2025-03-15
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaInork ikusi nahi ez duen zapalkuntza ikusgarri egin dugu

Inork ikusi nahi ez duen zapalkuntza ikusgarri egin dugu

“Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltariak lehen lerrora eraman ditu emakumeak, azaroak 25aren etorrerarekin; Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, alegia. Hala, solasaldi bat egin dugu Bilbon, etxeko langileen egoerari buruz hitz egiteko, “Inork ikusi nahi ez duen zapalkuntza hirukoitza” leloarekin. "Euskal Herrian beste eredu bat behar dugu, lanaren, denboraren eta aberastasunaren banaketa zuzenean oinarritua. Kalitateko zerbitzu publikoen sarea gogoan hartuko duena eta ikuspegi oso batez zaintza bere gain hartuko duena; alegia zaintzeko, ez zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea bermatuko diguna. Eta baita sexuaren araberako lan banaketa, esplotazioan eta emakumeen aurkako indarkerian oinarrituko ez duena", aldarrikatu dugu.

Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, LAB sindikatuak salatu eta ezagutarazi nahi du lan arloan nahiz arlo sozialean ezkutuan geratzen den errealitatea: sexu indarkeria etxeko emakumezko langileen aurka.

Beti esan dugu emakumeen aurkako indarkeria sistema heteropatriarkalaren tresna dela, sistema berak ezarri eginkizunei eutsi diezaiegun, otzanak eta esanekoak izan gaitezen, isilik egon gaitezen; generoaren araberako ordenamendua bete dezagun, ama onak, emazte hobeak, emakume eredugarriak, arduratsuak, eztiak eta langileak izan gaitezen, eta geure bizitza beraren lepotik, etxeko eta familia batasunaren arduradunak izan gaitezen.

Gure mendebaldeko jendartean, gaur egun, sexuaren araberako lan banaketak eta pertsonen sexu eta generoaren arabera banatu izanak bizi dugun desorekaren irudi argia adierazten digute. Zaintza lanak oraindik emakumeon esku daude, gaizki ordainduta nahiz doan egindako lanen truke; eta etxekoa ez den norbaitek lan hauek egin behar izaten dituztenean, oro har, emakumeek egiten dituzte, emakume inmigratuak edo txirotuak, laneko ordutegi, soldata eta eskubide gabeko baldintza deitoragarrietan egiten dute. Honez gain, zaintzara bideratu zerbitzu publikoen eskasiak egoera hori are gehiago larriagotzen du, lan horiek, administrazioak eta emakume denon artean jendartean antolatuz geureganatu beharko genituzkeenak, ordezkatzen ari dira, esplotazio- baldintzetan lan egiten duten etxeko emakume-langileak erabiliz.

Badira egoera batzuk gaur egun pentsaezinak, imajinaezinak iruditu ditzakegunak, baina inpunitate osoz gertatzen ari direnak lanpostuetan. Errealitateok egunero jazotzen ari diren arren, ezkutuan eta ikusezin gordetzen dira, pairatzen duten emakumeak erabateko babesgabetasunean utziz. Etxeko emakume langileek jasan behar izaten dituzten sexu erasoez eta sexu jazarpenaz ari gara. Jatorria, klasea eta generoa diren opresio ardatzen nahasketak, hots, emakume inmigratua izatea, txiroa, bestelako jatorri batekoa, etxebizitza batean bakarka lan egitea, atzerritarrei buruzko lege berak eskubideez gabetuak,… berekin dakar aipatu langileak guztiz babesgabe daudela, lanpostuetan jasan behar izaten duten indarkeria matxistaren aurrean, eta indarkeria darabilena erabateko inpunitateaz jarduten dela.

Gogora dezagun Euskal Herrian lan egiten duten bi emakume inmigratuetatik batek etxeko lanetako sektorean diharduela, eta barnekoak emakume inmigratuen ia %90a direla. Gaurko egunez, hemen eta orain, gure herriko etxeko barne emakume langile gehienek bizi duten egoera ezagutaraz dadila nahi dugu; indarkeria mota hau salatu nahi dugu, langile hauei sostengua adieraziz, jendarte mailako ardura hau onartu dadila nahi dugu, eta gizarteari eta erakundeei hertsatu nahi diegu, errealitate anker honen aurrean, ezikusiarena egiteari utz diezaioten.

Mobilizazioekin bat
Bestalde, azaroaren 25eko aldarrikapen eta mobilizazio egunarekin lotuta, mugimendu feministak arratsalderako deitutako manifestazioekin egin dugu bat. 
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.