2024-12-23
HomeFederazioakIndustria "Etorkizuna irudikatuz, industria eredua aztergai"

[IRITZIA] “Etorkizuna irudikatuz, industria eredua aztergai”

Industria Federazioko kide Zorion Ortigosak eta Nazioarteko idazkari Koldo Saenz-ek iritzi artikulua idatzi dute, egungo industria ereduari buruz, Euskal Herriko eta Nazioarteko ikuspegitik:

Palestina 1948tik Israelek okupatuta eta kolonizatuta dago. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak, 1947an, Palestinako lurraldea bi estatutan zatitzea erabaki zuen eta 1948an Israelgo estatua sortu zen. Urte guzti hauetako balantzea ezin da dramatikoagoa izan: 750.000 desplazatu eta errefuxiatu 1948-1950 artean, Palestinako lurren etengabeko lapurreta, palestinarren aurkako apartheidegoera arrazista, esklabotzaren antza duten lan baldintzak, errekurtso naturalen lapurreta, Gazaren kontrako setio eta bonbardaketak mundu mailako kontzentrazio eremu handiena bihurtuz…

Azkenaldian, Euskal Herriko enpresek nazioartean jokatzen duten papera salatu izan dugu, eztabaida honetan CAF ilegalki okupaturiko Palestinako lurretan eraikitzen ari den tranbia egiteko lanek zentraltasuna hartu dutelarik. CAFeko langileek zuzendaritzari behin eta berriz nazioarteko legeria, giza eskubideak eta Palestinako herriaren eskubideak errespetatzeko eginiko eskarietan erakutsitako duintasuna azpimarratzekoa da. Palestinako lurretan izaera kolonizatzailea duen tranbia ez dugu Euskal Herrian eraikitzea nahi. Baina zoritxarrez ordea, CAF ez da giza eskubideak urratzen diren herrialdeetan negozioak egiten dituen enpresa bakarra, eta uste dugu CAFen adibideak Euskal Herrian ekoiztu behar dugunaren eztabaida irekitzeko balio behar duela.

Oraindik jasaten dugun sindemia egoera gogor eta latzak irakaspen batzuk utzi dizkigu: askatasunaren, elkartasunaren eta osasunaren garrantzia eta bizitzaren zaintzarako lanen beharra eta garrantzia esaterako. Pandemiaren hasieran ohartu ginen, esaterako, behar-beharrezko zenbait osagai, musukoak esaterako, ez genituela Euskal Herrian ekoizten, edota automobilgintza sektorean osagaiek mundu osoa zeharkatzen dutela, eta nahikoa dela Italiako hornitzaile batek eskaerak ez betetzea Nafarroan milaka langile lanik gabe uzteko.

Mikrotxipen gaia da beste adibide bat. Erabaki geopolitikoen ondorioz, ekoiztutako txipak automobilgintzara ez bideratzea erabaki dute. Ondorioa? Euskal Herriko milaka langile lanik gabe; asko Enplegua Erregulatzeko Espedienteekin, eta egoera okerrenean dauden langile azpikontratatu asko enplegua galtzeko arriskuan.  

Ba al du zentzurik osagaiak  mundu osoan zehar ibiltzeak, ingurumenari egiten zaion kaltea kontuan hartuta? Ekoizpenaren birlokazioaren eztabaida egin behar da, eta administrazioak interes publikoa bermatu. Herri gisa estrategikoa izango den hori zehaztu eta gure esku egongo dela bermatu behar da.

Norabide horretan kokatzen dugu eraiki nahi dugun Euskal Herrian zer nolako eredu produktiboa nahi dugun eta hor kokatzen ditugu lurraldearekiko lotura dituzten enpresak, lan eta bizi baldintza duinak bermatzen dituztenak, giza eskubideak Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo errespetatzen dituztenak eta planetaren jasangarritasuna bermatzen dutenak.

Industriaren trantsizioa eslogan eta propaganda marka bilakatzen ari den arren, jakin badakigu industria trantsizio baten atarian dela, digitalizazio prozesuak eta adimen artifizialaren hedapenak azkartuta. Eta trantsizio hori Euskal Herrian diseinatzeko beharra nabarmentzen ari zaigu: zer ekoiztu eta zer ekoiztuko ez dugun ere erabaki beharra dago, noski. Trantsizio horretan, arma ekoizpena, industria kutsagarria eta giza eskubideen kontrako eta ingurumena larriki kaltetzen duten lanen inguruko eztabaida kokatzen dugu, esate baterako.

Ezin dugu gutxietsi sektore horiek ekonomian daukaten garrantzia, eta ezin dugu langileon bizkar jarri trantsizio horren ardura. Euskal Herrian, armak edota produktu kutsatzaileak produzitzen dira, eta milaka dira sektore hauetan lan egiten duten langileak. Gai tabua da, batez ere eztabaida langileen bizkar jarriz egiten delako, eta ez bere osotasunean. Guk ez dugu Palestinari ilegalki okupatutako lurretan tranbia bat eraikitzea nahi, baina ezta mundu osoan banatzen diren lehergailuak, Israelgo armadarentzat tankeak edo Estatu Batuetako armadarentzat helikopteroak ekoiztea ere. Industriaren trantsizioa (etikoa, kasu honetan), bultzada publikoko prozesu orokorra izan behar da, langileen eskubideen bermearekin eta era adostu eta mailakatu batean egin behar da.  

Enpresetan arazoak daudenean sarritan entzuten dugu enpresa denok osatzen dugula. Gauzak ondo doazenean ordea, eskulana soldataren truke saltzen dugunak omen gara. Parte hartzearen mirariak. Ekoizpen erabakietan ez diete langileei erabakirik hartzen uzten eta gure ustez industriaren trantsizioan langileen eskubideek presente egon behar dute eta ahotsa izan behar dute.

Sistema kapitalistan eta negozioa helburu bakarra duen eredu neoliberal honen parte diren enpresek, giza eskubideen eta lan eta bizi baldintzen gainetik, haien mozkin ekonomikoak jartzen dituzte, produzitzen denak eta produzitzen den moduak herrialde horietako pertsonengan eta ingurugiroan eragiten dituen kalteak kontuan izan gabe. Jabetzaren doktrina ezin da auzitan jarri. Diru publikoa beti da ongi etorria, hori bai. Europako funtsetatik etor daitekeena ere bai.

LABetik osatu dugun Programa Sozioekonomikoan eredu berri baterako proposamen bat jarri dugu mahaiaren gainean eta halaber, eredu berri horretarako trantsizioa egiteko hausnarketa bat ere. Programa Sozioekonomikoa herri-erronka nagusiei heltzeko ariketa kolektibo bat da, Euskal Herrian nahi eta behar dugun ereduaren norabidea marrazteko ariketa. Alorrez alor nahi eta behar dugun Euskal Herria amestea baita hura gauzatzeko lehen urratsa. Aurretik dugun erronka ez da makala; denon artean pertsonak, lurraldea eta planeta erdigunean jarriko duen Euskal Herrirako eredua eraikitzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...