2024-12-18
HomeLAB SindikatuaLAB "Sindikalismoa eta burujabetza prozesua"

[IRITZIA] “Sindikalismoa eta burujabetza prozesua”

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok sindikalismoa eta burujabetza prozesuari buruz idatzi du.

Duela urtebete, 2017ko irailean, Katalunian gertatzen ari zenari begira ginen. Euskal herritar askok nahi genuen gure herrian ere aldaketa politiko eta sozialerako prozesua abiatzea. Saiakerak egin arren, ez zen lortzen. Ipar Euskal Herrian udalen mankomunitatearen sorreraren lekuko izan ginen, gertaera historikoa, eskuduntza mugatuak izan arren, subjektu propio bat instituzionalizatzea zekarrelako. Nafarroan Erregimenaren aurrean aldaketa instituzionala finkatzen ari zen, baina Geroa Bai-k, patronalarekiko adeitsu, aldaketa sozialari galga jartzen zion. EAEn EAJ-PSE-PP hirukoak gobernatzen zuen, atzeraldian ziren politika publiko batzuekin, eta etorkizun argirik gabeko Autogobernu Batzordearekin. Eta bitartean, euskal langile klasearen lan eta bizi baldintzek okertzen jarraitzen zuten, Estatu biek ezarritako erreformen markoan eta lan harremanen zentralizazio-estatalizazioarekin.

Testuinguru hartan, irailaren 4an, aldebakarreko burujabetza prozesu sozialaren aldeko Adierazpen mamitsu batekin, LAB eta ELA sindikatuek panoraman eragiteko gure borondatea adierazi genuen, konpromiso hauekin: estatalizazioaren aurka, marko laboral propioaren alde eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan jasotako norabidean, politika publikoak aldatzeko borrokatzea; agenda soziala lehenetsiko duten ezkerreko aliantzen alde egitea; inboluzio zentralizatzailea salatzea; afera konpetentzialak lantzen diren eremu instituzionaletan eragitea, aldebakarreko burujabetza prozesua martxan jartzea, eduki sozial argiarekin, estatus politiko eta instituzional berri bat defendatu eta lortzea ahalbidetuz.

Geroztik hainbat gertakari izan dira: prekarietatearen kontra lantokietan konfrontatzeko gaitasuna handitzea, EAEko estatus berriari buruzko eztabaida, edota jendartean masa mugimendu sozial berritu batzuk azaleratzea (feminismoa, pentsiodunak, Gure Esku Dago, Altsasu). Horiei esker eztabaida politiko eta sozialaren erdian kokatu dira autodefentsa feminista, soldata arrakalaren aurkako borroka, 1080 euroko gutxieneko pentsioak, eremu guztietan erabakitzeko eskubidea, edota justizia espainiarraren gabezia larriak. Sakoneko korronte horrek balio estrategikoa du Euskal Herrian ezkerreko alternatiba eraikitzeko.

Instituzionalki berritasun handiena EAEn gertatu da, Legebiltzarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko burujabe gisa aitortzen dituen estatus berri baterako oinarriak onartu dira. Burujabetza ikuspuntutik EAEn inoiz ezagutu gabeko proiekzioa egiten du, Ibarretxe Plana edo Kataluniako Parlamentuak 2005ean onartutako lehen Estatut-a baino harago doa. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) artikulatzea ahalbidetzen du, gehiego sindikalaren aldarrikapen historikoa, alegia.

LHBSEEaren marko autonomoa inolako injerentziarik gabe sortzeko aukera izateko desiragarria litzateke zehaztapen maila handiagoa behar da, EAEren eskumena esplizituki jasoz. Eta behar da ere parte-hartze prozesu zabalago bat, langileen interesak kontutan hartzen direla ziurtatzeko.

Orain, testuinguruan dago jarrita arreta. Autogobernu Ponentzian erdietsitako akordioa ezustekoa izan da, bereziki kontraesankorra delako EAJk azken urte luzeetan Confebaskekin izan duen interes batasunarekiko eta lehenetsi izan duen unionismoarekiko.

Ez dago aukerarik espainiar Estatuak aipatu estatusa onartzeko, eta horren aurrean etorkizunari begira bi hipotesi nagusi daude: bata, Estatuarekin konfrontazioa burujabetza klabeetan, Kataluniako independentismoarekin elkar hartuta, 78ko Erregimena gainditzeko; eta bestea, Akordioa bertan behera uztea, izan Sabin Etxean, izan Madrilen. Confebaskek eta Urkulluk dute interesik handiena guztia ezerezean uzteko, marko espainolean beren politika neoliberalak garatzea askoz erosozagoa baitzaie.

Garaia da sindikalismo soberanista martxan jartzeko, borroka ideologikorako eta mobilizaziorako dituen baliabide guztiekin, baita, zergatik ez, Greba Orokorra ere, bi norabidetan: batetik, lantokietan prekarietatearen kontrako konfrontazioa elikatzea eta, bestetik, mugimendu sozialekin indarrak batuz, prekarietatea desagerrarazteko beharrezkoak diren neurri estrukturalen alde egitea, beti ere instituzioak eta klase politikoa presionatuz.

Momentua da LAB eta ELAren Adierazpena garatzeko; gure esku dago hori egitea. ELAk, ordea, egokiago jo du guda zelaitik erretiratzea, erabaki du hobe duela gatazka zehatz batzuk mediatikoki proiektatzera mugatu. Enpresa eta sektoreetako borroka jakinek balio handia dute, lorpen zehatzak, kontzientziazio eta boteretze handia sortzen dutelako. Pasa den kurtsoan LABek 120 borrokatan hartu zuen parte, eta erdia baino gehiagotan egin genuen greba. Hori horrela izanik ere, batasun sindikalik ezean, euskal langile klasearen gehiengoarentzat egiturazko alternatiba bat sortzea ezinezkoa da.

Nahi badugu benetan gure borroka sindikalarekin Patronala kezkatu eta aldaketa politiko eta soziala eragin, beharrezkoa dugu batasun sindikal soberanista, soziopolitikoa eta kontraboterezkoa garatzea. ELAk uko egin dio bide horri eta argudio ahulak eta kontraesankorrak baliatu ditu bere erabakia zuritzeko. Kea sortzeaz harago, batzuei eta besteei egiten dizkien kritika hutsaletatik harago, eta onenak emanda dagoen EAJ eta ELAren arteko dialektikaz harago, argi dago LAB eta ELAren arteko ekintza batasun ezarekin nork irabazten duen: eskuin politikoak eta euskal neoliberalek, Urkulluk eta Confebaskek.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.