2025-04-22
HomeEkintza SindikalaIruñeko Claret Larraona kiroldegiko langileak bi eguneko greba egiten ari dira, soldata...

Iruñeko Claret Larraona kiroldegiko langileak bi eguneko greba egiten ari dira, soldata izoztuta urteak daramatzatela salatzeko

Iruñeko Claret Larraona ikastetxeko kiroldegiko langileak greban daude atzo eta gaur, 20 urte inguru lan baldintza berberekin eta, beraz, soldata izoztuta daramatela salatzeko. Atzo eta gaur, enpresak kiroldegia ireki du, nahiz eta Lan Ikuskaritzak adierazi zion halakorik ez egiteko, harrerako langileen greba-eskubidea urratzen baitzuen.

Iragan urteko azaroan, langileak enpresarekin bildu ziren egoeraren larria ulertarazteko eta negoziazioa eskatzeko, baina honek berandu eta gaizki erantzun zuen —bi hilabete eta erdi geroago, eta mezu elektroniko baten bidez—. Horrela, immobilismo hori ikusita, plantillak erabaki zuen kalera ateratzea eta bi egun hauetan greba egitea.

Kiroldegia irekitzeaz gain, grebalariek salatu nahi dute klaretarrak greba baldintzatzen saiatu direla, informazio faltsua emanez, hala nola delegatuak komisio bat lortzen duela greba egiten duen pertsona bakoitzeko, eta langileei beldurra eraginez, greba egitea erabakitzen duten pertsonei hitzik ez egiteko eskatu ere.

Hala ere, traba guztiak gorabehera, Claret Larraona kiroldegiko langileek borrokan jarraituko dute beren lan eskubideen alde eta klaretarrek ezartzen dieten prekarizazioaren aurka.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.