LABeko ordezkariek kontzentrazioa egin dute gaur, Bilboko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren aurrean. Bertan, administrazioak ezarri nahi duen finkatze sistema eta LEPa derrigorrezkoa izateko urratsak eman nahi izatea salatu dute.
Duela bi urte hezkuntza publikoan abiatutako mobilizazio dinamikek eta zazpi grebek administrazioaren jarrera aldatu zuten. Honela, gehiengo sindikalarekin, murrizketei buelta ematen hasteko akordioa erdietsi genuen: ordezkapenak lehenengo egunetik aurrera izatea, bajen %100a kobratzea, 60 urtetik aurrera ordu lektiboen murrizketa, 3 urteko geletan laguntza gehigarria, bateragarritasuna…
Akordio horretan, ikasturte honetan lantzeko gaiak adostu genituen ere. Beraien artean: langileon egonkortasuna, kontsolidazioa prozesuak eta LEP eredua aldatzeko aukerak aztertzea.
Kurtso hasiera honetan gai honi heldu diogu eta administrazioak egindako proposamenak langileoi eta gaur egungo kontratazio ereduari, eraso zuzena egiten diola salatu nahi dugu. Administrazioak “ezkutuko ERE bat” martxan jarri nahi du langileen behin behinekoekin.
Horregatik, Hezkuntza Sailari galdera zuzena egite diogu: zein onura ekarriko du sistema honek? LABen argi daukagu, ez duela zentroen hezkuntza-proiektuak errotzeko beharrezko egonkortasuna ekarriko. Aldiz, ordezko langileen lan baldintzen prekarizazioa suposatuko du.
Ez du hezkuntza proiektuak errotzeko beharrezko egonkortasuna ekarriko. Batetik, finkatzeko aukera urtero aztertu eta zehazten da. Horrela, hurrengo ikasturtera arte ez dakigu zentro berean jarraituko dugun. Bigarrenik, gaur egun sisteman dauden prozesu ezberdinek (lekualdatzeak, oposizioak) mugimendua sortzen dute eta finkatzeko aukerak murriztuko dituzte; prozesu horiek ez badira egokitzen, plantillak urtero aldatuko dira orain arte bezala. Hirugarrenik, egoera horretan zentroaren epe ertainerako planifikazioa (proiektuak, tutoretzak, …) ezinezkoa suertatzen da. Ez du balio hezkuntza proiektuak sendotzeko.
Gainera, langile askoren lan baldintzak prekarizatzea ekarriko du, orain arte lortutako lan esperientziaren araberako eskubideak hankaz gora jarriko baititu. Finkatzeko aukera galduta (soilik esleipenetan hartutako espezialitatean) esleipenetara joan behar du langileak. Esleipen horretan lanpostu gutxi egongo dira gehienak dagoeneko finkatuak egongo direlako. Urteetan bakanteak hartzen egon diren langileak, telefonoaren menpe aurkitu daitezke berriro.
Administrazioari finkapen proposamen hau bertan behera uzteko exijitzen dio LABek. Honekin lotuta, atzo segimendu batzordea izan genuen Lakuan eta finkapen sistema honen apliikazioa atzeratzea lortu genuen. Hala ere, hurrengo hilabeteetan dokumentu hau eztabaidatzen jarraituko dugu eta argi esan nahi diogu administrazioari alternatiba bakarra proposamen integral bat egitea dela. Egonkortasuna eta kontsolidazio prozesuak alkar lotuta egongo diren alternatiba alegia. Langileen eskubideak eta ikastetxeetako hezkuntza proiektua sendotuko duen sistema adostea beharrezkoa da. Ildo horretatik LABek proposamen zehatzak mahai gainean jarri ditu.
Proposamen horren oinarrian gaur egungo sistema osoa aldatuko duen proposamen integrala bultzatzea da. Ikastetxeak eta ikasleak egonkortu eta kaltetuko ez dituen sistemaren alde egiten dugu. Honetarako, hartu behar diren neurriak hiru norabidetan egin behar direla uste dugu:
– Egonkortasunari dagokionez. Prozesuak hiru urtean behin egitea plantetatu dugu. Ziklo honetan, langile bakoitzak duen lan esperientzia eta meritoak kontutan hartuta.
– Sistema barruan lan egiten dauden langileentzako kontsolidazio prozesuak bultzatu. Administrazioak ez du biderik zabaldu honetarako
– LEP eredua aldatu eta saritzea aurreko bi aldagai hauen artean kokatu.
BESTETIK, HEZKUNTZA SAILAK OPOSIZIOAK SARITZEKO BIDEA ERE SALATU NAHI DUGU. ZER EGIN NAHI DU ADMINISTRAZIOAK? GAINDITU ETA PLAZA ATERA EZ DUTENEI ORDEZKAPEN ZERRENDETARAKO PUNTUAK EMAN (15 PUNTU ).
MADRILEN ARAUTUTAKO EGUNGO OPOSIZIO ZAHARKITUA, GARDENTASUNIK GABEKOA ETA IRAKASLEEN KONPETENTZIAK EBALUATZEKO BALIAGARRIA EZ DEN EREDUARI, LAN ESPERIENTZIARI BAINO BALIO GEHIAGO EMATEN DIO ADMINISTRAZIOAREN PROPOSAMENAK. EZ DUGU ONARTUKO!
LABek argi du eredu aldaketa beharrezkoa dela. Ez da onargarria, esaterako, ikasturte hasieran 10.000 lanpostu inguru esleitzea. Edo ikastetxeetako plantillen %25a urtero aldatzea. Hezkuntza Proiektuak errotzeko egonkortasuna beharrezkoa da. Plantillen benetako egonkortasuna (ez finkapena) ekarriko duen eredua beharrezkoa da. Irtenbidearen abiapuntua sinatutako akordioan dagoela uste dugu. Sistema barruan dauden langileak, urteetan zerbitzuak ematen egon direnak, kontsolidatzeko bideak arautu behar dira. Oposizio edo sarbide eredua aldatu behar da. Kontratazio eredua berritzea beharrezkoa da.
Administrazioak aurrera eraman nahi dituen neurriak kontrako norabidean doaz. Ez ditu plantillak egonkortzen, eta gainera, urteetan lan esperientziaren bidez lortutako eskubideak hankaz gora jartzen ditu.