2024-12-22
HomeLAB SindikatuaLAB "Greba egun bat baino gehiago"

[IRITZIA] “Greba egun bat baino gehiago”

LAB sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok urtarrilaren 30eko Greba Orokorrari buruz idatzi du, biharko egun historikoaren atarian.

Urtarrilaren 30ekoa greba egun bat baino gehiago da. Horrela ulertu dute grebarekin bat egin duten 1.200 enpresa batzordeek, ehunka eragile sozialek nahiz herriz herri sortutako 172 greba batzordetan parte hartzen ari diren herritarrek. Afera ez da (soilik) urtarrilaren 30ean greba egin eta mobilizazioetan parte hartzea; 30ean greba eginez, euskal langileoi ezarritako lan eta bizi baldintzen prekarizazioari muga jarri eta eraldaketarako herri agendari hauspoa ematea da erronka.

Batasunaren greba da 30ekoa, zentzu bikoitzean. Batetik, langileria osatzen duten sektore guztiak subjektu anitz eta era berean batuan egituratzeko bidean urrats berria da, sindikalizatutako ohiko eremuetatik harago. Klase subjektua berrosatzeko beharraz mintzatu ginen 2017an egindako LABen Biltzar Nagusian eta hitzetatik ekintzetara pasa gara: etxeko langileen hitzarmena sortzeko proposamena, landa eremuko esplotazioaren salaketa (Huerta de Peraltako adibidearekin), Nafarroako Glovoko langileentzat Gizarte Segurantzaren aitortza, Ekintza Sozialeko egituraren garapena, zaintzaileen sarearen antolaketa, informazio eta borrokarako tresna berrien sorrera (Bizilan.eus, Pikete Feminista, Piztu Alarma). Kapitalak sakabanaturik, ahul, erreferentziarik gabe nahi gaitu; sindikalismoa birpentsatu eta langile tresna eraginkorrean bilakatzen ari gara.

Bestetik, urtarrilaren 30ekoa batasunaren greba da, eraldaketaren aldeko mugimendu sozial desberdinen arteko aliantzak sendotzeko mugarri izango delako. Mugimendu feministak azken urteetan garatutako lidergoarekin, pentsiodunen mugimenduak bi urte luzez erakutsitako konpromiso nekaezinarekin eta borroka-fronte berrituen hazkunde zantzu argiekin batera (gazte mugimendua, borroka ekosozialista, langile migranteekiko elkartasuna), borroka sindikalen suspertzea ere nabarmentzen ari da, sektore feminizatuko borrokek (zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa), Bizkaiko metalgintzan lortutako garaipenak nahiz LABek parte hartzen duen 120 borroka sindikal baino gehiagok erakusten duten bezala. Krisi sistemikotik elikatzen ari den (neo)faxismoaren goraldiarekiko kontrako norabidean, Euskal Herrian berdintasuna, elkartasuna eta askapena aldarrikatzen duen korronte soziala indartzen ari da.

Batzuen eta besteen ekarpen teoriko-praktikoak uztartuz, menpekotasun nazionalarekiko, Kapitalaren diktadurarekiko eta (hetero)Patriarkatuaren nagusikeriarekiko alternatiba estrategikoa gorpuzten ari gara. Esan dezakegu duela bost urte Eskubide Sozialen Kartaren osaketa prozesuan egindako ariketa, eraldaketarako ortzimuga estrategiko eta programa taktiko bateratu bat osatzea, berritzen eta sakontzen ari garela batzuen eta besteen ekarpenen bidez. Urtarrilaren 30eko grebak, zehazki, aberastasunaren banaketaren aldeko ardatza indartzeko balioko du, pentsioa, soldata, lanaldia, kontratazioa, emakumeei* ezarritako arrakalak, oinarrizko errenta edota etxebizitza bezalako funtsezko borroka-esparruetan; eta greba egunetik harago eduki horiek borrokatzen jarraitzeko bideak irekiko ditu: lantoki nahiz sektoreko borrokak, langile guztiei eragingo liokeen akordio intersektoriala, politika publiko hegemonikoen aldaketa.

Baina gainera, urtarrilaren 30eko grebak badu beste balore bat: aipatutako ikuspegi sozial anitzetik abiatuta, indarrean den ordenamendu juridiko-politikoa auzitan jarri eta botere politikoa lehiatzera doa. Espainia eta Frantziako Gobernuek administratutako Kapitalaren diktaduraren aurrean, euskal herritar guztioi lan, pentsio eta bizi duina bermatuko dion burujabetza esparrua aldarrikatzen du. Honela bada, 78ko Erregimenaren kudeaketarako bi hipotesi sistemikoen aurrean (inboluzioa ala mugatutako erreforma), hirugarren hipotesi estrategiko bat marrazten du Greba Orokorrak, hots, herri burujabetzaren bidea, Euskal Errepublika (eko)sozialista eta feministaren norabidean. Egon badaude horretarako osagaiak, orain modu eraginkorrean antolatzea dagokigu, eremu sozialaren eta politikoaren arteko dialektika eraginkorra garatuz.

Grebaren potentziala ikusita, Patronala nahiz 78ko erregimeneko alderdiak haren kontrako estrategia martxan jarri dute, euren nagusitasuna kolokan jartzen duen aldetik; eta estrategia horrekin bat egin dute ere UGT, CCOO eta (EAEko) Podemosek ere, nagusitasun hori ontzat ematea erabaki baitute. Eragile horiek guztiek jakin badakite 30ekoa greba egun bat baino gehiago dela. Izan ere, Madrileko Gobernuak zer egin lezakeenaren zain egon beharrean, urtarrilaren 30eko grebak euskal langileok egin dezakegun horretan jartzen du arreta. Eta asko da egin dezakeguna: posible denaren mugak zabaldu egin ditzakegu, historikoki langile mugimenduak nahiz bestelako mugimendu askatzaileek egin izan duten bezala. Egin dezagun.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...