABek ez du salatu gabe utzi nahi CCOO eta UGT sindikatuek itunaren inguruan izan duten utzikeria eta jarrera tamalgarria. Horren erakusgarri, aipatzekoa da Enpresa Batzordearen baitan lau bilera egin dituztela itunaz mintzatzeko. CCOO eta UGTko ordezkariak lau bileretara joan ziren, bai, baina ez zuten ekarpen bakar bat ere egin. Areago, aurreakordioa lortu zelarik, eta nahiz eta CCOOk eta UGTk aurreakordioa aztertzeko tarte bat izan zuten, ez zuten adierazi zergatik zeuden akordioaren kontra. LABek ez du jarrera hori ulertzen ahal, itun honek sektoreko hitzarmena hobetzen baitu eta orain arte liskarrak sortzen zituzten hainbat kontu arautzen baititu, hala nola, oporrak, aparteko orduak, kontratazioa, malgutasuna edo langileen eta enpresaren arteko eztabaidak.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Huerta de Peraltako gatazka honek argi utzi duela zein den LAB sindikatuak ordezkaritza duen enpresa guztietan bultzatzen duen filosofia: ANTOLAKUNTZA, BORROKA, NEGOZIAZIOA eta AKORDIOAK.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...