2024-12-23

iraultzen 169

DENBORAK ESANA…

“Oso latza izan da”

Madrildik iritsi zen albistea, 1981eko otsailaren 4an: ustezko bi ETA kide atxilotu zituzten. Hurrengo egunetan jakin zen gertatutakoaren berri, ETA militarreko ustezko lau kide autoan zihoazela Espainiako Poliziak geldiarazi zituen eta auto barrukoak lasterka ihes joan ziren. Isidro Etxabe balaz zauritu zuten, Joxe Arregi Izagirre erori egin zen eta buruan kolpea hartu zuen. Zizurkilgo 30 urteko gizona atxilo eraman zuten eta handik bederatzi egunetara hil zen Carabanchelgo espetxe ospitalean. Denborak agerian utzi zigun egun haietan gertatutakoa.

Espainiako Poliziaren Segurtasunerako Zuzendaritza nagusian eduki zuten bederatzi egunez Joxe Arregi, eta handik Carabanchelgo espe-txe ospitalera eraman zuten. Hilzorian zegoen. “Hematoma periorbitalak eta isuria eskuineko begian. Hainbat hematoma eskuineko sorbaldan, baita bi hanka eta besoen barruko aldean; ubeldura handiak bi ipurmasailetan, bigarren graduko erredurak bi oinazpietan. Burua nahastuta, arnasa hartu ezinik, sabelean min lausoa eta bronkopneumonia, birika bat likidoz beteta” zioen espetxeko erietxean egin zioten azterketa medikoak. Bederatzi eguneko inkomunikazio ostean “birrinduta iritsi da”, funtzionario baten hitzetan. Egoeraren larritasunak behartuta ospital zibil batera eramatea erabaki zuten baina bidean hil zen 1981eko otsailaren 13an.

Ostiral batez hil zen. Asteburuan bisitan joan ziren senideen bitartez Iñaki Agirre Errazkin, Xose Lois Fernandez Gonzalez eta Lois Alonso Riveiro preso politikoek salaketa idazki bat atera ahal izan zuten larunbatean bertan, Arregirekin egin zituzten orduen berri emanez. “Lehendabiziko begiratuan iruditu zitzaigun fisikoki txiki-txiki eginda zegoela” zioten presoek. Arregiren hitzak ere jaso zituzten bidalitako gutunean: “oso latza izan da”; “ barratik hainbatetan zintzilikatu ninduten oinetan kolpeak emanez, zerbaitekin erre ere egin zizkidaten, ez dakit zerekin; nire bular gainean saltoka ibili ziren; toki guztietan eman zizkidaten borrakadak, kolpeak eta ukabilkadak”; “uste diat hiltzekotan nagoela”…

1981eko otsailaren 16ko gauean Zizurkilgo hilerrian hartutako argazki batzuen bidez isilpean gorde nahi izan zutena publiko egin zen. Arratsaldeko ordu bateko hileta elizkizunaren ostean itxitako hilobia gauerdian berriz ireki zuten, gorpua atera, argazkiak atera eta dena amaitu ostean berriro ere zegoen bezala utzi zuten. Madrilgo prentsak isilarazi bazuen ere, torturaren zantzuak begi bistakoak ziren eta batzuen ausardiari esker lau haizetara zabaldu ziren.

Tortura oso gutxitan azaleratzen den krimen bat da, argitzeko ahalegin gutxi egiten da eta horiek ezkutatzeko gezurrak bata bestearen atzetik etortzen dira. 33 urte pasatu dira eta egia jakin den arren —Santi Brouard medikuak bainuontzia egin ziotela baieztatu zuen— aitortza falta da oraindik ere. Arregiren inkomunikazio aldian gu-txienez 73 poliziak hartu zuten parte, baina horietako bost baino ez zituzten atxilotu eta egin zen hirugarren epaiketetan soilik etorri zen kondena hauetako birentzat. Maribi Arregik, Joxe Arregiren arrebak, amorrua sentitu zuen ikustean lau hilabeteko espetxe zigorra jaso zutela eta bost egun besterik ez zituztela bete: “haien gezurrak gure egiak baino gehiago balio zuen”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...