2024-12-22
HomeIndustriaFederazioa: “Basque Industry 4.0. Propaganda gutxiago eta industria politika gehiago”

[IRITZIA]: “Basque Industry 4.0. Propaganda gutxiago eta industria politika gehiago”

Eulate Zillonizaurrekoetxea LABeko Industria Federazioko idazkariak eta Zorion Ortigosa federazio bereko kideak iritzi-artikulua idatzi dute, Eusko Jaurlaritzaren industria politikaren inguruan.

Sinestezina da bizi dugun egoera honetan, Jaurlaritza eta Patronalek Industria 4.0 existitzen dela babesten jarraitzea. Eta publikoki ospatzea, urteroko Basque Industry 4.0 ekitaldi-jaialdien bidez. Euskal Herriak orain eta etorkizunerako industriarentzako alternatiba politiko eraginkor bat duela esan diezaietela automozioko, La Navaleko eta bertako azpikontratetako edota ixteko arriskuan dauden bestelako enpresetako langileei.

Industria 4.0, noraeza, pribatizazioa, prekarizazioa eta kapitalaren uneko mesedetan egiten diren basakeria guztien argazki galeria mediatikoa besterik ez da bihurtu. La Naval bera izan daiteke adibide garbienetako bat. Espainiako estatuak kudeaketa oso zalantzakor bat eta gero, pribatizatzea erabaki zuen, Jaurlaritzaren isiltasun eta kolaborazioarekin, noski. Hori da bertako industriaz atzerrian erabakitzeak duen ondorio larri bat. Pribatizazioaren ondoren ere, kudeaketa txarra oinarri eta La Navalentzat zein sektorearentzako plan estrategiko faltak, gaur egungo egoera larri honetara ekarri gaitu. Bide oso honetan, Jaurlaritza jokoz kanpo egon da, konponbiderik eta proposamenik gabe. Ez jakintasuna edo interesa izan den beste gutun baterako mami adina du. Egia esan, orain arte, sektorea Euskal Herriarentzat eta bertako industriarentzat estrategikoa den edo ez argi esateko gai ere ez dira izan. Hor dugu dugu Industria 4.0. existitzen ez denaren adibide garbi bat, marketing hutserako besterik ez darabiltela. Arantxa Tapia ez da gai izan La Navali alternatiba eta proiektu bat eskaintzeko; eta are txarragoa dena, bere burua estutua ikusi duenean, argazki ezeroso batean, zutitu eta alde egin du.

Botere guztia multinazionalei ematen ari zaie, eta hauek ez dute gupidarik. Automozioan ikusten ari gara: EEEak, kaleratzeak eta lan-baldintzak okertzen ari dira ekoizpen kate osoan. Non gelditu dira Arantza Tapiaren hitzak, “psikosia” pizten ari zela esanez eta lasai egoteko? Egoera horren larria ez balitz, Arantza Tapiak txiste txar bat egin izanaren sentsazioa edukiko genuke.

Bi sektore garrantzitsu aipatu ditugu, baina industriaren argazki orokorra ez da hobea. Industriaren teknologia maila baxua eta ertaina da nagusiki, eta ikerkuntza eta garapenean, eta berrikuntza gastuan Europako bataz bestekotik behera jarraitzen dugu. Hau da, urrun gaude aurreratutako industria eredu bat eraikitzetik, eta ez dago horretarako apusturik.

Industria 4.0 saldu arren, Prekarietatea 4.0 eredua da patronalek, legea eta instituzioak lagun, bultzatzen ari direna, prekarietatea lan harremanen oinarrian kokatuz. Enpresa eredua aldatu nahi dute orain, gaizki ulertutako partaidetzaren izenean: langileei lan baldintzak bakarka ezarri nahi dizkiete, langileek kolektiboki negoziatzeko eskubidea suntsituz. Orain arte, legeak erabiliz eta beldurraren politikarekin lortu ez dutena, orain bestelako eredu bat salduz lortu nahi dute. Helburua? Indibidualizazioa oinarri, dugun borrokarako eta elkartasunerako indarra deuseztatuz, prekarietatean sakontzen jarraitzea. Eta, noski, zein izan da Industria 4.0-ren marketing planak honi eman dion erantzuna?

Hitzarmenetan ere badugu korapilo galanta, estatalizazioa, blokeoak eta negoziaziorako borondate falta. Negoziazio kolektiboaren erreforma aitzakiatzat hartuta, ehunka langile daude prekarietatearen tsunamian itota. Enpresa eredua versus negoziazioa, indibidualizazioa versus kolektiboa; hor dago gakoa eta Industria 4.0. desagertua, eztabaida hau ez balegokio bezala. Arantza Tapia versus Ostruka.

Industria aurreratua behar du gure herriak, baina horretarako XIX. mendeko lan harremanekin ezinezkoa da. Pertsonen gaitasunean lehiatuko duen industriak lan baldintza duinak dituzten pertsonak behar ditu.
Astelehenean, azaroaren 26an, Industria 4.0-marketing 4.0-photocall–ekitaldi berri bat egingo dute. Cyber Monday-ren baitako ekimena dirudi, salmenta masiboen artean saldu beharreko produktu bat gehiago.

LABek ez dugu orain arte erosi eta ez dugu erosiko, noski. Negoziazio kolektiboaren aldeko apustuan berresten gara, enpleguaren defentsan, Dieselaren iruzurrari hortzak erakutsiz eta sektore kaltetuenekin batera borrokatuz, langile ebentual, ABLEetako, azpikontratetako edota emakumeen bidelagun. Burujabetza aldarrikatzen dugu, Espainiako eredu eta legediak gainditu eta bertako beharrei egokitutako eredu eraikitzeko, aurreratua, lurraldearen beharrei egokitutakoa, sostengarria eta pertsonetan oinarritua, baina iruzur eta marketing guztien gainetik guk argi dugu zein den bidea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...