2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaInoizko afiliazio eta ordezkaritza handienarekin ospatuko dugu 50. urtemuga, sindikalismo eraldatzailea zabaltzen...

Inoizko afiliazio eta ordezkaritza handienarekin ospatuko dugu 50. urtemuga, sindikalismo eraldatzailea zabaltzen jarraitzeko bokazioz

Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak eta Koordinatzaile Orokor Igor Arroyok prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, sindikatuaren 50. urteurreneko ekitaldiak aurkezteko asmoz. 50.000 afiliatutik gertu eta Hego Euskal Herrian ordezkaritza handieneko bigarren sindikatu bilakatuta, euskal sindikalismo eraldatzailea zabaltzen jarraitzeko borondatea adierazi du LABek.

Igor Arroyok adierazi duenez, “hasieratik egiteko beste modu bat izan da gurea. Interes korporatiboak baino, euskal langileen borroka hauspotzea izan da hasieratik gure lehentasuna. Negoziazio kolektibora mugatu ez eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoa jarri genuen praktikan. Autonomismoaren mugak salatu eta Euskal Herriaren independentziaren alde egin genuen”.

Korrontearen kontra jaio eta korrontearen kontra hazi da LAB. Aitzindaria izan zen euskal sindikalismoan nagusi zen androzentrismoa auzitan jartzen, barne plan feminista bat abiatzen, zuzendaritza parekidea ezartzen, Idazkari Nagusi emakumezkoa hautatzen. Aitzindaria sindikatua eta lan mundua euskalduntzeko plangintzak martxan jartzen.

Errealitate berriei erantzuteko asmoz, sindikalismoa birpentsatzeko ariketa sakona egin du LABek azken hamarkada honetan. Bizitzaren sostengarritasuna auzitan jartzen duen Kapitalaren erasoaldia kritikoki aztertu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten aldeko estrategiak landu ditu, feminismoa, ekosozialismoa edota antirrazismoa bezalako korronte askatzaileen emaritik edanez. Sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzea erabaki dugu, digitalizazioa eta uberizazioa bezalako joerei erantzuteko antolakuntza eta ekintza sindikal eredua egokituz. Lantokietan ez ezik eremu sozialean ere antolatzeko apustua egin dugu, bi esparruetatik lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka egiteko.

Maila politikoan, berriz, LABek eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borroka uztartzeko lan egin du testuinguru desberdinetan. Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua edukiz betetzen laguntzeko, Euskal Lan Kode eta Euskal Gizarte Segurantza definitzeko ariketa aitzindaria egin du. Eta lurralde bakoitzean (EAE, Nafarroa Garaia nahiz Ipar Euskal Herria) proposamen zehatzak egin ditu langileon lan eta bizi baldintzak hobetzea ahalbidetuko luketen aldaketa politikoak sustatzeko.

Ibilbide honetan zehar, LABek defendatutako ideietako asko nagusi bilakatu dira euskal sindikalismoan: izaera soziopolitikoa, kontrabotere ikuspegia, independentismoa, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldeko apustua, ekintza sindikal feminista eta antirrazista…

Aurrerantzean ere horixe izango da LABen borondatea: sindikalismo eraldatzailea zabaltzen jarraitzea. Gero eta langile gehiago antolatu nahi ditu LABek, gero eta aldaketa sakonagoak eragiteko; euskal langileen eta Euskal Herriaren mesedetan ortzimuga berriak irekitzen laguntzeko. Izan ere, sorreratik aldarrikatu duen bezala, sindikatua tresna da eta ez helburu. LABen helburua Euskal Herrian eta munduan zanpaketarik gabeko jendartea sortzen laguntzea da.

50. urteurrenaren mugarriak

Sindikatuaren eta oro har euskal langileen ibilbidea jasotzen duen bi euskarri argitaratuko ditu LABek: batetik, LABen historian oinarritutako dokumentala, eta bestetik, azken 50 urtean Euskal Herrian izan diren gertakari historikoetatik hautatutako 50 mugarri biltzen dituen argazki liburua. Zer izan garen eta nondik gatozen kokatzen lagunduko diguten euskarriak dira.

Urteurrenaren inguruko ekitaldiak apirila hasiera eta maiatzaren lehena bitartean izango dira. Apirilaren 8an dokumentalaren estreinaldia egingo da Bilboko Euskaldunan. Ondoren, herriz herri proiekzio eta solasaldiak antolatuko dira, Euskal Herri osoan zehar. Maiatzaren Lehenean, berriz, manifestazio nazionala, ekitaldi eta jaialdia egingo da Iruñean.

Azkenik, Sindikatuaren azken Biltzar Nagusiari segida emango dioten hitzorduak izango ditugu aste honetan bertan: Federazioetako eta Ekintza Sozialeko Biltzarrak. Eremu bakoitzeko argazkia egin eta ildoak lantzeko, osotara 750 kide bilduko dira lau hitzordutan: urtarrilak 24ean Industria, 25ean Zerbitzu Pribatuak, 26an Zerbitzu Publikoak eta 27an Ekintza Soziala.

Inoizko afiliazio eta ordezkari gehien

Afiliazio datuen berri ematerakoan, sindikatuak inoizko hazkunderik handiena izan duela adierazi du Izaskun Garciak: “2023. urtea 49.476 afiliatuekin itxi dugu. Parekorik ez duen hazkunde bat da: %24,73ko igoera hamar urtetan”.

“Datu horiek erakusten dute sindikatua langile guztiontzako aterki eta borrokarako tresna eraginkorra izan dadin LABek hartutako erabakiak norabide onean doazela. Hala nola, feminizatutako, prekarizatutako eta arrazializatutako sektoreetara gerturatzeko apustua. Edota norberaren diru-sarreretan oinarritutako afiliazio kuota sistema martxan jartzea. Egoera ekonomikoa edozein izanik ere, LABek ez du inor atzean uzten. Diru-sarrera handiagoa dutenek ekarpen handiagoa egiten dute, denok sindikatua bidelagun izan dezagun”.

Emakumeen* parte hartzeari aipamen berezia egin dio Garciak, izan ere, afiliatuen artean gero eta gehiago dira emakumezkoak (2013 urtean %38a, 2023an %44,15a). Eboluzio hau, sektore feminizatuetan antolatu eta borrokak pizteko LAB egiten ari den lanaren emaitza da.

Grafikoa: Afiliazioaren bilakaera

Hauteskunde sindikalak

Hauteskunde sindikalei dagokionez, berriz, bilakaera positiboa da eremu guztietan, EAE, Nafarroa, Hego Euskal Herria nahiz Ipar Euskal Herria. Nafarroan eman da igoera handiena, azken hamar urteetan 4 puntu baino gehiago igo dugularik ordezkaritza mailan (4,23).

Gauzak horrela, EAEn bigarren sindikatu gisa gure burua indartuta itxi dugu urtea (%20ko langa gaindituta), eta Nafarroan %18ko ordezkaritzara heltzear garela (%17,95). Igoera honen eraginez, bigarren sindikatua bilakatu gara Hego Euskal Herrian, CCOO gaindituz, %19,60ko ordezkaritzarekin.

Hego Euskal Herria

Ipar Euskal Herriari dagokionez, ez dago bertako ordezkaritza neurtzeko estatistika ofizial orokorrik. Hala ere, nabarmena da hemen ere ematen ari den garapena.

Funtzio Publikoan

2014an                       502 bozka—6 delegatu

2018an                       700 bozka—11 delegatu

2021an             711 bozka—16 delegatu

Laborantza sektorean
2013an 186 bozka–%29,2

2018an  343 bozka–%56,6

TPE (enpresa txikiak, 11 langiletik beherakoak).

Departamendu mailan (64-Iparralde+Oloron+Pau,..), sindikatuak 407 bozka lortu ditu (%11,76a Departamentu osoa kontutan hartuta, beraz, horren bikoitza Ipar Euskal Herrian).

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...