2024-12-19
HomeIndustriaFederazioa "Zerbitzu anitzeko enpresak Industrian, prekaritate habiak"

[IRITZIA] “Zerbitzu anitzeko enpresak Industrian, prekaritate habiak”

LABeko Industria Federazioko kide Maider Caminosek eta Imanol Rodriguezek zerbitzu anitzeko enpresei eta prekarietateari buruz idatzi dute. "Industria enpresa handiek erabiltzen dituzten tresnak dira zerbitzu enpresak, enpresa handiek sortzen duten lana beste batzuek baldintza prekarioagoetan egin dezaten", salatu dute.

Sarak 40 urte ditu eta soldatzailea da. Lana behar duenez, zerbitzu enpresa batera joan da. Enpresa horrek beste enpresa bat du sortua eta bigarren horrek hirugarren enpresa batzuentzat soldatze lanak egiten ditu. Beraz, zerbitzuetako enpresak ABLE lanak egiten ditu eta langileen eta bere enpresa guztien lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen propioa du, lanen izaera kontuan hartu gabe. Sarak, Nafarroako Metaleko hitzarmenaren araberako lan baldintzak izan beharko lituzke, baina bere enpresak hitzarmen propioa duenez, bere lan baldintzak Metaleko hitzarmenarekin alderatuta okerragoak dira. Sarak 1.800 ordu baino gehiagoko urteko lanaldia du -Nafarroako Metalak 1.695 orduko lanaldia du-, hileroko soldata 1.350 eurokoa du -Metaleko maila txikienaren azpitik-, baimenak okerragoak ditu eta horrek arazoak sortzen dizkio kontziliatzeko, behin-behineko kontratuak bata bestearen atzetik kateatzen ditu, ez du lan osasuneko formakuntzarik jasotzen, kontrata galtzeko mehatxupean bizi da eta une oro sentitzen du edozein momentutan gal dezakeela lana.

Sara langile prekarioa da eta zerbitzu anitzeko enpresa batean lan egitearen ondorioak pairatzen ditu. Baina Sararena ez da salbuespena.

Industriak bizi dituen aldaketa prozesuen barruan, gero eta ugariagoak dira Industria sektorean bere ekinbidea garatzen duten zerbitzu enpresak. Badira ikerketak esaten dutenak Industrian enpresen %90 inguruk kontratatzen dituztela halako zerbitzu enpresak.

Eta zergatik dira hain arrakastatsuak? Outsourcing bezalako terminoak erabiltzen badira ere jardueren kanpora ateratze eta azpikontratazioa izendatzeko, egiazki, egokiagoa litzateke lan produktiboaren prekarizaioaz arituko bagina. Industria enpresa handiek erabiltzen dituzten tresnak baitira zerbitzu enpresak, enpresa handiek sortzen duten lana beste batzuek baldintza prekarioagoetan egin dezaten. Zerbitzu enpresei hitzarmen okerragoak aplikatzen zaizkie eta. Halako enpresen ugaritzea 2012ko lan erreformaren inposizioarekin etorri zen, enpresa eremuan lan baldintzak okertzeko atea ireki baizen.

Zerbitzu enpresetako langileek, haien soldatak enpresa nagusiko langileen soldaten azpitik daudela sufritzeaz gain, disponibilitatea eta erabateko malgutasuna izan beharra dute bezeroen beharrei aurre egiteko. Horrekin batera urteko lanaldiak oso altuak dituzte, aplikatu beharko litzaieken hitzarmenetatik oso urrun. Elementu horiekin, familia kontziliazioa oso zaila da eta langileen txandakatzea altua da.

Prekaritatea, malgutasuna, istripuak izateko aukerak biderkatzen dituzten lanak egin behar izatea… azpikontratatutako langile bati, besteen aldera, lan istripu bat pairatzeko aukerak halako hiru handitzen zaizkio. Egoera hori enpresa nagusiak zein azpikontratautakoak prebentzioan duten erantzunkizunari muzin egitetik sortzen da. Baldintza horiekin, gainera, gertatzen diren istripu asko ez dira salatzen eta horrek istripuak ekiditeko neurri eraginkorrak ezartzea zailtzen du.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa egiten da langileak sindikalki antolatzea. Bakarka oso ahulak dira, baina kolektiboki martxan jar daitezkeen borrokak emaitzak eman ditzake. Hori da LAB-en egin duguna Aniser Facility enpresako langileekin. Enpresa hori Eurofirms taldearen barruan dago eta, aldi berean, Euroestampaciones S.A enpresarentzat lan egiten du.

Maiatzaren bukaeran, greba deialdi baten ostean, Eurofirms taldearekin aurreakordio bat sinatu zen langileen lan baldintzak nabarmen hobetzen dituena. analdia 64 ordutan murriztea lortu da, bajen estaldura, kontratuen %80eko behin betikotasuna… Eta guretzat garrantzi handiko eskaera zena: Nafarroako Metaleko hitzarmenarekiko lotura, nahiz eta jakin asko hobetu beharreko hitzarmena dela.

Batasun eta sendotasun handiko borroka izan da eta beste behin ere argi geratu da gure eskubideen bermerako bide bakarra borroka tinkoa dela.

Azken helburua langileen kontratazioa baldintza duinetan ematea eta beraz zerbitzuen kanpora ateratzea amaitzea dela jakinda ere, zerbitzu enpresak duintasun eta antolakuntza habi bihurtu behar ditugu, “Sara” guztiek lan eta bizitza duinak izan ditzaten. LAB-en, erronka horri eutsiko diogu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.