2024-12-23
HomeI26 - Greba OrokorraGreba OrokorraIrailaren 26an, emakumeok grebara

Irailaren 26an, emakumeok grebara

«Beste behin ere, langile klasearen aurkako eraso larri baten aurrean gaude eta ezin ditugu aipatu gabe utzi emakumeon kasuan izango dituen ondorio espezifikoak. Izan ere, eredu kapitalista patriarkatuan oinarritzen da. Eta honen ondorioz, emakumeoi gure eskubideak ukatu egiten zaizkigu…

 Irailaren 26an, emakumeok grebara
Azken erreformen artean, batzuk ondorio oso larriak izango dituzte emakumeontzat, eta helburu argiekin diseinatuak izan dira: emakume eta gizonen arteko bereizketak handitzea, emakumeoi atxikitzen diguten zeregin subsidiario horretan sakontzea, eta emakumeok egiten dugun lan produktibo eta erreproduktiboaz baliatzen jarraitzea, inolako aitortza sozial edo ekonomikorik gabe.

Hauen artean menpekotasun arloan egin behar dituzte murrizketak aipatu behar ditugu, bi aldiz kaltetuko gaituztenak. Alde batetik, sektore honetako langile gisa; jakin badakigulako sektore honetan diharduten gehienak emakumeak direla. Eta langile hauek, kalitatezko enplegua ukatua izan dute aurretik, modu prekarioenetan lan egitera behartu dituztelarik. Orain aldiz, erreformaren ondorioz, prekarietatea areagotu egingo da eta lanpostuen galera handitu.

Eta beste aldetik, gaizki deituriko “eremu pribatu” horretan, menpeko pertsonen zaintzaile gisa, inolako aitortza sozial eta ekonomikorik ez duen lana. Gaur egun ere emakumeok gara biziraupenerako eta zaintzarako lan hauek guztiak egiten jarraitzen dugunak. Beraz, prestazioen murrizketa hauen ondorioz emakumeok jardunaldi bikoitzak egitera kondenatuta jarraituko dugu, eta orain arte lan hauek bateragarri egitea zaila bazen, orain, ia ezinezko bihurtuko da kasu askotan. Ondorioz, emakume askok lan merkatu arautua uztera behartuta ikusiko dute euren burua.

Aipatzekoa ere sektore publikoan gertatzen ari dena, emakumeek kalitatezko enplegua eskura zezaketen sektore bakarrenetakoa izanda. Arlo honetan sarbidea bera eta eskubide laboralak larriki murriztuko dira. Honi guztiari, honezkero ematen ari diren zerbitzuen pribatizazioak gehitu behar zaizkie, bereziki emakumeek burututako lanetan, garbiketa, pertsonen zaintza… zerbitzu berdinak betez baina lan baldintza oso kaskarretan eta eskubiderik gabe.

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi merkataritzako ordutegien liberalizazioa, bizitza laborala eta familiarra bateragarri egiteko zailtasunak bikoiztuko dituena. Emakumez osaturiko sektore hauek pairatzen duten berezko prekarizazioaren ondorioz, lanaldi bikoitza aurrera eramatea oraindik zailagoa bilakatuko da.

Inposaketen gainetik gure eskubideak defendatu eta Euskal Herriak erabakitzeko ahalmena izatea aldarrikatu behar dugu. Baina benetan pertsona ororentzat eta justizia sozialean oinarritutako jendarte bat eraiki nahi badugu, prozesu honek aintzat hartu behar du emakumeon erabakitzeko eskubidea.

Izan ere, inposaturiko erreforma eta murrizketen gainetik benetan gaur jokoan dagoena da Euskal Herrian ze motatako jendartea eraiki nahi dugun. Gobernua bere bidea argi erakusten ari da, bereziki guretzat, emakumeontzat. Patriarkatua indartu, gure bizitzaren inguruko erabaki ahalmena gero eta murritzagoa bilakatu, menpekotasun ekonomikoa areagotu eta ondorioz indarkeria sexistari aurre egiteko zailtasun handiagoak ipini, pertsona autonomo gissa bizi proiektu libre bat garatzeko bidea zaildu, abortua kriminalizatu eta gure gorputzen gaineko erabakiak hartzen ez utzi, osasun eskubidea ukatu, besteak beste mamografiekin planteatzen ari direna, familia eredu tradizionala indartu… hau da emakumeontzat benetan jokoan dagoena, gure askatasun bide horretan aurrera egitea edo aurreko mendera bueltatzea.

LABen argi daukagu, jendarte sozialista antipatriarkal bat osatzea da gure apustua, emakumeon aurkako indarkeria mota guztiak gainditzera bideratuta egongo dena eta pertsona ororen eskubideak aintzat hartuko dituena.

Inoiz baino premiazkoagoa da beste eredu ekonomiko eta sozial bat Euskal Herriarentzat. Honek estrategia feminista baten oinarritu behar du, benetan berma dadin emakumeok hitza izatea eta gure herriko biharko erabakietan erabakitzeko gaitasuna izatea, batez ere gure eskubideei dagozkienetan.

Guzti honengatik, eta batez ere beharrezkoak diren aldaketa guztiak aurrera eramateko emakumeon borroka beharrezkoa delako, irailaren 26ean emakumeok greba orokorrera.»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...