2024-12-18
HomeEkintza Sindikala: Osasun Mentala Osakidetzan

[IRITZIA]: Osasun Mentala Osakidetzan

Urriaren 10ean da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Bezperan, Ainhoa Gutierrez San Torkuatoren iritzi-artikulua dakargu hona. LABeko delegatua da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarean.

Zein polita geratzen den egutegian halako egunak jartzea! Eta zein polita instituzioentzat eta komunikabideentzat halako egunaz egunean berean hitz egitea eta urte osoan berriz ahaztutzat ematea.

Atzo, gaur eta bihar, LAB sindikatuarentzat osasun mental publiko eta duin baten aldeko egunak dira.

Aurtengo leloa “Lana eta osasun mentala, funtsezko lotura” da.

Lana duin eta baldintza egokietan izatea ezinbestekoa da gure osasunarentzat. Eta Osakidetzan halakorik ez da gertatzen. Estresa, ratio ez egokiak, baldintza psikosozialen ebaluazio eza, gure eskubideen errespetu eskasa, lan zentroen egokitzapenetan dauden inbertsio ezak, amiantozko eraikinetan lan egitera behartuta egotea, zaintzaile garen heinean gure zaintza bigarren lerrora egotera kondenatuak, eta abar dira gaur egungo arazoak.

Osakidetzak ez du gure osasun mentala zaintzen. Ez langileona ezta gizartearena ere. Ez du prebentzioa lehenesten eta profesional falta izugarria du. Europa mailan, erkidegoa atzeko postuetan dago. Adibide bat jartzearren, Munduko Osasun Erakundeak 100.000 biztanleko 20 psikologo behar direla dio, gurean soilik 6 dira, eta hauetako batek gaixotasun baja, amatasun edo aitatasun lizentzia edo oprrak hartzen dituenean ez dute beste batekin ordezkatzen. Itxaron zerrendak amaigabeak dira eta batzuetan gaitzak ezin du itxaron.

Arduragabekeriaz ari da jokatzen Osakidetza Osasun Mentalean. Gero eta behar gehiago dagoenean, gero eta diru gutxiago inbertitzen du. Herrietan dauden Osasun Zentroetara joatea besterik ez dugu egia diogula baieztatzeko. Erratza gordetzen den lekua hustu eta bertan Gizarte Langilea izatea ez da bidezkoa. Leihorik gabe, mugitzeko espaziorik gabe, pertsonak artatzeko lekurik eta baldintzarik gabe…Horrela gaitu Osakidetzak. Zulo txiki eta ez egokietan. Hori da Osakidetzarentzat Osasun Mentala. Ikusiezina egin nahi duen errealitate bat. Pribatizaziora bideratu nahi duen beste atal bat.

Bestalde, arazo larria dugu gizartean estigmatizazio eta bazterkeriarekin. Osasun Mentaleko arazoak dituztenek askoz zailago (edo kasu askotan ezinezko) dute lana aurkitzea. Ezin ditugu gizarteratu, eta beraientzat ezinbestekoa da hau betirako kondenatuak izan ez daitezen
Ez ditugu gazteak aipatu gabe utzi nahi. Gero eta Osasun Mentaleko arazo gehiago dituzte dugun gizarte formatuaren ondorioz. Izan adikzioak, izan antsietate edo depresioak, bakardade sentimenduak edo etorkizun ikuspegi ezak… gazte askok laguntza behar dutela oihu egiten digute. Ezin diegu entzungor egin haien eskariei. Haiek dira etorkizuna eta haien gaurko ongizatea izango da gure/denon geroa
LABek argi du. Egoerari buelta eman behar zaio. Langileen bizi baldintzak hobetzeko izango gara lanean egunero, baina ahaztu gabe gizartearen parte garela eta gure Osasun Mentala ere jokoan dagoela.

Atzo, gaur eta bihar ere gure lehentasuna izaten jarraituko du Osasun Mental Publiko eta duin baten alde borrokatzeak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.