2025-01-04
HomeEkintza Soziala: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

[IRITZIA]: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak fiskalitatearen inguruan idatzitako iritzi-artikulua jarrai dezakezue jarraian.

Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) 2014ko uztaileko Iritzi publikoa eta politika fiskala (XLI) azterlanean, alderdi politikoen artean, UPNren boto emaileek dute ehunekorik handiena zera erantzuten dutenen artean: «Zergak estatuak ordaintzera behartzen gaitu, zeren truke oso ongi jakin gabe». Egungo zerga sistemari dagokionez, UPNren boto emaileen gehiengoak uste du zergak «batez ere zeharkako zergekin, BEZarekin» (kontsumo-ondasunak eta mundu guztiari berdin eragiten dioten zerbitzuak zergapetzen dituztenak) bildu beharko liratekeela, eta ez «batez ere zuzeneko zergekin, PFEZarekin» (errentaren edo pertsonen eta enpresen aberastasunaren arabera). PPren eta Voxen boto emaile gehienek ere ez dute iritzi hori. Azkenik, UPNren boto emaileen iritziz, beste behin PP eta Vox barne hartzen dituzten gainontzeko alderdien boto emaileen iritziz ez bezala, «zergak justiziaz kobratzen dira, hau da, gehiago dutenek gehiago ordaintzen dute».

Ikuspegi hori ez da ustekabea duela gutxi Jose Javier Esparzari (UPN), CENeko enpresariei eta Merkataritza Ganberari entzun ondoren. Baina, batez ere, ez da kasualitatea. Horiek guztiak saiatzen ari baitira gizarteari sinetsarazten «Nafarroa pobretzen duen infernu fiskala» pairatzen dutela. Eragile horien estrategia bat da, beraien pribilegioei eusteko eta justiziaren eta progresibitatearen ikuspegitik zerga erreformarako edozein aukera eragozten saiatzeko. Gainera, Geroa Baik, rol subsidiario batean, bat egiten du eskuinaren mantra eta presioarekin, existitzen ez den klase ertain bati eta autonomoei zergak jaisteko helburuarekin.

Eskuinaren jarrera hori guztiz gaitzesgarria da politikoki eta sozialki; ez da onargarria, berekoia, alderdikoia eta korporatibista delako. Ildo horretan, Esparza jaunak ez ditu nafarren interesak babesten, adibidez enpresaburu batek alde egitea erabakitzen duenean txalotzen duenean. Pizgarri fiskalekin onura ateratzen duen enpresaburu baten erabakiarekin poztea —langileok gure ahaleginarekin sortzen dugun aberastasunarekin geratzen dena, baita beren produktuak erostearekin sortzen dugunarekin ere, Taberna-Berlys enpresaren kasuan bezala— enpresariek beraien enpresak nahi dutenean eraman dezaketela dioen ideia bultzatzen duen mezua da. Haren ordez, Esparzak zera esan beharko luke: «Enpresaburu jauna, Nafarroako langileen izerdiarekin eta lanarekin aberastu zara, eta orain bizkarra ematen diguzu». Jolas zikin horrek erakusten du kapitalak ez duela mugarik. Gaur Madrilera, bihar Poloniara. Enpresariek gutxien ordaintzen duten eta pribilegio gehien dituzten lekuetara.

Nafarroako Parlamentuak abenduaren 19an onartu berriak ditu 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta 2025eko erreforma fiskala (zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk ezartzeko Foru Legearen proiektua). Eta eskuinaren zein CENeko enpresarien gehiegizko antzezpenetan aritu diren arren, onartu duten erreforma fiskala ez da Nafarroako lau sindikatu nagusien aho batezko adostasuna jasotzeko gai izan; Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran lau sindikatuok Nafarroako Gobernuari eskatu baikenion erreforma fiskal progresibo bati ekiteko.

Maria Txibiteren gobernuek (PSN) fiskalitatearen bilakaera hoztu dute progresibotasunari dagokionez. Lehendakariak berak harrotasunez dio «enpresen %83k Nafarroan estatuan baino zerga gutxiago ordaintzen dutela». Horrela, jarrera horrekin, Europari begiratuko dion fiskalitate justuago eta progresiboago bat izatearen egokitasunaren inguruan dagoen kontsentsu sindikalari muzin egiten dio gobernuak. Eta horrek esan nahi du bizkarra emanen diela Nafarroako gehiengo sozialaren interesei, eta ez diola lehentasun nagusietako bati erantzunen: zerbitzu publikoen hobekuntzari. Aberastasunaren banaketa funtsezkoa da Nafarroan zerbitzu publikoek behar eta merezi duten lasaitasunerako.

UPNk eta CENeko enpresariek ordezkatzen duten eskuinak okerrera egitea nahi du, egungo fiskalitatea okertu nahi dute, eta horrekin batera gure bizi eta lan baldintzak. Horrela, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen eredua eskatzen dute Nafarroarentzat. CENekin egindako bilera batean, zerbitzu publikoak hobetzea eskatzen duen Nafarroako iritzi publikoari kontra egiten ausartu zen Ayuso, sektore publikoak pribatuaren gainean duen pisua jasanezina dela esanez. Baina Nafarroako gizarteak ez du inondik inora Madrilgo bizitzarekin parekatu nahi, ez ditu Madrilgo eskola eta ospitaleak nahi; eskola eta ospitale publiko eta duinak nahi ditu, kalitatezkoak. Alegia, Nafarroak pertsona guztientzako bizitza duina nahi du, Ayusok Madrilen bermatzen ez duena, hain zuzen ere.

Beste era batera esanda, enpresaburuek (gehien dutenek eta gutxien ordaintzen dutenek) Madrilera begiratzen duten bitartean, langile klaseak (gutxien dugunok eta ekarpen handiena egiten dugunok) Europara begiratzen dugu aberastasun eta gizarte ongizatearen banaketa bilatuz.

Zergen arloko edukiei eta bozketari dagokienez, emaitza egungo gobernuaren jarreraren eta une honetan Nafarroako Parlamentuan dagoen indar korrelazioaren isla da. Beraz, premiazkoa da gehiengo sozialaren interesen alde aldatzeko beharra, eztabaida fiskalari justizia sozialeko oinarri batzuetatik aurre egiteko, zerbitzu publikoak indartzeko eta guztion bizi baldintzak hobetzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Industria sektorearen gainbeherak lan baldintzak prekarizatzen ditu eta enpleguaren kalitatea okertu

Hego Euskal Herrian 137.735 langabe zeuden 2024ko abenduan, aurreko urtean baino 37 gutxiago. Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, langabeziak gora egin du (hurrenez hurren, 367 eta 309 langabe gehiago daude). Pasa den urtearekin alderatuz, Hego Euskal Herriko langabe kopurua antzerakoa izan arren, sektoreka ezberdintasunak daude eta horrek, zuzenean eragiten du enpleguaren kalitatean.

Gutxienez 63 langile hil dira lan-istripuan 2024an

Gaur, urtarrilaren 2an, jakin dugu I.P.C. 41 urteko langilea hil zela abenduaren 30ean Zornotzako Forest Trafic SL enpresan. Hildako langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik.

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...