2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaIruzurra Osakidetzako aldi baterako kontratazioetan

Iruzurra Osakidetzako aldi baterako kontratazioetan

Osakidetzan aldi baterako egiten diren kontratu ugariren irregulartasuna salatu nahi du LABek. Entxufismoa ematen ari da Osakidetzan, eta hori nahiko larria ez bada, gainera, kasu horietan ez da kontutan hartzen euskarararen gaitasuna.

Osakidetzako arautegiaren arabera, aldi baterako langileen (pertsonal estatutarioaren) izendapenak hiru motakoak izan daitezke: interinoak, ebentualak edo ordezkatzekoak. Izendapen interino eta ordezkatzekoak (sustituziokoak), lanpostu konkretu bati lotuak egoten dira, eta ondorioz, lanpostuaren baldintza akademiko eta hizkuntz gaitasunezkoak bete behar dira bi izendapen mota horietan. Izendapen ebentualak, aldiz, ez ohiko lan kargei erantzuteko erabili beharko liratekeenez, ez dira egiten lanpostu zehatzei lotuta eta, ondorioz, Hizkuntz Eskakizunak lanpostuei ezartzen zaienez, kontratazio hauetan ez da kontutan hartzen euskararen gaitasuna.

Osakidetzako Zerbitzu Erakunde ugaritan gertatzen ari dena ere salagarria da: sistematikoki izendapen ebentualak egiten dira, erakunde bakoitzak kontratazio hori zuzenean kudeatzen du. Aitzitik, araudia errespetatuko balitz, izendapen horietako asko interinoak edota ordezkatzekoak izan beharko lirateke eta bestelako prozedura jarraitu beharko lukete.

Salatzen ari garen horren adibide dugu Zumaian jazo berri den kasua: Zumaiako osasun zentroa albiste izan da komunikabideetan bertan egindako kontratazio batzuren harira. Bada, Zumaiako kasuan, albiste iturri izan diren lanpostu guztiak titularrik gabe aurkitzen dira eta, araudiari jarraituz, titular berria izendatu bitartean behin behineko izendapen interinoarekin bete beharko lirateke. Gasteizko Osakidetzako Erakunde Zentraletik kudeatzen den «lanpostu hutsen zerrenda» erabiliz, zehazki. Hau egin ordez, Gipuzkoa Eskualdeko pertsonal sailak izendapen ebentualak egin ditu berak kudeatzen duen «ordezkapenen zerrenda» erabiliz, alegia, araudia urratuz, behar adinako gardentasunik gabe eta lanpostuen euskara gaitasun maila kontutan hartu gabe. Ondorioz, lanpostua titular berri batekin bete arteko interinidade kontratazio luzea izan beharko litzatekeena kontratazio ebentual labur eta prekarioa bihurtzen da.

Bestetik, araudiak garbi ezartzen du oporraldietan, baimenetan eta bestelako arrazoiengatik aldi baterako lanera ez joatearen ondorioz lanpostu hutsak betetzeko «ordezkatzeko izendapenak» erabili behar direla, lanpostuaren baldintzak betez, noski. Kasu hauetan ere, araudia urratuz, Zerbitzu Erakunde ugarik izendapen ebentualak erabiltzen dituzte lanpostu huts horiek betetzeko, lanpostuaren prestakuntza eta ezagutza baldintzak ekidinez, beraz.

Praktika hauek entxufismoari ateak irekitzen dizkiote, Zerbitzu Erakunde bakoitzak gustoko dituen langileak kontratatuz eta lanpostuen baldintzak, hizkuntz gaitasunarena tartean, bete gabe utziz eta lan prekarioa eskainiz.

Osakidetzak aldi baterako kontratazioetan gardentasunez jokatu dezan LAB sindikatuak beharrezkoak diren salaketa eta eskaerak egingo ditu. Horretan gaude eta ez dugu amore emango gai honetan ere Osakidetzak langileon eskubideak errespetatu arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...