2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaIrakaskuntzan LEP sistema bidezko eta garden baten alde

Irakaskuntzan LEP sistema bidezko eta garden baten alde

Ez da lehen aldia Nafarroa Garaiko LAB Irakaskuntzatik LEP sistema anakroniko hau kritikatu eta alda dezaten aldarrikatu egiten dugula; tamalez, Nafarroako Gobernuak hezkuntzan lehiaketa-oposizioak deitzen dituen guztietan egin behar izaten dugu. 2021-2022 ikasturtekoak izan dira azkenak, ez lehenak, ordea. 10.600 lagun baino gehiagok izena eman zuten hauetan, aldarriak aurreko prozesuetako berberak izanik ere, LEP sisteman aldaketa edo hobekuntzarik gertatzen ez dela ikusita, salaketa egiten jarraitu behar dugu.

Lehenik eta behin, LABek argi utzi nahi du lehiaketa-oposizioaren helburua lanpostu zehatz batzuetarako onenak aukeratzea dela, eta ez irakaslea izateko edota maisu-maistra izateko pertsonen gaitasuna ebaluatzea. Horietako askok ikasturtez ikasturte argi uzten baitute balio handiko profesionalak direla.

Notak ikusita, argi dago lehiaketa-oposizio sistema honek ez duela funtzionatzen. Oro har, aurkeztutakoen %15ak soilik gainditu ditu oposizioak; honek plaza guztiak ez betetzea ekarri du -Lanbide Heziketan %65, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan %79 baino ez-. Honetaz gain, kontuan hartu behar da oposizioetara ateratzen duten plazen kopurua irakaskuntzan dauden beharrak asetzeko ez-nahikoa dela. LABen ustez, egonkortze prozesu baten atarian gauden honetan, hau guztia ulergaitza eta zentzugabea da.

Bestetik, hautagai askok oraindik ez daki bere notaren arrazoia, horregatik LAB sindikatuaren eskaeretako bat da ebaluazio irizpideak gardenak eta egiaztagarriak izatea, emaitzen objektibotasuna bermatuko dutenak. Eta, nola ez, probak baino lehen aurkeztutakoak, denok jokuaren arauak zeintzuk diren argi izateko, bai aurkeztuko direnek, bai epaimahaikideetan arituko direnek. Izan ere, hainbat epaimahaikidek atsekabea adierazi dute azken oposizioetan errubriketan behin eta berriro egindako aldaketak zirela eta beraien lana asko handitu delako.

Arestian esan bezala, hezkuntza LEP hauek zaharkituak daude guztiz: hasteko, gaitegia desfasatua dago oso, eta dagoeneko existitzen ez diren gaiak eta kontzeptuak ikasi behar dira -Informatikako gaitegia ikustea besterik ez dago hau egiaztatzeko, adibidez-. Hori dela eta, LABek bere eskaera berretsi egiten du: gaitegi berrituak, eta ofizialak, garatuak eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan, baita atzerriko hizkuntzetan ere, hala ebaluatu behar diren espezialitateetan.

Jarraitzeko, probak. Egun, baztertzailea da zati teorikoa, programazioaren eta unitate didaktikoaren defentsa egitea eragozten diena aurkeztutako askori; LABen ustez, zailtasun hau gehitzeak ez du zentzurik, helburua hautagai kopurua errotik murriztea ez bada; hau dela eta, baldintza hau kendu beharko litzatekeela deritzogu. Gainera, proben diseinua ere aldatu beharko litzateke, berauen ebaluazioaren objektibotasuna bermatzearren, egun gertatzen ez dena. Honen ondorioz, probak errebisatzera joaten den jendearen asetze maila ere igoko litzateke, ziur asko.

Izan ere, asko izan baitira oposizioen emaitzen kontrako helegiteak aurkeztu dituzten hautagaiak, hau egiteko prozesua zaila eta oso konplexua izan arren: epeak laburrak dira; ebazpenak, maiz, berandu iristen dira; eta, akaso okerrena, helegiteak onartuak izatea ia ezinezkoa izaten da.

Honengatik guztiarengatik, Nafarroa Garaiko LAB Irakaskuntzatik Hezkuntzako LEP sistema anakroniko, ilun eta bidegabeko hau aldatzeko exijitzen dugu, eta gure aldetik sistema hobetuko lukeen eta gure esku dagoen guztia egiteko prest jarraituko dugula berresten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...