2024-12-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaLan istripuak Imanol Karrera: "UGT, CCOO eta CENen ohiko egun bat"

[IRITZIA] Imanol Karrera: “UGT, CCOO eta CENen ohiko egun bat”

Imanol Karrera Nafarroako bozeramailearen iritzia daukazue hemen. Lan-osasunaren inguruan idatzi du Karrerak, Nafarroako Gobernuak Prebentzioko Lurralde-Ordezkariak berreskuratzeko hartutako erabakia kritikatzen du, egoeraren larritasuna nabarmenduz. Izan ere, langile bi hil dira Nafarroan uztailaren hasieratik.

Iaz «udara odoltsua» bizi izan genuen; hamaika langile hil ziren patronalak, ahalik eta irabazi handien kostu txikiagoarekin lortzeko, eragin bortizkeriaren ondorioz. Aurten, Nafarroan, dagoeneko bi langile hil dira lan istripu hilgarrietan.

Nire ustez, klaseko eta kontrabotereko sindikalismoak bi erronka atzeraezin ditu aurrean. Alde batetik, dagokion sindikatuko arduraz, lan baldintzak kaskartzeko prozesuaren aurkako norgehiagoka eraginkorra egituratu behar du, baita lan osasunaren ikuspuntutik ere. Bestalde, gizartearekin batera erantzuna egituratzeko, eragite sozial horrek langileen heriotza ausardiaz zalantzan jarriko lukeen ardura soziala, bertze esparruetan gertatzen den antzera. Onargaitza da, irizpide demokratikoetan, gizarte batean, etxera bizirik itzultzeko langileen eskubidea urratu izana.

Honen harira, bereziki larria da Nafarroako Gobernuaren erabaki deitoragarria, oraingoan Aierdi jaunaren erabakia, UGTk, CCOOk eta CENek berreskuratu baitituzte lan osasunari lotu pribilegioak. Haien Prebentzioko Lurralde-Ordezkarien zereginetarako 400.000 euro banatu zutelako. Erabaki honekin, egintza politiko sakon batekin egiten dugu topo, zeina sindikatu horiek eta patronalak ordezkatzen duten erregimenaren funtsak izanik, egiten duten presioaren ondorioa den, eta horrela, haien oniritziarekin, PSN eta Geroa Bairen arteko gobernu-ituna ahalbidetu dadin. Horren ondorioz, Eztabaida Soziala eta UGTren, CCOOren eta CENen pribilegioak berreskuratu dira. Guztion artean ordainduko dugu.

Baina denok uler dezagun, nolakoa da guztion artean ordaintzen dugun UGT, CCOO eta CENen Prebentzioko Lurralde-Ordezkarien ohiko egun bat? Lehenengo eta behin, gogoan izan behar dugu jaso duten diru publikoarekin UGTk eta CCOOk beren mendeko langileak kontratatuko dituztela.

Ondoren, eginkizuna argia da, baita xedea ere. Enpresen zerrenda orraztu eta CENi deitu. Solasaldia, izatekotan, zentzugabea da. UGTren edota CCOOren Prebentzioko Lurralde-Ordezkariak telefonoa hartu eta dio: «Hara, deitzen dizut baimendu nazazun zure enpresara joan nadin laneko arriskuen prebentzioaz arduratzen den horretaz aholku emateko. Dena den, zu lasai, irregulartasunak antzemanen banitu, hobekuntza batzuk proposatuko nizkizuke, eta gero, zerorrek jakinen duzu gauzatzen dituzun. Betikoa, alegia».

Enpresariak irribarrez erantzuten du: «Ez, gizona, ez, legeak behartzen banau ere, ezer gutxi egin dut prebentzioan azken urteotan. Zatoz datorren astean. Lasai ibili, jakin badakizu gure ustez, enpresarion ustez, zuek zaretela aukerarik hoberena, eta afiliazioarena eta hauteskunde sindikalena moldatua dagoela! Seguru irabaziko duzuela!».

Fikzio orotik at, egiazko errealitatearekin egiten dugu topo. LABen uste dugu esparru honetan badela alternatiba. Horretan, Nafarroako Osasun Publiko eta Lan-osasunaren Institutuak ikuskatu eta gainbegiratu beharko luke horretan adituak direnekin; aholkua eman ez ezik, zigortzeko eskuduntzak ere izan beharko lituzkete. Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan babestu dugun alternatiba hau guztiz gauzagarria da lanbide arteko akordio baten bidez. Baina Nafarroako patronalak uko egin zien horri eta prestatzeko akordioari. Zergatik? Ba, begi-bistakoa denez, neurria eraginkorra izan daitekeelako, betiere, eskubide eta betebehar zehatzak betetzen baditu figura horrek, enpresarien betoa ez balu eta sindikatuen izaera balu. Horrela, ez lirateke enpresarien teknikariak izanen, langileen segurtasunaren eta osasunaren interesen ordezkariak baizik.

Hortaz, UGT eta CCOOko jaun-andreok, ez daude oso ezberdinak diren bi eredu, alternatiba dagoelako. Eta zuena lardaskan aritze hutsa dugu.

Edozein esparruan egin kritika ez daiteke inoiz inolako anormaltasuna izan; gogoeta egin beharko lukete. Izatekotan, anormaltasuna litzateke, klase ikuspuntu batetik, darabilten sindikalismo osagarria, haien ardura saihesten duen patronala lagun dutela. Langileriaren osasuna eta bizitza euro gutxi batzuen truke saltzen ari dira. Langileen bizitzak garrantzia du!  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...