Aurten lehiaketara atera da Iruñeko Etxerik Gabeko Pertsonentzako Aterpearen kudeaketa. Zentro horrek bazterketa-egoera larrian dauden pertsonak artatzen ditu, arazo handiak eta askotarikoak baitituzte.
Aurten, berriz ere, partida handitu egin da, eta hori oso berri ona izan da. Baina lehiaketaren emaitza ikusi ondoren, zapore gazi-gozoa hartu du egoerak; izan ere, lehiaketa irabazi duen enpresa izan da prezioak gehien jaitsi dituena eta puntuazio tekniko txarrena lortu duena.
Irizpideen artean dago kalitate-prezio erlaziorik onena. Hori oso egokia izan daiteke, egiazkoa bada; baina gerta liteke, internetez zerbait erosten dugunean gertatzen denaren antzera, koska handia izatea espero dugunaren eta benetan jasotzen dugunaren artean. Oraingoan, berriz ere, arlo ekonomikoak pisu handiegia du; nahiz eta aurkeztutako 4 proiektuen artean puntuazio tekniko txarrena izan, prezioa asko jaisteak puntu asko eman ditu.
Harrigarria da erakundeek proiektu sozial horien kudeaketan dirua aurrezteko asmoa izatea; bidenabar esanda, inoiz pribatizatu behar ez ziren proiektuak dira. Udalak kalkulatu egiten du zenbat balio duen proiektu horrek edo errekurtso horrek, aurrekontu-partidetan horretarako beharko duen dirua bereizten du, eta kontu guztiak egin dituenean, honela dio: ea nork egiten duen hau merkeen… 140.000 € aurreztuta, bandera erraldoi bat eros dezakegu.
Zoritxarrez, aurten, alde teknikoan puntuaziorik txarrena lortu duen proiektuak irabazi du, baina merkeena zenez, atal horretan puntuaziorik altuena eraman zuen: Udalak 5. taldeari, estatuko putre-funts bati, esleitu dio Iruñeko Etxerik Gabeko Pertsonen Aterpetxearen kudeaketa. Eta hemen, berriro ere, pertsona ahulenak, arreta ematen dien langileak eta herritarrak dira galtzen dutenak.
Ezin da zerbitzu bera eman diru gutxiagorekin. Gure ustez, bada garaia gizarte-zerbitzuen kalitatearen okerragotzea gelditzeko eta ongi legoke irizpide hori indar politiko guztien irizpide komuna izatea, baina adibide honetan ageri da zein diren bakoitzaren lehentasunak. Bada garaia zerbitzu publiko guztiak publifikatzeko, ez putre-funtsak sartzeko eta bazterkeria soziala jasaten duten pertsonekin negozioa egiteko.