2025-02-25
HomeEkintza Sindikala: Mecaner ez dago salgai. Mecaner herriarentzat!

[IRITZIA]: Mecaner ez dago salgai. Mecaner herriarentzat!

Jarraian duzue Urdulizko lantegian LABeko delegatu diren Unai Mirasolain, Juan Francisco Gomez eta Pedro Gutierrez eta beste hainbat kidek* idatzitako iritzi artikulua, Mecanerren etorkizunari buruzkoa.

Hamarkadatan, Mecaner erreferentzia industriala izan da gure eskualdean. Ekoizpena deslokalizatzeko eta fabrika itxi eta langile guztiak kaleratzeko erabakiaren aurrean, alternatiba ekosozialaren alde agertu garenak elkarrekin lan egin dugu egoerari aurre egiteko.

Mecaner enpresaren, bertako langileen eta eskualdearen etorkizuna defendatzeko, Enpresa Batzordearen gehiengoa, erakunde ekologistak, Urduliz, Sopela, Lemoiz Gatika edota Plentziako alkateak eta udal zein mankomunitateko ordezkariak, akademia mundukoak eta Uribe Kostako bizilagunak bat eginda mobilizatu gara, grebak babestu ditugu, babes-manifestuak bultzatu ditugu eta trantsizio ekosozialeko plan bat defendatu dugu alternatiba eskaini eta borrokarako tresna gisa.

Stellantis multinazionalak Mecaner itxi du. Eusko Jaurlaritzak, beti bezala, beste alde batera begiratu du. Lan-legediak horretarako aukera eman du. Baina hilabete hauetan sortutako baldintza eta aliantzek borrokarekin jarraitzeko eta fabrikari bigarren bizitza bat emango dion proposamen bat defendatzeko aukera ematen digute. Ez gaude prest aukera hau galtzeko.

Behin eta berriz errepikatu dugu. Errealitatea da Mecaner bideragarria zela eta dela. Egia da, automobilgintzaren sektorea eraldatzen ari dela krisi ekologikoak eraginda eta horrek eragindako trantsizio integral baten beharra agerikoa dela. Egoera aprobetxatu behar dugu, hemen eta orain, trantsizio ekologiko eta sozialki justua bultzatzeko.

Proposamen hau babesten dugunok Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko, hiru zutabetan oinarritzen den prozesu bat bermatu beharko litzatekeela defendatzen dugu.

Lehenengoa, instalazioen jabetza. Aldi baterako erosketa publikoa aldarrikatzen dugu, gauzatu nahi duten desartikulatze eta etekin ekonomikoa lehenesten duten proiektu pribatuak sartzea saihestuko duena eta eraldaketa ekologikoki iraunkorra, kalitatezko enpleguekin eta etorkizuneko erronkei erantzuteko aukera ziurtatuko duena.

Bigarrenik, proiektuaren izaera industriala. Mecaner industriaren nahitaezko eraldaketa ekosozialean erreferente izatea nahi dugu. Gure ustez, gaur egun, oro har, instalazio horietan industria ekoizpen bat mantendu behar da, orain produktu eta fabrikazio-prozesu jasangarri batera bideratua.

Hirugarren irizpideak moduari erantzuten dio. Helburu horiek bermatzeko, prozesu parte-hartzaile bat bultzatu nahi dugu, langileek, sindikatuek, erakundeek, akademiak eta gizarte mugimenduek proposatzeko eta erabakitzeko aukera izan dezaten.

Multinazionalak fabrika edonori eta pusketan saltzea eragotzi behar dugu. Guk defendatzen dugu jabetza eta etorkizuneko proiektu industriala eskualdearen eta lurraldearen behar sozialei eta eraldaketei lotu behar zaizkiela. Halaber, kalitatezko enpleguaren sorrera eta edozein proiektu berritan langile ohiak lehentasunez aintzat hartu behar direla deritzogu.

Ekimen hau babesten dugunok enpresa multinazionalarekin harremanetan jarriko gara, Eusko Jaurlaritzarekin eta behar denarekin hitz egingo dugu, akordio bat lortzeko: prozesu parte-hartzailea, jabetza publikoa eta trantsizio ekosoziala.

Mecaner eta gure eskualdearentzat etorkizun duina lortzeko konpromisoa duten pertsona eta gizarte eragile guztiak gonbidatzen ditugu, dagoeneko ibiltzen hasi garen bidearekin bat egin dezaten.

Mecaner ez dago salgai. Mecaner herriarentzat!

* Beste sinatzaileak: Aser Ignacio Nuñez, Sendoa Calleja eta Juanma Cruz (ESK-ko Mecanerreko delegatuak); Itziar Iratzagorria, Aitor Garagarza, Guruzne Carrasson eta Jesus Mari Arizmendi (Urduliz, Plentzia, Sopela eta Lemoizko alkateak), Ana Parallé, Aitor Gallastegi, Aritz Landeta eta Alaitz Ajuriagerra (Jauzi ekosoziala); Lorea Flores Compains, Pablo Aretxabala Pellón, Amaia Gonzalez Garrido eta Francisco del Pozo Campos (Greenpeace); Ritxi Hernandez Abaitua eta Alfonso Caño (Gune ekosozialista); Ugo Maior Martinez (EHUko ikerlaria); Iñaki Barcena Hinojal (EHUko irakaslea) eta Ramon Prestamero, Aitor Tapia eta Emaitz Anton Urdulizko herritarrak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ondarroa, Lekeitio eta Markinako udalerriei Arkautek jarritako oztopoen aurrean, LAB sindikatuak berresten du Udaltzaingo prozesu propioen aldeko hautua

Ez da lehenengo aldia sindikatu hau Arkautetik bultzatzen diren udaltzaingoen deialdi bateratuen kontra agertzen dela.

Confebaskek gutxieneko soldata adosteko mahaiari jarritako betoa gainditzeko ekimen berria iragarri du euskal gehiengo sindikalak

Pasa den otsailaren 6an, Confebaskek ezezkoa eman zion gutxieneko soldata propioa adosteko mahaia eratzeari, sindikatu guzti-guztiek egindako eskariari muzin eginez. Patronalaren jarrera erabat onartezina da, bai forma aldetik baita funtsari dagokionez ere.

Justiziak arrazoia eman dio LABi Amazoneko jazarpen sindikalaren inguruan

LAB sindikatutik pozez hartzen dugu Bilboko Lan Arloko 2. Epaitegiak emandako epaia, gure etengabeko salaketak baieztatzen dituena: Amazonek gure ordezkari sindikalak jazartzen ditu eta langileen askatasun sindikala urratzen du.