2024-12-22
HomeIdazkaritzakEuskara Idazkaritza "Negu gorriak euskarazko hezkuntzan"

[IRITZIA] “Negu gorriak euskarazko hezkuntzan”

LABeko Hezkuntza Politikako kide Izarne Zelaiak, Irati Tobarrek eta Ibai Redondok euskal eskola publiko komunitarioari buruz idatzi dute: “Euskaldunon eta euskaltzaleon ardura da, behetik gora, auzolanean, elkarlanean euskarazko hezkuntza sustatzea eta aldaketa sakonak eragitea”.

“Aurrerantz goaz edo atzerantz goaz?” abesten zuen Negu Gorriak taldeak Esan Ozenki bere abesti ezagunean. Azken urteotan hau izan da hezkuntza komunitateak maiz bere buruari egin dion galdera, euskararen ezagutza eta erabilera zein D ereduko matrikulazioaren hazkuntzan geldialdia nabaritzen genuelako. Gaur, ez dago zalantzarik: geldialdia gaindituta atzerantz goaz Euskal Herriko lurralde gehienetan. Zerbait egin ezean negu gorria dator euskararentzat (eta ez Muguruzatarrena).

Euskararen ezagutzan, erabileran eta kalitatean atzera goaz zoritxarrez, hori da, besteak beste, EAEko Hezkuntza Sailak argitaratu duen ikerketak esaten duena. Datuak beldurgarriak dira eta erreakzioa eskatzen dute, adibide bat ematearren, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleen euskara mailan egin den atzera pausua oso handia izan da: DBH2n, euskaraz hasierako maila (baxuena) lortzen duten ikasleen kopurua %33tik %53ra pasa da 10 urtetan; kontrara maila ertaina edo altua lortzen dutenak %67tik %47ra. Dauden programak indartu, berriak martxan jarri, ratioak txikitu, metodologia komunikatibo-parte hartzaileak abiatu eta hizkuntza eredu desberdinak kentzea, euskarazko murgiltze eredua orokortuz, beharrezko neurriak dira besteak beste. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak, neurri batean arazoa onartu, baina, neurriak beste norabide batean hartu ditu. Murrizketak egiten ari da Hezkuntzan eta bereziki euskara indartzeko programetan: formazioan (Iralen lanpostuen herena galduko da); ikasleentzako Euskal Girotze Barnetegiak bertan behera utziko ditu; “Hamaika esku” murrizketa gogorrak egiten ari da ( jatorri atzerritarreko ikasle ugari biltzen dituen programa), eskoletako zuzendaritzekin lehia gogorrean daude momentu honetan; HIPI postuak murrizten ari dira ( jatorri atzerritarreko ikasle etorri berriei euskara erakusteko lan postuak); atzerrian ikasten ari diren ikasleek ( asko diplomatiko eta goi karguen seme alabak) ez dute euskara dakitela ziurtatu beharko tituluak eskuratzeko; Heziketa Bereziko 38 lanpostu perfilik gabe sortu ditu, 23 irakasle erdaldun gehiago lanean hasi dira, horietako gehienak D ereduko eskoletan; eta prestatzen ari den Hezkuntza Lege Berrian Jaurlaritzak ez du murgiltze eredua ezartzeko konpromisorik hartzen.

Zer esan Nafarroako egoeraz. Artikulu honetan, ez dugu hitz egingo euskarak unibertsitate eta lanbide heziketan bizi duen egoeraz, ia existitu ere ez da egiten. Iruñean UPNk alkatetza hartu zuenetik euskarazko irakaskuntza izan du jo puntuan. Udal Haur Eskoletan euskaraz matrikulatzeko plazak asko murriztu ditu eta haur ugari gelditu da kanpoan. Nafarroako Gobernua ere, karramarroarena egiten ari da, atzerantz ibiliz D ereduaren hedapena gelditu nahian: Mendigorrian D eredua debekatuz, hizkuntza ereduak mantenduz eta zentzu honetan hainbat eskolari PAI (ingeles-gaztelera) eredutik irtetea debekatuz ( Castejonen adibidez). Zorionez, Nafarroan Esan Ozenkiren letretran oinarrituz, “Euskalduna naiz eta harro nago” abestiaren ideiari jarraituz, jarrera euskarafoboen aurrean antolatu, mobilizatu eta alternatibak eraikitzen ari dira. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio handiak egin dituzte aurten, Mendigorrian D eredua zabaltzeko lan izugarria egiten ari dira (Nafarroako Gobernua estu hartuz) eta Iruñean euskarazko haur eskoletan lekurik ez dagoela ikusita, proiektu alternatibo bat osatzen ari dira dozenaka familia ikuspegi publiko eta komunitarioarekin.

“Gora Herria” zioen Fermin Muguruzak kantuan, zazpi herrialdez osatutako herria, Euskal Herria. Ipar Euskal Herrian ere “kolpez, kolpe”, herriz herri, euskarazko irakaskuntza bidea egiten ari da. Auzolanean, komunitatea aktibatuz, estatu zentralistaren oztopoen gainetik, maiz udalen konplizitatea aurkituz Ikastolak hedatzen ari dira eta baita euskarazko eskola publikoak ere. Egoera latzean irtenbide komunitarioak aurkitzen ari dira eta bide horretan, udalez gaindiko administrazioaren, Euskal Elkargoaren engaiamendua areagotzea ere beharrezkoa da. Oraindik orain ikasleen %40ak soilik ikasten du lehen hezkuntzan euskaraz edo eredu elebidunean; bigarren hezkuntzan edo kolegioetan egoera okerragoa da, ikasleen %22k.

LABetik mezu argi bat zabaldu nahi dugu. Gaur egungo hezkuntza sistemak agortuta daude. Ez dute balio euskalduntzeko, ez dute balio gure kulturaren transmisiorako, segregazioa gainditzeko edo hezkuntza hezkidetzailea bermatzeko. Gaur indarrean dauden hezkuntza Sistema Española eta Frantsesa, zentralistak, neoliberalak eta heteropatriarkalak direlako. Hezkuntza sistemaren erroko eraldaketa bat beharrezkoa da, ezin dugu hezkuntza zapaltzen gaituzten estatuen eskuetan utzi, gure herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza burujabea behar dugu: Euskal Eskola Publiko Komunitarioa. Administrazio autonomiko eta estatalak euskarazko hezkuntzaren aurkako politikak egiten ari dira. Euskaldunon eta euskaltzaleon ardura da, behetik gora, auzolanean, elkarlanean euskarazko hezkuntza sustatzea eta aldaketa sakonak eragitea. Horretan ari dira momentu honetan Euskal Herriko zazpi herrialdetan langile, guraso eta milaka ikasle, zuen alboan gaituzue. Bultza euskal hezkuntza. Bultza euskal eskola publiko komunitarioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...