Administrazio publikoaren jarrera bereziki inposatzailea izan da, negoziazio kolektiboa edukiz hustuz
LABen 2022-2023 kurtsoko ekintza sindikalari buruzko txostena hemen eskuratu daiteke:
2022/2023ko ekintza sindikaleko txostenak ikasturte honetan LAB aktore garrantzitsu izan den gatazken bilduma dakar. Agerraldia gatazken protagonista nagusi izan diren langileekin egin du sindikatuak: Gipuzkoako kiroldegietakoak, Bizkaiko merkataritzakoak, Osakidetzako garbiketakoak, Bizkaiko metalgintzakoak, Mercedes-ekoak, Gaude-koak, Gorabide-koak, Bizkaiko helduen egoitzetakoak eta justiziakoak.
Ikasturte gogorra izan da, baita pozgarria ere gatazkak modu on batean ixtea lortu duten langileentzat, baina testuinguru zail bati erantzun behar izan dio Euskal Herriko langileriak. Boterea eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan banatzen da, langileria eros-ahalmena galtzen ari da aurretik bazegoen desoreka handiagoa eginez, prekarizazio modu berriak ari dira sortzen, pobrezia zabaltzen, genero arrakalak estrukturalki mantentzen. Eta egoera honi aurre egiteko politika publiko arduratsuen ordez, zerbitzu publikoen eraispena ari gara jasaten, baita gero eta boteretsuagoa den elite ekonomiko horren mesedera egiten diren politikak ere.
Testuinguru horri aurre egin behar izan diolarik, eta LABek harro esan dezake euskal langileria prest azaldu dela bere lan eta bizi baldintzen aldeko borroketan buru belarri sartzeko, baita zerbitzu publikoen aldeko aldarrikapenak bururaino eramateko ere. Iaz borroka fase berri bat ireki zela esan zuen sindikatuak, eta aurten borroka fase hori indartu dela dio, aktibatutako borrokek eta greba kopuruak ere gorantz jarraitzen baitute.
Beraz, zeren alde aktibatu da langileria?
Nagusiki hitzarmenen defentsan, prekaritateari aurre eginez eta bizitza bizigarriak garatu ahal izateko bitartekoen alde. Prekaritatea modu integralean ulertzen du LABek, bizitzaren prekarizazioa bera borrokatuz. Hala, gatazka gehienen arrazoia lan-harremanen ondoriozkoa izan bada ere, erosahalmena mantentzea borroken zutabe garrantzitsu bat eta patronalaren aldetik pultsu garrantzitsu bat izan bada ere, lan harreman hutsa gainditzen duten aldarrikapenak izan ditu LABek gatazka gehienetan: zerbitzu publikoen hobekuntza, zaintza sistema publiko komunitario bat edota lizentziak, jardunaldi murrizketak, txandak…
Eta ze ekintza sindikal mota egin du LABek?
Sindikalismo feminista egin du eremu guztietan, ez bakarrik feminizatuetan, baita gainerakoetan ere. Hala, eremuz eremu aldarrikapenak eta egiteko moduak errealitatearen arabera egokitu ditu, zaintza lanak gauzatzen dituzten eremuen alde desoreka garbi bat eginez. Sindikalizatu gabeko eremuetan lanean jarraitu du, eta orain urrats berriak emateko prestatzen ari da, ekintza sindikal antirrazistarantz.
2022/2023 KURTSOA DATUETAN
- 204 borroka piztuta
- 108 borroketan greba erabili da. Beraz, greben presentzia borroken % 52,94an egon da
- Sektore mailako borrokak 54 izan dira, horietatik 21 sektore feminizatuetan. Sektoreko borroken %59,26an egin da greba.
- Enpresa mailako borrokak 150 izan dira. 23 feminizatuak.
Jarraian, informearen ondorio nagusiak:
1- BORROKAK MEREZI DU.
Aurtengo kurtsoan, langileen borroken ondorioz lortutako garaipen eta hobekuntzek nabarmen egin dute gora. LAB parte aktibo izan den langile borroken %45,10 itxita dago dagoeneko, hamar hilabetetan 92 gatazka itxi direlarik. Iaz %25ekoa izan zen itxitako gatazken kopurua.
Garaipen horiek lortu ahal izateko askotariko borroka moldeak erabili ditu LABek, sarri grebekin uztartuta; izan ere, langileek grebaren aldeko hautua egin duten gatazketan akordio eta garaipen gehiago lortu ditu sindikatuak, ia hamar puntuko aldea izanik greba deitu ez den gatazkekin alderatuz (%50-%40).
Sektore feminizatuetan batezbestekoa baino itxiera portzentaia baxuagoa izan arren, itxitako gatazken portzentaian 20 puntuko aldea baitago grebak egin dituzten eta egin ez dituzten eremuen artean. Edonola ere, kontuan izan behar da greba egiten den eremuek eragina dutela gainerako gatazkak desblokeatzeko. Are gehiago, kontuan hartuta azken urteetan greba eta mobilizazioak eremu desberdinetako sektore eta enpresatara iritsi direla, baita tradizio sindikal apalagoa izan dutenetara ere. Langileen ahalduntze kolektiboa gertatzen ari da eta patronalari mezu argia iristen zaio: gatazka ekidin nahi badu, edukiak eskaini behar ditu.
2- EMAKUMEEN LANA DEBALUATZEN DUTE.
Atentzioa ematen du grebak gainerako eremuetan baino proportzio handiagoan burutu arren, eta orokorrean grebak egin diren eremuetan askoz ere gatazka gehiago itxi direnean, sektore feminizatuetan, eta bereziki zaintza lanak burutzen dituzten eremuetan, gatazka gehien-gehienek irekita jarraitzen dutela.
Sektore feminizatuetan itxitako gatazken portzentaia heren bat baino baxuagoa da eta zaintza eremuen kasuan gatazken laurden bat soilik, batezbestekoa %45ekoa den bitartean eta industriakoa (sektore bereziki maskulinizatua), berriz, %68koa.
Datu horiek patronal eta administrazio publikoek oinarrizko lanei, zaintzakoei zein bestelakoei, ematen dioten balio eskasa agerian uzten dute. Oinarrizkoak ez diren lanetan, produkzioari gehiago lotutakoetan, industrian, greben eta mobilizazioen bidez patronala errazago mugiarazteak agerian uzten du desoreka hori.
3- ADMINISTRAZIO PUBLIKOA INPOSATZAILEA DA.
Administrazio publikoak eredu izan beharko luke langile publikoen lan baldintza duin eta egonkorrak eskaintzerakoan, eta ez da horrela izaten ari. Bestalde, salbuespen bakanen batekin, zabaldua dagoen joera da ez negoziatzea. Negoziazio kolektiboa hustu egiten da.
Datuek hala erakusten dute: itxitako gatazken batezbestekoa %45 pasatxo bada, azpikontrata eta kontzertatuetan %31,37ra jaisten da, eta administrazio publikoan edo enpresa publikoetan, %18,92ra.
Administrazio publikoa kudeatzen duten alderdiek ez dituztela politika publikoak zerbitzu publikoak indartzeko perspektiban garatzen, eta horrek berriz ere langileria kaltetzen du; izan ere, sektore pribatuari eta kapitalari begira eta bere mesedetan garatzen dituzte politika horiek.
Hemendik aurrera ere LABek borrokan jarraituko du oraindik irekita jarraitzen duten gatazketan, baita etorriko direnetan ere, helburu eta ikuspegi argi batekin: bizitza bizigarrien aldeko borroka, zaintza eremuetan eta feminizatuetan arreta berezia jarriz, bertako negoziazio eremuei lehentasuna emanez eta bere aldarri nagusietakoa den lan harremanetarako euskal esparrua edukiz betetzen.