2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaIrakasleen kolektiboak ez du apirilean grebarik egingo Administrazioaren erantzunaren zain

Irakasleen kolektiboak ez du apirilean grebarik egingo Administrazioaren erantzunaren zain

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok apirilaren 18ko mahaian gertatzen denaren arabera erabakiko dugu maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitzea ala ez.

STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok apirilak 23ko asterako aurreikusita geneuzkan grebak ez ditugu burutuko, Administrazioak gure aldarrikapenei erantzuten dioten neurriak planteatzen dituen ikusi arte. Apirilaren 18ko mahaian Administrazioak gure aldarrikapenek erantzunik izan ezean, maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitzea beste biderik ez dugu izango.

EAJk, PPek eta PSEk murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak plantillak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa, ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzu publikoen okertze eta pribatizazioa izan dira.

5 greba egun gauzatu behar izan genituen Jaurlaritza bere jarrera immobilistatik ateratzeko eta mahai gainean proposamenen bat jartzera behartzeko.

Hezkuntza publikoko irakasleen inguruko proposamena abendukoa da, eta azken mahai negoziatzailea urtarrilaren 26koa izan zen. Hezkuntza Sailak abenduan egindako proposamenaren inguruko balorazio bilera bezala planteatu zuen mahai hura, sindikatuon proposamen haren inguruko balorazioa zein zen soberan jakin arren eta hurrengo hilabeteetarako mobilizazio egutegiaren berri izan arren. Arduragabekeria politiko gisa kalifikatu genuen sindikatuok Jaurlaritzaren jarrera hura.

Martxoaren 14 eta 15eko greba arrakastatsuen ondoren, Hezkuntza Sailak apirilaren 18rako deitu du Irakasleen Mahai sektoriala. Honek argi erakusten du beste behin ere Jaurlaritzaren negoziaziorako borondatea aurrean dituen mobilizazio eta greben araberakoa dela, eta langileak zoriondu nahi ditugu mobilizazio eta grebei ematen ari diren erantzun eta babesarengatik. Deigarria eta salagarria da Jaurlaritzak deiturik dauden greben bezperara arte itxarotea negoziazio mahaiak deitzeko.

Sindikatuok argi eta garbi plazaratu izan ditugu zeintzu diren kolektibo honi begirako gure aldarrikapen eta proposamenak:

• Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
• Azken urteetan eman den matrikulazio igoerari, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 irakasletan handitzea.
• Egun irakasle funtzionarioetan %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztu, urteetan behin-behinean egon diren langileak egonkortuz.
• Ikasle-ratioak %10 murriztea.
• Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.
• Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego eta maila guztietan.
• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu gure hezkuntza sistema gure errealitate eta beharren arabera, eta horretarako hezkuntza burujabetza ezinbestekoa dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...