2024-12-22
HomeLAB SindikatuaLAB "Greba Orokorraren hitzordua Bizkaian"

[IRITZIA] “Greba Orokorraren hitzordua Bizkaian”

Mikel Alvarez, Erika Bilbao, Dabid Lizarralde, Agustin Figal, Josune Eroa, Garazi Biteri, Kris Alvarez eta Ion Basurko LABeko kideek Greba Orokorrera jotzeko arrazoiei buruz idatzi dute, Bizkaiko errealitatea oinarri.

Urtarrilaren 30ean zita bat daukagu Bilboko kaleak betetzeko. Pentsionistek eta bestelako eragile sozial eta sindikalen aldarrikapenen konfluentzia irudikatzeaz eta aldarrikapenak plazaratzeaz gain, aldaketa sozialaren alde dagoen herri bizi bat dagoela erakustea dagokigu.

Kapitalak inposatu nahi digun ereduaren aurrean altenatiba sozial bat eraikitzeko prest dagoen herri bat, langile klase bat alegia. EAJren eta PSEren gestio eredua da, hain zuzen ere, kapitalaren proiektuaren lehenengo lubakia. Baina badago herri honetan gehiengo sozial bat diskurtso teknokrata eta postpolitikoak onartzen ez dituena, errekurtso publikoak gutxi batzuen eskuetan uzteko mozorroa besterik ez dela badakiena.

Sinestarazi nahi digute “gestio” deitzen dioten eredu hori dela bide bakarra eta Euskal Herriko etorkizun ekonomikoa publikoaren subkontratazioan sakontzean, zaintza lanen eta lan erreproduktiboen sostengaezinean, eredu produktiboaren tertziarizazio eta nazioartekotzean, inbertsio funtsen eskuetan edota “lan kostuen” murrizketan dagoela. Preseski, Bizkaia da paradigma hori modu argian barnebiltzen duen herrialdea.

Eredu arrakastatsu bezala aurkezten digute, baina gezurra da; oinarri ahulak eta sostengaezinak dituen eredua da, geroz eta pertsona gehiago prekarietatera, pobreziara eta bazterketa sozialera kondenatzen dituena eta gainera, babes sozialeko eremuan murrizketak besterik planteatzen ez dituena. Horren adibide garbia da DSBEren inguruan Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaida. Ezin dugu ahaztu Bilbo Handian Euskal Herriko pobrezia eta prekarietate tasa handiena bizi daudela eta instituzioek, errealitate horren aurrean, beste alde batera begiratzen dutela.

Horregatik uste dugu urtarrilaren 30ean aukera bat dugula, behintzat egun batez, instituzioei boterearen monopolioa kentzeko eta kaleari itzultzeko, langile klase antolatuari, mugimendu sozialei. Boterea jendeari bueltatu behar diogu ortzimuga berri bat eratzeko. Politikoaren zentzua zabaldu eta eliteen ekintzetatik haratago kokatu behar dugu, demokraziaren, burujabetzaren, justizia sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen balioa dimentsionatu gure bizitzako esparru guztietan, izan politikoa, ekonomikoa edo soziala. Bide horretan, determinantea da hiria borrokarako esparru bezala ulertzea, izan ere, bertan markatzen dira Euskal Herriko tendentzia politiko eta sozialak. Greba Orokor hau, hain zuzen ere, ez da ulertzen Bilboko kaleetan azkeneko urteetan gertatu denaren argazki bat izan gabe.

Oinarri sendoak egon badaude ofentsiba ziklo bati ekiteko. Mobilizazio soziala eta gatazka sindikala modu nabarian ugaritu da gure herrialdean; mugimendu feministaren mobilizazioak gure esparrutik haratago ere erreferente bilakatu dira eta mugimendu soziala ulertzeko prismak aldatu ditu, hainbat borroka ikusgai bihurtuz. Gatazka sindikala ere goraka doa eta horren adibide garbia izan da metaleko borroka, zeinak erakutsi digun EAJ-CONFEBASK ereduari irabaztea posible dela. Gainera, ezin dugu ahaztu geroz eta sektore gehiago aktibatzen daudela euren eskubideen defentsan eta gainera, ekintza sindikal klasikotik haratago doazen eskariak ere integratzen hasiak direla negoziazio kolektiboan: subkontratazioari frenoa jartzeko neurriak, kontziliazioa bermatzeko neurriak, kontratazioan ematen den diskriminazioarekin bukatzeko neurriak… Esan bezala, orain arte oso ikusgarriak izan ez diren langileak dira borroka konkretuak artikulatu dituzten horiek, esate baterako, etxez etxeko laguntzako langileak, hezkuntza kontzertatukoak, polikiroldegietakoak edota bulegoetakoak.

Kapitalak hiria etekinak maximizatzeko helburuarekin diseinatzen du eta horrek erlazio zuzena dauka lan harremanetako fenomeno berriekin eta enpleguaren esferan ematen ari diren prozesuekin. Uberizazioa da adibide garbiena. Greba Orokor honek, langile klasearen sektore prekarizatuenak subjektu eraldatzaile berri baten baitan integratzeko helburua duen heinean, katebegi horren kontra egiten du ere. Horren seinale da “Riders X Derechos” plataformak grebaren alde atera izana.

Baina belaunaldi zaharrak dira duintasun lezio bat eman diguna. Belaunaldi hori izan den Francoren heriotzaren bueltan gaur egun ditugun eskubideak irabazi zituena, desindustrializazioaren kontra borrokatu zuena, Euskaldunan eta Labe Garaietan presente egon zena, lan erreforma felipisten kontra altxatu zena… Bizkaiko Pentsionisten Mugimendua izan da, hari horri jarraiki, Euskal Herriko eta estatu guztiko abangoardia. Pentsioen %0,25aren igoera lotsagarria oinarri hartuta, kapaza izan da pentsio publikoen defentsan fokua jartzeko; baina ez hori bakarrik, izan ere, eredu produktiboaren, lan harremanen edota babes sozialeko neurrien inguruko bideorri bat ere marraztu dute, denontzako bizitza duina bermatzea helburu duena.

Jende askok pentsatu dezake estatuko beste lekuetan baina hobeto bizi garela eta gainera, gobernu “progresistarekin” aukera berriak irekitzen direnez, Greba Orokorrak zentzurik ez duela. Urtarrilaren 30eko greba langileon bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin deitu da. Greba Orokorra, lemak ondo azaltzen duen bezala, bizitza duin bat izateko dugun eskubidea gauzatzeko egiten da. Zentzu horretan, pentsionisten mugimenduak gauza bat irakatsi badigu, hau izan da: beti ofentsibara jokatu behar dela eta klabe propositiboetan. Kalea ezin dugu soilik hartu murrizketak daudenean edota gure eskubideak erasotzen dituztenean. Eskemari buelta eman behar diogu. Ustezko testuinguru “progresista” batean gaude milaka eta milaka pertsona mobilizatu eta antolatu direlako. Ezin dugu kapital politiko hori galdu, kontrakoa baizik: mobilizazioa indartu eta gure eskalara ekarri behar dugu. Ereduen arteko talka eremu guztietan erreproduzitu behar dugu eta Bizkaian gure erronka propioa daukagu, seguruenik Euskal Herriko langileon etorkizuna determinatuko duena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...