2024-11-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntza "Eskoletara itzuleran reset"

[IRITZIA] “Eskoletara itzuleran reset”

LAB Irakaskuntzako kide Lorea Igartuak, Irati Tobarrek eta Ibai Redondok eskoletara itzulerari buruz idatzi dute. "Ezin dugu besterik gabe jatorri edo maila ekonomikoagatik segregatzen duen hezkuntza sistemara itzulera onartu. Ikasle guztien eskubideak onartuko dituen hezkuntza inklusiboa eraikitzea izan behar da bueltan", nabarmendu dute.

Normala: «ohiko arauak jarraitzen dituena». Hezkuntzara ekarrita, «normaltasunera itzulera» ohiko hezkuntza sistemara itzultzea litzateke. Hau da administrazio autonomiko zein gobernu zentralek duten zerumuga, normaltasuna. Baina zein normaltasunetara itzuli behar gara? Are gehiago nola itzuli behar gara normaltasunera? LABen ustez, ez gara erabat anormala den normaltasun zaharrera itzuli behar, are eta gutxiago korrika eta presaka.

Azkar
Erkoreka eta Murgaren hitzetan «lanera bueltatu ikasleei disziplina soziala zer den erakustera», lanean egongo ez bagina bezala! Azkar eta gaizki itzuli nahi dute betikora, langileon osasunaren gainetik, produkzioa, negozioa eta boterean jarraitzeko. Ikasleen eta haurren aniztasuna zein behar pedagogiko eta emozionalak kontuan izan gabe, haur hezkuntzako haur eta bereziki 0-3 urte bitarteko haurrak, zein behar bereziak dituzten ikasleak «non utzi», «non aparkatu» bilatuz. Kontziliazio faltsuaren izenean. Langileon kontziliaziorako, zaintzarako baimen ordainduak non daude?

Normaltasun eredu hau, erabat produktibista, neoliberala eta heteropatriarkala da, bizitzek ez dute ezer balio, ez dira helburua, tresna dira, tresnak gara. Helmugarik ez duen hezkuntza, helmugarik ez duen trena bezalakoa da. Hezkuntzaren trena Euskal Herrian deskarrilatua dago, norabide eta norantzarik gabe, iparra galduta.

Gaurkoan eskolara buelta ikuspegi pedagogikotik aztertuko dugu, ahaztu gabe, bueltatzen garenean, osasun berme guztiekin egin behar dugula

Reset
«Eskola leku eder eta eroso bat izan behar da, jakintza, gaitasun eta konpetentziak eskuratzeko», Francesco Tonucci.
Ordenagailu eta pantailetan elkar ikusi dugu azken asteotan ikasle, irakasle, hezitzaile, guraso eta hezkuntzako langileok. Arduraz aritu gara anormaltasunean heziz. Gure burua zoriontzea merezi dugu, ahaztu gabe, milaka ikaslek ezin izan dutela pantailaren atzean egon, arrakala digitala ere pairatzen dutelako pobrezia ekonomikoa pairatzen duten ikasle askok. Edo sinpleki ikasle denek ezin dutelako pantaila baten atzean orduak eta orduak egon.

Era berean, milaka ordezkori debekatu egin digute lan egitea. Pantailaren atzean ez gara egon ezta sukaldari, garbitzaile, administrari eta atezainak ere, guk ere funtsezko lanak egiten ditugu gure ikastetxeetan, administrazioek oraingoan, lehenengo lerroan kokatu gaituzte, covid-19aren aurkako borrokan edo Lanbidekoan, langabeziakoan. Guk ez dugu nahi, bigarren mailako ikasle eta langileak mailakatzen dituen normaltasunera itzultzea. Reset egiteko ordua da. Hezkuntzako langileon lana aitortuz, lan baldintzak errespetatuz, ikasleen aniztasuna oinarrizko ardatz izanik eta arrakala sozioekonomikoak bizi dituzten milaka ikasleen elikadura eta hezkuntza eskubideak bermatuz.

Ezin dugu besterik gabe jatorri edo maila ekonomikoagatik segregatzen duen hezkuntza sistemara itzulera onartu. Ikasle guztien eskubideak onartuko dituen hezkuntza inklusiboa eraikitzea izan behar da bueltan. Jatorria, arraza, adina, sexua, hizkuntza, egoera ekonomikoa edo aniztasun funtzionalagatik inor bazterrean utziko ez duen hezkuntzara bueltatu nahi dugu. Itzuleran kontuan hartu ikasle askok ezin izan dutela eskolen martxa jarraitu, itzuleran frenatu eta ikasle guztiekin batera egin behar dugu aurrera.

Euskararen ezagutza eta erabileraren azken ikerketek diote kalitatea izugarri jaitsi dela. Ikasle guztiek euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubide bera dute, hizkuntza ereduak gainditu eta euskaran ardaztutako murgiltze eredua premia bizikoa da. Baina itzulera honetan gogoan izan behar dugu, ikasle gehienek, etxean ez dutela izan aukerarik euskaraz aritzeko. Beraz, eskolara bueltan euskara ez dadila izan soilik aditz, sintaxi edo azterketa bat, izan dadila nagusiki elkarrekin komunikatu, jolastu, gozatu eta bizitzeko tresna. Euskara erlazionatu dezatela besteak beste gozamenarekin, euskal kulturarekin, kirolarekin, aisialdiarekin. Gozatu gabe ezin da ikasi, ezta hizkuntza ere.

Norabide berean, eskolara buelta ezin da azterketa, kalifikazio, zein eskola magistraletara itzultzea izan. Buelta ezin da trauma bat bilakatu, kontrakoa, egokitzapen aldia egon behar da, konfinamenduak gure ikasleetan utzi dituen zauri, orban eta ezinegonak gainditzen laguntzeko izan behar du. Ikasleak bilakatu behar ditugu ikasketa prozesuaren subjektu eta protagonista. Ebaluazioa bera ezin da bilakatu amesgaizto. Ebaluazioa ez da azterketa edo nota bat, ebaluatzea ikaslea ikasketa prozesuaren jabe egitea da eta egoera berezi honetan ikaslea ondo dagoen ebaluatzetik hasi behar gara. Ikaslea, irakaslea, hezitzailea ondo egon behar dira hezkuntza prozesua arrakastatsua izango bada. Adostu dezagun hezkuntza komunitateko kideok zer, nola eta zertarako ikasi eta ebaluatu, eredu inposatuetatik aske eta elkar-lanean.

Covid-19aren testuinguru sanitarioan, berriro ere ratioak jaistearen eta hezkuntzako langile gehiagoren beharra areagotu da. Ikuspegi sanitario eta pedagogikotik ratioen jaitsiera orokor eta iraunkorra beharrezkoa da; garbitzaileok ditugun garbiketa ratioetatik hasi, orain arte lan ikusezina eta ezinbestekoa bilatu dena, sukaldariok eta jan geletako begiraleok ditugun ikasleen ratioekin jarraitu eta hezitzaile zein irakasleok ditugunetara; horretarako langile gehiago behar dira.

Bukatzeko, ez dugu normaltasun hetero-patriarkalera itzuli nahi ere. Kontziliazio neurriak ezin dira soilik emakumeok enplegua eta zaintza lanak egiteko bide izan, neurri integralak behar ditugu, zaintza-lanak dohainik egiten jarraitu ez dezagun. Bide batez, hezkuntza eremuan feminizaturiko lan guztiak zein langileon lan-baldintzak duindu behar ditugu. Gu gara ikastetxeetan zaintza-lanak egiten ditugunak eta behingoz gure lanek duten balio sozial eta ekonomikoa aitortu behar da. Eskola ez dadila izan eredu hauek erreproduzitzeko tresna.

Eskolara buelta, izan dadila urrats sendo bat burujabetzarantz, Euskal Eskola Publiko Komunitariorantz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.