2024-12-23
HomeErrepresioa "Injustiziak 47 aurpegi gehiago ditu"

[IRITZIA] “Injustiziak 47 aurpegi gehiago ditu”

LAB sindikatuko arlo juridikoko kideek 11/13 auzian auzipetutako 47 lagunei elkartasuna eta babesa adierazi diete, eta irailaren 14ko Bilboko manifestazioarekin bat egin dute.

Hauek dira iritzi artikuluaren sinatzaileak: 
Ainhize Muniozguren, Diego Gonzalez, Jone Iturrate, Alfonso Lopez de Alda, Lorea Porres, Lara Salceda, Maider Mendizabal, Amaia Ramon, Eñaut Bilbao, Garazi Mendoza, Nerea Lekue, Iraide Juaristi, Urtzi Gorostiaga, Maialen Bergara, Jesus Gutierrez, Aritz Tellitu, Oier Bilbao, Agapito Valle, Alex Azpiri, Alatz Barcenas, Amaia Gomez, Maider Portoles, Bittor Canales, Arantza Uriondo, Mikel Von Wichmann, Haizea Nuñez, Arritxu Larrañaga, Irati Suarez, Alaia Baseta, Onintza Irigoien, Olatz Arostegi, Aritz Ezeiza, Anitz Eskisabel, Eztizen Agirresarobe, Juantxo Barkos, Ainhoa De Miguel, Arantza Bidondo, Jon Arrazola, Edurne Visiers, Andoni San Miguel, Peio Garcia, Argi Zandueta, Nuria Esparza, Nerea Makuso.

Hauxe da idatzia:
Idatzi hau hasi nahi dugu gure babes eta elkartasun osoa adieraziz 11/13 auzian auzipetuak izanik epaituak izango zareten lagunei, ondoan gaituzue eta izango. Eta horrekin batera, gure elkartasuna eta babesa azaldu nahi dizuegu auzi hau gertuenetik pairatuko duzuenoi ere, auzipetuen senide eta gertuenekoei.

Auzi injustu honetan giza eskubideen alde egin duzuen lana izango da epaitua. Ongi dakigu espainiar auzitegiek justizia paralelo bat dutela, baina euskal herritarrok, herriak, egina dugu gure epaia, eta zuek egin duzuen lana balioan jarri eta eskertzea da. Mila esker herri honetako gatazka politikoen ondorioz preso eta erbesteratuak izan diren herritarren eskubideak bermatuak izan daitezen lanean jarduteagatik.

Prozesu honekin, ordea, ez dute soilik 47 auzipetuek eginiko lana eta jarduna epaitu nahi. Euskal herritarrok ozen eta determinazioz adierazi eta babestu dugu preso eta errefuxiatuen eskubideen aldeko aldarria, horren adibide izanik urtez urte urtarrilean egiten den herri ekimen jendetsua. Horregatik, auzi honek epaitu nahi duena jardunbide zehatz batetik haratago doa: herri aldarri zein elkartasun eta babes sareak dira epaituak izango direnak.

Ukaezina da auzibide honek iraganera garamatzan sentipen herritarra. Gaindituak uste eta nahi genituen egoerekin topatzera ekarri gaitu berriz ere, baina horrek ez du aldatuko gure iparra, langintza eta jarduna, IrtenBidera elkarrekin egiteko dugun bidean sakontzea hain zuzen.

Idatzi honetan aipatu nahi zaituztegu espresuki LAB sindikatuaren parte, bereziki arlo juridikoaren parte zareten edo izan zareten kideok ere, Imanol, Eukene eta Ane. Jakin gure babes osoa duzuela, togarekin eta togarik gabe, auzitegietan zein kalean.

Bestalde, LABeko arlo juridikoko kideok bereziki salatu nahi dugu abokatu gisara lan egiteagatik auzipetuak izan diren kideen egoera. Beren lan profesionala egiteagatik izango dira epaituak, defentsa juridikoan jarduteagatik. Onartezina da! Irmoki salatu nahi dugu kide profesional ditugun lankide hauen egoera, eta gonbit egin nahi diegu arlo juridikoan diharduten bestelako kideei, abokatu, aholkulari, prokuradore zein maila akademikoan dihardutenei, eta bereziki Elkargo ezberdinei, salaketa honekin bat egitera eta abokatutzaren arlotik ere dagozkion adierazpen eta ekimenak egitera.

Amaitzeko, bat egin nahi dugu auzipetuek eginiko deialdi zabalarekin, irailaren 14an Bilbon izango den manifestazio erraldoiarekin. Batzuek horrela nahi ez izan arren, IrtenBidera begira gaude eta honen bidean lan egiteko prestu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...