2024-11-16
HomeIndustriaFederazioa"Hainbat eremutan urte luzetan sufritutako zapalketekin nazka-nazka eginda, langileek borroka beste biderik...

“Hainbat eremutan urte luzetan sufritutako zapalketekin nazka-nazka eginda, langileek borroka beste biderik ez dute ikusi”

Industria sektoreko langileak borroka bizian daude, euren lan eta bizi baldintzen defentsan. Gipuzkoako Papergintzak hamasei greba egun deituta ditu, Bizkaiko Metalgintzan ere greban ari dira, Gipuzkoako Grafikagintzan zortzi greba egun deitu dituzte, CAFeko langileak lanuzteak egiten ari dira lan hitzarmenaren alde… Adibide batzuk besterik ez dira. Egoera gatazkatsu hau kontutan hartuta, LABeko Industria federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxearekin hitz egin dugu, borroka hauen guztien berri izateko.

Bizkaiko metalgintzan, Gipuzkoako papergintzan eta grafikagintzan… Industriako langileak borrokan daude hainbat sektoretan. Zeintzuk dira konfliktibitatea handitu izanaren arrazoiak?
Langile kopuruari dagokionez, horiek handienak dira, baina beste herrialde, sektore eta enpresa ugaritan ere borrokan gaude. Nik uste asko direla arrazoiak. Lehenik eta behin, urte luze hauetan zehar borroka ugari egon dira, gatazka asko egon dira eta langileek prekarizazioaren aurkako borrokari duintasunez eutsi diote. Bigarrenik, hainbat eremutan urte luzetan sufritutako zapalketekin nazka nazka eginda, langileek borroka beste biderik ez dute ikusi. Horrren adibide nagusia Bizkaiko metalgintza bera izan daiteke. Hirugarrenik, patronalaren jarrera dago; ez dute negoziatzeko borondaterik eta langile borrokaren garrantzia gero eta argiagoa da langile klasean. Eta azkenik, LABek egin duen lana dago; borrokaren legitimitatearen alde beti, estrategia zehatzak borrokaz borroka langileen batasuna helburu eta, noski, gure kidegoaren konpromisoa eta lana.

Prekarietatea gero eta hedatuago dago.
Krisi ekonomikoa batez ere langileek pairatu zuten arren, orain hazkunde ekonomiko garaian sartuta, langileen lan baldintzek ez dute hori antzeman, eta orokortasunean aztertzen badugu nolako lan merkatua nahi duten, esan dezakegu prekarietatea hedatzea dela egiten ari den apustua. Krisiaren aitzakipean Espainiatik hainbat erreforma inposatu zitzaizkigun, eta estatalizazioa hedatzearen aldeko apustua egin zen. Negoziazio kolektiboa bera tresna bezala kolokan jartzera heldu ziren. Orain harrotasunez esan dezakegu LAB dagoen enpresetan lan erreforma kanporatzeko lan handia egin dela, eta, gure ustez, lurperatu nahi zuten negoziazio kolektiboaren beharra inork ezin duela auzitan jarri.

Lan arazoa ez ezik, arazo politikoa ere badela dio LABek behin eta berriz. Zer egin daiteke horren aurrean?
Hala da, ez da lan arazo soila, arazo politikoa ere bada, eta ezinbestekoa da Hego Euskal Herrian bertako lan harremanak Espainiako injerentziarik gabe erabakitzeko aukera izatea. Gure lan harremanak arautu behar ditugu, Espainian agintean daudenek BOEan argitaratzen dutena beldurrez begiratu gabe.
Eta horixe ari gara bultzatzen, bai BIzkaia zein Arabako Metalgintzan, bai Gipuzkoan Grafikagintzan eta Papergintzan. Era kolektiboan sektore horietako langile guztientzat gutxieneko zoru duin bat eraiki behar dugu, gero aukeren arabera lantoki bakoitzean hobetzeko. Elkartasuna lan mundura eramatea litzateke hori. Hitzarmen bat ala bestea dagoela jokoan dirudi, baina ez, orokorrean nolako lan mundua izango dugun dago jokoan, harreman indibidualetan oinarritua edo era kolektiboan adostutakoa.

Bizkaiko metalgintzako grebek jarraipen zabala izan dute oraingoz, eta deialdi bateratuak arrakasta handiz ari dira gauzatzen. Sindikatu guztiok bat eginda gaudela ikusirik, borroka hau eredu bilaka daiteke?
Beti bezala, borroka guztietatik atera behar ditugu ikasgaiak, zer aldatu eta hobetu. Horregatik, Bizkaiko metalgintzan ere etengabe balorazioak egin ditugu, jendearekin hitz egin dugu eta asanbladak eta batzar ezberdinak egin ditugu. Hori izan da gure lanaren oinarria. Aurrerantzean ere horrela izango da. Behin hori esanda, garrantzia eman nahi diogu aliantzari, noski, baina batez ere aliantza horren oinarrian lortu ditugun edukiei. Nik uste hori dela eredua; hitzarmen duin bat lortzeko edukiak zehaztu ditugu; langile prekarioenengan arreta jarriz, batez ere. Hori izan zen LABek gure buruari orain urtebete baino gehiago jarri genion helburua, eta lortu dugu.

Ez dakigu Bizkaiko metalgintzan egindakoak eredu izan behar duenedo ez; sektore bakoitza errealitate oso ezberdina delako. Bai, ordea, eduki duinen gaineko aliantza eta akordioak eraikitzeko konpromisoa, eta, bide hori, gure kide eta delegatuen parte hartzea sustatuz egitea.

Hitzez askotan jartzen gara ados, batzuetan patronalarekin ere bai, baina hitz horiek akordio zehatz eta konpromiso zehatz bilakatzen ditugunean etortzen dira sarritan arazoak. Guk langile batasunaren alde egiten dugu beti sektore mailan, baita lantoki bakoitzean ere, baina eduki eta konpromiso batzuen arabera. Eta askotan hori ez da posible izaten; esaterako, Arabako metalgintzan CCOOk eta UGTk patronalaren aurrean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko gauza ez direnean, edo gure lan harremanak Estatuan arautzearen alde egiten dutenean, Nafarroan Egurgintzan egin bezala.

Bizkaiko Metalgintzarekin jarraituz, noraino iristeko prest dago LAB aldarrikapenak lortzeko?
LABetik aspaldi esan genuen hitzarmen duina zela gure helburua; soldata igoerak, lanaldi murrizketa, subrogazioa, behin behinekotasuna eta ABLEen mugapena eta berdintasuna bezalakoak barnebilduko dituen hitzarmen bat. Ez gara borondateekin konformatuko, neurri egingarri eta errealak behar ditugu.

Gure kidegoak argi eta garbi erakutsi du noraino iristeko prest dagoen, dena ematen ari dira; ikusgarria da! Eredugarria benetan! Aurrelanketak enpresaz enpresa, grebaren jarraipen izugarria, piketeetan parte hartze altu eta aktiboa, proposamenak eginez… Hori dena ikusita, ezinbestez, aurrerantzean zer eta noiz egin behar dugun ere denon artean erabaki beharko dugu. Herrialdeko hiru delegatu batzar egin ditugu aurten; laister beste bat egin beharko dugu, greba egunak baloratu eta aurrera begirako erronkez hitz egiteko. Guregatik ez da etengo borroka, hitzarmen duina lortu arte.

Gipuzkoako Papergintza ere grebara doa. Kasu honetan, zerk piztu du gatazka?
Berriro ere bi gauza daude oinarrian; egoera prekarioak eta lan baldintzak hobetzeko beharra, eta, bestetik, Adegiren negoziaziorako borondate falta. Papelera ezberdinetako langileek alde handiarekin babestu dituzte greba deialdiak, borrokarako prest daude; hitzarmen berri eta duina behar dute.

Azken bileran, ekainaren 17an, Adegik ez zuen erantzukizunez jardun. Baditugu datu ekonomikoak, eta orokorrean oso onak dira; patronalak, ordea, ez du aberastasuna banatu nahi. Gainera, gai sozialetan eta bestelako lan baldintzen hobekuntzaz ez dute hitz egin nahi. Ondorioz, borroka eta greba beste aukerarik ez dute izan Gipuzkoako papereko langileek.

Papergintzan sektoreko azterketa zorrotza partekatu dugu gure ordezkariekin eta langileekin, eta guretzat argia da, papelera handiek geroz eta irabazi gehiago metatzen dituzten arren, langileentzat geroz eta gutxiago uzten dutela. Hortaz, aberastasunaren banaketa justuago bat exijitzen dugu. Horretaz gain, enplegua gure aldarrikapenetan ardatz inportantea da: erretiro duina gazteen kontratazioarekin uztartzea nahi dugu, errelebu kontratuen bidez, eta emakumeek sektorera sarbidea izateko berdintasun planetan konpromiso zehatzak nahi ditugu.

Gipuzkoako grafikagintzan ere borrokan daude. Zein da egoera?
Ekainaren 18an, Gipuzkoako grafiketan ere, greba deialdia egin dugu. Ekainaren bukaeratik aurrera grebara goaz. Eduki duinen gaineko hitzarmen baten aurrean, Adegi itsu-mutu-gor dago. Berriro ere, argi dugu langile borroka ezinbestekoa dela. Orain enpresetan, batzarrak egiten ari gara eta, langileen aldetik, greben aldeko jarrera zabala jasotzen ari gara. Lau greba egun deitu ditugu Adegik ez duelako negoziatzeko borondaterik, eta ez duelako, soldata igoera ziztrin batetaz gain, bestelako negoziatzeko borondaterik. Sektorean kontziliaketa neurriak, lan osasunaren bermea eta berdintasuna dira gure apustuak.

CAFeko langileek bi orduko lanuzteei eiin diete. Zeintzuk dira langileen aldarrikapenak? Zer da salatzen dutena?
Hitzarmen berria dute helburu. Aipagarria da, hala ere, hitzarmen horri buruz hitz egiterakoan nola barnebiltzen dituzten lan zentroko langile guztien eskubideak; bulego, azpikontrata zein katean lanean dabiltzanak. CAFen enpleguaren aldarria funtsezkoa da guretzat. Mundu osoan milioika euroko eskariak dituen enpresa azpikontratazioaren aldeko apustua da. Hortaz, lehentasun moduan zehaztu dugu azpikontratazioaren mugapena, kolektibo ezberdinen artean, enplegu zuzenaren mesedetan. Gainera, CAFeko langile zuzenentzat lan baldintzak hobetu nahi ditugu, 35 orduak ez dituen titulatuen kolektiboari lanaldia murriztu eta kontziliaketa neurriak lortu.

Beste borroka batzuk badaude, oihartzun komunikatibo handiegirik ez dutenak. Horietako batzuk aipatuko zenituzke?
Nafarroan autokonponketak edo zurgintza, Arabako metalgintza eta Aniser eta Alconza enpresak, besteak beste. Era berean, Domiberia enpresan hitzarmenaren aldeko lanuzteak egiten ari dira, eta Cie Alurecy enpresan mobilizazioak antolatu dituzte kaleratzeen aurka. Adibide batzuk besterik ez dira. Argi dugu prekarietatea borrokatzen ari garela, eta horretan jarraitu behar dugula. Borrokatzen dugun lekuetan akordio onak lortzen ditugula ikusten dugu. Aniser zerbitzu enpresan, esaterako, akordioa lortu zuten. Greba deialdien ondoren lortu zuten 62 orduko lanaldi jaitsiera, Nafarroako metalgintzako hitzarmenaren babespean gelditzea eta aldi baterako kontratuak finko bihurtzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.