2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaIrakaskuntza publikoko irakasleen aurkako murrizketa politikak aldarazteko mobilizatu gara

Irakaskuntza publikoko irakasleen aurkako murrizketa politikak aldarazteko mobilizatu gara

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta lan baldintzen duintasuna ez dute euren lehentasunen artean. Hain zuzen ere hezkuntza sistemak behar duen inbertsioari heldu ordez, bankuekin duen zorra kitatzeak izango baitu lehentasuna. Honen aurrean STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika errotik aldatzea eskatzen diogu, hezkuntza inbertsioa igoz, plantilak handituz, lanpostuak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, 58 urtetatik aurrera irakastorduak murriztuz eta erretiroa erraztuz, gaixotasun bajak ez zigortuz eta galduriko eros-ahalmena berreskuratuz.

STEILAS, LAB eta ELAren Prentsa-oharra

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta lan baldintzen duintasuna ez dute euren lehentasunen artean.

Irakaskuntza publikoko irakasleen mahai sektorialean azaldu ziguten moduan, hezkuntza sistemak behar duen inbertsioari heldu ordez, bankuekin duen zorra kitatzeak lehentasuna izango du, langile, ikasle eta familiekin duen ardurari muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak gure aberastasunaren %3,6a besterik ez du bideratzen hezkuntzara (EB28ak %5a), 2009tik 222 milioi eurotan murriztu duelarik aurrekontua eta inbertsioa %4,3tik %3,6ra pasa da. Zorraren ordainketa, aldiz, %0,8tik %11,1era pasa da, 1.086 milioi € gehiago, alegia.

Urtez urte, Madrilgo eta Gasteizeko gobernuek murrizketak bata bestearen gainean ezarri dizkigute hezkuntza sisteman eta irakasleon lan baldintzetan egoera jasan ezina bilakatu arte.

Honen ondorioz, hezkuntzako gainontzeko eremuetan bezala, Irakaskuntza Publikoko irakasleon lan baldintzek okerrera egin dute nabarmen azken urte hauetan.

Azken urteetako matrikulazioak nabarmen gora egin duen arren plantilak ez dira neurri berean hazi. Ikasle gehiago geletan sartzearen ondorioz, hezkuntza sistemak beharko lituzkeenak baino 1.800 irakasle gutxiago ditu.

Irakasleen artean %31koa da behin-behinekotasuna, horrek hezkuntzaren kalitatean, ikastetxeen antolakuntzan eta langileen lan-baldintzetan dituen ondorio larriekin. Jaurlaritzak, ordea, ez du inolako asmorik agertu arazo hau behin betiko konpontzeko.

Plantila beharrak asetzeko eta behin-behinekotasuna nabarmen gutxitzeko 6.000 lanpostutik gora behin-betiko egonkortu beharko lituzke Jaurlaritzak.

Honi lotuta, ordezkapenik ez da egiten edo kasu askotan astebeteko atzerapenez egiten dira. Ondorioz, milaka irakastordu galtzen dira urtero, gainontzeko irakasleen lan-kargak handitzen dira eta ehundaka ordezko geratzen dira lanik gabe.

Erretiro aurreratua edota 58 urtetik aurrera irakastorduen gutxitzea ezinezko bihurtu du Hezkuntza Sailak. Horrek, irakasle lanetan ari direnen bataz-besteko adina izugarri handitzea ekarri du eta plantilen berritzea eragozten du. Kontuan izan behar dugu irakasle finkoen bataz-besteko adina 50 urtetik nabarmenki gora kokatzen dela.

Hezkuntza Sailak gaixotzea zigortzen jarraitzen du, sarritan gaixorik ere lan egitera bultzatuz soldata murrizketarik ez jasateko.

2010az geroztik soldatak murrizteaz gain eros-ahalmen galera izugarria inposatu digute hezkuntzako langileoi. %13tik gorako eros-ahalmena galdu dugu, hau da 2010etik 24.000€tik 40.000€ra bitarteko galera kidego eta talde ezberdinen baitan. Oraindik 2012an kenduriko abenduko ordainsariaren %75 bueltatzeke du gobernuak. Eta hau horrela izanik, %1eko soldata igoera lotsagarria besterik ez digu eskaini.

Hezkuntza Sailak gai guzti hauen inguruan ez du inolako elkarrizketa eta negoziaziorik burutu nahi izan. Orain arteko negoziazio mahaietan aipaturiko murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa besterik ez du agertzen.

Are eta gehiago, murrizketei bide eman zien gutxiengo sindikalarekin sinaturiko 2010-12 akordioa bera aldebakarrez aldatzen ari da, murrizketak areagotzeko ikastetxeetako lanpostuak murriztuz, lan baldintzak okertuz eta irakasleon lan zama handituz.

STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika errotik aldatzea eskatzen diogu, hezkuntza inbertsioa igoz, plantilak handituz, lanpostuak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, 58 urtetatik aurrera irakastorduak murriztuz eta erretiroa erraztuz, gaixotasun bajak ez zigortuz eta galduriko eros-ahalmena berreskuratuz.

Hezkuntza Sailak bide honetan pausorik eman ez duen heinean, sindikatuok mobilizazio fase bati hasiera eman diogu gaur, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Hurrengoa, apirilaren 5ean izango da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...