2024-07-06
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintza Darpon sailburuaren EPE “garbia”

[IRITZIA] Darpon sailburuaren EPE “garbia”

Osakidetzan LABeko delegatu den Jesus Oñatek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponi buruz idatzi du, EPEan egondako irregulartasunen harira.

Goiz batean Radio Euskadin, Jon Darpon Osasun Sailburuak, Osakidetzako “mega EPEko” azterketetan egondako ustezko filtrazioen sortutako zalapartaren aurrean, honakoa esan zuen hitzez hitz: “ahaleginduko gara EPEko emaitza justiak justifikatzen”. Gezurra dirudi sailburu bat nere subkontzienteak horrela traizionatzea eta argitu beharrean, EPE honetan gertatutakoa justifikatzea bilatzea. Ematen du hor dagoela uztailaren 4tik agindutako ikerketa bere eskuetan izatea eta berau aurkeztea uztailaren 19rako aurreikusita egotearen arrazoia. Elkarrizketa berean, euren eskuetan izan bezain laster aipatu ikerketa argitara emango zutela adierazten zuen.

Jendea bere buruari galdezka ari da kontu hau hain ezaguna bazen zergatik ez zen aurretik salatu. Zentzu honetan, salatzea edo egoera honen inguruko informazioa helarazteko LAB bezalako sindikatuetara gerturatzea erabaki duten kategoria medikuko langileei eskerrak eman behar zaizkie. Euren ausardia eredu izan beharko litzateke herritarren zerbitzura lanean ari garenontzat, hauek gure eskuetan jartzen dituzten baliabideekin. Pertsona hauek inork salatzen ez zuen zerbait salatu dute, askotan orain bizitzen ari diren errepresalien beldur, eta beste kasu batzutan, beti egon direlako “euren EPEaren” zain zeudenak galderak jasotzeko.

Hau aldatu egin da, badago jendea arriskuak hartzeko prest dagoena salatzeko eta Parlamentuko PATINAZO batean Jon Darponek ondo adierazi zuen moduan, badago aurreko deialdiekiko aldatu den beste gauza bat: “HAEE prozesuan sartzea EPE garbi bat egiteko”. Prozesuan HAEE sartu izanak urduri jarri zituen aurreko EPEetan azterketak filtratzen aritu zirenak, eta agerian utzi zuen prozesu hauek zuten garbitasun beharra.

HAEEk, zenbait frogatan filtrazio zantzuak jasan arren, gardentasun pixka bat eman dio prozesu zikin bati, eta noski eman diola gardentasuna! Dena ikusi da.

HAEEk egindako lehen frogak nota osoaren %65a suposatzea ere kontuan hartu behar da, prozesuaren dinamikan, gainontzeko %35a epai-mahaiaren esku gelditzen zelako, portzentaje nahikoa modu esanguratsuan eragiteko gainditutako kopuruan, plaza finkoa eskuratu dezaketenak.

Darponek argitu beharko luke, HAEEk prozesu garbiaren bermea ematen bazuen zergatik utzi zitzaien epai-mahaiei erabakiteko tarte nahikoa. Zergatik ez zuen bigarren froga ere HAEEk egin, prozesu garbia izatearen bermeak ematen bazituen?

Guregana jo duten profesional medikuan arabera, modus operandi ugari dago, galderen filtrazioa, azterketen filtrazioa, kongresuen prestaketa erabiltzea pertsona zehatzei mesede egiteko, eta baita ere ariketak esaldi edo azpimarratuko gakoak erabiliz idazteko irizpideak, azterketa egiten duenaren nortasuna ezagutu eta froga batzuetan pliken prozesuan bermatzean duen anonimotasuna gainditzeko.

Egoera konplexua da, baina Darponek bere erantzukizunak onartzen hasi beharko luke eta behingoz egoera honekin amaitzeko apustua egin. Kategoria eta besteak eta baita erabiltzaileak ere defendatzea prozesu garbia bermatzea da, baina baita kontratazio koiunturalaren atzean izkutatzen diren milaka plazak argitara ateratzea, eta osasun-egiturako langileei egonkortasuna ematea.

Ezin dugu ahaztu egun, Osakidetzako 4 langiletatik 1,5 ebentualak direla. Atera itzazue lanpostu horien EPEra eta amai ezazue lanpostuen salerosketarekin, iruzurraren atzaparrak zabaltzea baino egiten ez duena, kontratazio zein EPEetan.

Milaka postu dago kodea behar dutenak eta langile-egituran sartu behar direnak. Darpon jauna, egin iezaguzu mesede bat guztioi, atera itzazu kode guzti horiek EPEra, utzi etikarik gabe eta dudazko legeztasuna duten jarduerekin funtzionatzen duen elite bat babestu eta justifikatzeari. Zuk defendatzen duzun EPE eta kontratazio ereduak amaitu behar dute, agortutako ereduak dira. Uste dugu bidezkoa izango litzatekeela zure dimisioa eskatzea hain garrantzitsua den gain honetan egin duzun kudeaketa negargarriagatik, baina jakitun gara honek ez lituzkeela Osakidetzaren arazoak konponduko, ezta bere EPEenak ere. Harago doa arazoa, kudeaketa-eredua bbera da huts egiten duena, aginte-katea, zuzendaritzen zati handi bat, inertziak, botere-borrokak, osasungintza publikoaren kontura egindako negoziorako irrika… Guzti hau eta askoz gehiago. Hortaz, premiazkoa da osasungintza eta buruzagitzen ereduaren aldaketa sakona. Benetan Osakidetza onbideratuko duen aldaketa. Zuk eredu hauetara lotu duzu zure etorkizuna behin eta berriro defendatu ondoren. Eta honek iragana izan beharko luke, ez gaurdanik martxan jartzen hasi behar dugun Osakidetza berria.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.