2024-12-22
HomeEkintza Politikoa Garbiñe Aranburu: "Hauteskunde osteko Urkulluren irakaspena: langileok bagara nor"

[IRITZIA] Garbiñe Aranburu: “Hauteskunde osteko Urkulluren irakaspena: langileok bagara nor”

Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak iritzi-artikulua idatzi du, Iñigo Urkullu EAEko Lehendakariak maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzen inguruan egindako adierazpenen harira.

Urkulluk udal eta foru hauteskunde emaitzen inguruko adierazpenak egin ditu. Bere tesia, honako hau: langileon greba eta mobilizazioek EAJri kalte egin diote. Ematen du orain konturatu dela Urkullu langileok badugula zer esana eta badugula eragina esparru politiko-instituzionalean. Orain arte langileon greba eta mobilizazioak gutxietsi ditu; orain, kontutan hartu beharreko aldagai politikoa da beretzat. Poza eman digu horrek, aurtengo Maiatzaren lehenean genion moduan, langileok eremu guztietan, lantokietan, kalean eta instituzioetan ere gure indarra baliatu behar baitugu.

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren politika publikoen arduradun gorena izanik, bere kezka nagusia, herritarren ongizatea zaintzea izan beharko luke eta galdetu beharko lioke Urkulluk bere buruari zer dagoen langileen ondoezaren atzean; zeintzuk diren langileen aldarrikapenak eta zer egin dezakeen langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Urkullu ez dago prest horrelako galderei heltzeko. Udazkenean egin genuen alde bikoan —urteetan gurekin biltzeari uko egin ondotik lehenengoz— patronalaren lehendakari izateari utz ziezaiola eskatu genion. Prezioek gora egin duten bitartean, patronalak soldatak tamaina berean igotzeari uko egin dio eta jarrera horri erantzunez euskal langileok greba eta mobilizazioetara jo dugu. Urkulluk ez du langileon eros-ahalmena defendatu, aitzitik, Patronalaren bidelagun izan da soldaten aurkako erasoan. Gogora dezagun langileon pobretzea ekarriko lukeen Errenta Itunaren aldeko jarrera adierazi eta langileoi esfortzuak eskatu izan dizkigula.

Beste adibide bat: 2020ko urtarrilean Greba Orokor arrakastatsua egin zen Euskal Herrian, besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion EAEko gutxieneko soldata ezarriko lukeen lanbide arteko akordioa lortzeko kudeaketak egin ditzan. Eta pentsiodunen mugimenduak behin eta berriz eskatu dio pentsioak 1080 eurotaraino osatzeko. Aldarrikapen horiek milaka langileren egunerokoa hobetuko lukete, bidezkoak eta egingarriak dira. Hala ere, kasu bietan Urkulluk beste alde batera begiratu du, adierazpen edo mezu bakar batean ere ez die tarterik eman.

Entzungor egin du eta lan gatazketan geroz eta oldarkorrago agertzen da, enpresarien mezuak ontzat emanez eta askotan, gehiegitan, Ertzantza interes patronalen zerbitzura ipiniz. Polizia ereduan aldaketa beharra ez da oraingoa, orain arte Lehendakari jaunari kezkarik ez diola sortu badirudi ere.

Bada besterik ere. Urkulluren Gobernuak lan baldintzen inguruko ardurak dituen esparruetan, hala nola, administrazio publikoko langileen kasuan, eros-ahalmenaren galera ontzat eman du. Pedro Sanchezen Gobernuak Iberdrola eta Petronor moduko enpresen interesak apur bat kaltetu ditzakeen zerga erreforma egin eta berehala altxa zuten ahotsa. Ez da horrelakorik gertatzen langile publikoen soldatarekin, ontzat ematen da Estatuko inposateka, beste hainbat gaietan bezala.

Jaurlaritzak CONFEBASKekiko duen menpekotasunaren adierazle gorena da zerga politikarekin gertatzen dena. Uko egiten dio zerga erreforma progresiboari, aberastasunaren birbanaketari. Autogobernuaren ikuskera mugatua du, autogobernua elite ekonomiko baten mesedetarako bakarrik dela ulertzen du.

Zerbitzu ugari pribatizatu ditu eta azpikontratatuko enpresei klausula sozialak eskatzeari uko egin dio Urkulluren Gobernuak. Osakidetza eraisten ari da, ez jendartearen kontrakotasunik eta erantzunik gabe, ikusi besterik ez dago Osasun Plataformek deituriko mobilizazioen arrakasta, baita sindikatuko deituriko grebena ere.

Zaintzaren eremua EAJrentzat negozio iturri da, uko egiten dio Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten eraikuntzari. Zaintza duina ez dugu bermatua eta zaintzaileak prekarietatean lan egitera kondenatu nahi ditu. Sindikatuekin hitz egin eta negoziatzeari uko egin dio, hezkuntza sailaren salbuespena salbuespen. Hezkuntza Sailak, greba eta mobilizazioei kasu egin eta sindikatuok aintzat hartu behar izan gaitu. Gure sindikatuak baditu langileen lan baldintzak hobetzeko proposamenak eta, beste aldean negoziatzen duen bat topatzen dugunean, akordioetarako borondatea ere bai.

Gauzak horrela, ez da harrigarria langile ugarik hauteskundeetan EAJri bizkar eman izana. Baina Urkulluk bere ildoa berrikusi baino nahiago du etxetik kanpo errudunak bilatu. Ez omen dago motiborik hainbeste greba egiteko, hemen lan baldintzak hobeak omen dira. Noski, sindikalismo borrokalari sendoa dagoelako herri honetan, ez politika publiko aurrerakoiak ditugulako edo ez enpresariak eskuzabalagoak direlako. Langileen antolakuntza eta borroka dira bizi baldintza duinagoak izateko arrazoia.

Urkulluk greben atzean interes alderdikoiak daudela iradoki du. Ari liteke fede txarrez, baina izan liteke ere grebalari gutxi ezagutzen dituela. Edozein kasutan ere, EAEko lehendakariak langile jendearengandik urrun jarraitzen du. Eta langile jendeak erakutsi du badela nor lantokietan, kaleetan eta hautes-ontzietan. Badela nor eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...