2025-04-16
HomeEkintza SindikalaISS Facility Services enpresa okupatu dute Gora Garbitzaileak kolektiboko ekintzaileek

ISS Facility Services enpresa okupatu dute Gora Garbitzaileak kolektiboko ekintzaileek

Bizkaiko garbitzaileek osatutako Gora Garbitzaileak izeneko kolektibo berriak bigarren ekintza egin du, LAB eta ESK sindikatuok babestuta. Hain zuzen ere, Bizkaiko garbitzaileak ekintzara pasa dira, euren lan eskubideen defentsan, eta oraingoan ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu dute, herrialdeko hitzarmena blokeatzen ari delako.

Joan den martxoaren 3an egin genuen lehen protesta ekintza, Bilboko iturriak kolore morez tindatuz, hiri dauden gizonen estatuetatik eskularruak eta fregonak zintzilikatuz eta Udaletxeko zubitik neurri handiko pankarta bat askatuz. Gaur, GORA GARBITZAILEAK kolektiboak, LAB eta ESK sindikatuen laguntzarekin, Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren aldeko bigarren protesta ekintza egin dugu. Horrela, hamarnaka langilek ISS Facility Services enpresak Bilbon dituen bulegoak okupatu ditugu.

Ez dugu enpresa ausaz aukeratu. ISS Danimarkako multinazionalak 2.000 langile inguru ditu Bizkaian. Bere bezeroen artean, Basauri edo Getxoko Udalak, BEC, Amazon edo Coca Cola nabarmentzen dira.

Gainera, ISS da, hain zuzen ere, Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari den enpresetako bat, garbitzaileon soldatak 1.200 eurora ez iristearen arduradunetako bat.

Data ere ez dugu ausaz aukeratu. Atzo, martxoaren 8an, enpresak bere plantilla osatzen dugun emakumeak goraipatu gintuen, eta hurrengo egunean, soldata duinak ukatzen jarraitzen digu.

Esan bezala, ez dugu data ausaz aukeratu, guretzat egun guztiak direlako martxoaren 8a. Izan ere, gu, sektore feminizatu eta prekarizatu batean lan egiten dugunok, prest gaude eurena bezalako erraldoiei urteko egun guztietan aurre egiteko, gure lanak eta soldatak duindu arte.

Horregatik guztiagatik, enpresan sartu gara eta mezu bat utzi diegu: garbitzen ari garenontzat, egunero martxoaren 8a da. Hitzarmen duin bat nahi dugu orain, urtean gutxienez 1.200 euroko 15 pagarekin, eta horregatik, martxoaren 31n grebara joango gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.

Hezkuntza Sailak ez du bete berak proposatutako negoziazio egutegia

Martxoan eta apirilean deitutako greba zikloan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziaketak eten ondoren eta mobilizazioetan irakasleek indarra eta konpromisoa erakutsi ostean, negoziaketetarako bidea egingo zuela adierazi zuen hedabideetan Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baina hitzetatik ekintzetara pasa ez izana eta negoziaziorako benetako borondaterik ez duela salatu du LABek.