2024-12-23
HomeEkintza Sindikala Lan harremanen estatalizazioa: egin diezaiogun aurre, orain

[IRITZIA] Lan harremanen estatalizazioa: egin diezaiogun aurre, orain

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok maiatzaren 30eko lanuzte eta mobilizaziorako deia egin du.

Lan munduan izurrite bat bezala zabaltzen ari da estatalizazioa. Ez da fenomeno berria, baina 2008az geroztik gero eta hedatuago dago. Bi esparrutan zehazten dira lan-baldintzak. Lan legerian eta negoziazio kolektiboan. Lehena Espainiako Parlamentu eta Gobernuaren esku dago, eta erreformaz erreforma langile klaseari eskubideak kentzen joan dira. Bigarrena sindikatu eta patronalen indar korrelazioaren araberakoa da. Hego Euskal Herrian, kontrabotere sindikalismoari esker, langile-klasearen zati handi batentzat baldintzak duinak bermatzen zituzten herrialdeko hitzarmenak eta enpresa-hitzarmenak lortu ahal izan dira. Araudi propioaren faltan, funtsezkoak ziren lan harremanen esparru propioaren eraikuntzarako.

PSOEren negoziazio kolektiboaren erreformak (2010), PPren Lan-Erreformak (2012), eta alderdi biek sektore publikoa murrizteko jarritako mugek patronalari erabateko boterea eman diote. Era berean, atea zabaldu diote lan harremanen estatalizazioari, eredu guztiz antidemokratikoa inposatuz. Estatalizazioa hedatzen ari da, eta enpresa eta sektore gehienetara helduko da, sektore prekarizatu eta feminizatuenetatik hasita. Neurri batean edo bestean, Hego Euskal Herriko langileen erdiari baino gehiagori eragiten dio estatalizazioak. Azken helburua, lan-baldintzak okerrera berdintzea.

Estatalizazioa zabaltzeko lau bide daude: lehena, kanpoko patronalaren ezezkoa, beti hitzarmen estatalak izan dituzten sektore eta enpresetan negoziazio esparru berriak zabaltzeari. Bigarrena, patronalak berak negoziazio kolektiboan inposatzen duen blokeoa, baliatuz ultraaktibitatearen amaierak ematen dion aukera hitzarmen estatalak ezartzeko. Hirugarrena, sektore publikoan lan-baldintzak eta birjartze tasak inposatzea eta inbertsioa mugatzea. Laugarrena, patronalak, UGTk eta CCOOk bultzatutakoa, hitzarmen estataletan debekua ezarriz beheragoko esparruetan negoziatzeko.

Estatalizazioaren izurriteari aurre egiteko ekintza sindikal sendoa behar da. Enpresa mailan, estatalizatutako esparruetan enpresa-hitzarmenen alde borrokatuz, hala nola Carrefour Oiartzun, Staples, Selecta edo Transportes Alvarez-en egin dugun bezala. Herrialde mailan, herrialdeko hitzarmenetan erreformaren aurkako klausulak txertatzeko eta esparru berriak zabaltzeko borrokatuz, hala nola Esku-hartze Soziala, Telemarketina edo Kolektibitateetan egin bezala. Eta orokorrean, dauden baliabide guztiak, izan politikoak, legislatiboak edota negoziazio kolektiboaren ingurukoak, erabiliz.

Apustu argia egin dugu hasieratik esparru propioa blindatzeko, eta akordiorako ahaleginetan saiatu gara. ELAk ez zuen negoziazio horietan parte hartu. Enpresako esparruaren alde egin zuen soilik. Lau urte beranduago argi geratu zen enpresako esparrutik soilik ezin dela negoziazio kolektiboaren bidezko estaldurarik lortu. Hala, ELAk jarrera aldatu, 2013ko ahalegina berrartu eta Akordio Interprofesionala sinatu zen.

Estatalizazioari aurre egiteko asmoz sinatu zen Akordio Interprofesionala EAEn. Ez horrela Nafarroan, Patronala, UGT eta CCOO aurka agertu baitziren. FEADRS kolektibitateetako patronal estatalak EAEko akordioa inpugnatu izanak bere zaurgarritasuna agerian utzi du. Injerentzia argia izan da, lan-baldintzak hemen erabakitzeko eskubidean.

Gauzak horrela, egoera aztertzeko, ELArekin elkartu ginen martxo bukaeran. ELAren proposamena zen FEADRSen kontrako presio-kanpaina bat egitea epaiketa eragozteko, greba soilik Kolektibitateetako hiru enpresetan eta soilik Bizkaia mailan. Gure iritziz, erantzun hura labur geratzen zen estatalizazioak dakarren erasoaren aurrean, eta defendatu genuen greba sektore guztietan egin behar zela. Arrazoiak? Sektore guztiei eragiten dien Akordio Interprofesionalaren defentsa ezin delako hiru enpresatan soilik utzi. Epaiketa bertan behera uztea lortuta ere, edozein patronalek edozein momentutan inpugna dezake berriro, euskal sindikalismoak pedagogia egokia egiten ez badu erantzun indartsu baten bidez. Gainera, Akordio Interprofesionala indarrean egonda ere, aurrera jarraitzen dute negoziazio kolektiboa estatalizatzeko beste bideek. Zoritxarrez, apirileko lehen astean, ELAk ezezkoa eman zion estatalizazioaren kontra eta lan harremanetarako esparru propioaren alde edozelango lanuzte edo greba orokorrik planteatzeari. Ondorioz, eta geure asmoei eutsiz, LABetik bakarrik egin genuen deialdia.

Zailtasunak zailtasun, une itxaropentsuak bizi ditugu. Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko mobilizazioa indartzen ari da. Greba Orokorraren beharraz hitz egiten hasi da klabe subiranistetan. CIGek ekainaren 19rako proposatu du Galizian.

Estatalizazioa gelditzeko ordua da; LABek eta ELAk irailean sinatutako adierazpenarekiko koherentzian, lan harremanetarako esparru propioa aldarrikatzeko unea da; pentsiodunen eta mugimendu feministarekin batera, sindikalismoa ere hemen garatzen ari den aldaketa politiko eta sozialaren aldeko batailara batzeko unea da. Aukera ona izango dugu horretarako, aste honetan bertan, maiatzaren 30eko mobilizazio eta lanuzte egunean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...