2024-12-22
HomeEkintza SindikalaIndarkeria matxista lantokietako prebentzio planetan sartzeko eskatu dugu

Indarkeria matxista lantokietako prebentzio planetan sartzeko eskatu dugu

Lan Osasuneko ebaluazioetan arrisku bezala identifikatu eta landua izan dadin, Osalan zein NOPLOIra eramango dugu proposamena.

Erasoen aurrean protokolo bat ezartzeaz harago, erasoa bera ekidingo duen prebentziorako sistema neurgarri bat ezartzeko eskatzen dugu LABen, eta sistema hori instituzioetan eta lantokietan aldarrikatuko dugu.

Indarkeria matxista sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna nagusietako bat da, emakumeak* eta genero-identitate disidenteak zapalduta mantentzeko. Lan-munduan indarkeria hori etengabe gertatzen da eta emakumeak*, askotan, babesik gabe aurkitzen dira; gainera, beste zapalkuntza batzuekin eta prekarietatearekin gurutzatzen da sarritan. Lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune seguru bihurtzeko baldintzak eskatzea lan sindikalaren ardatzetako bat izanik, lan osasunean eta prebentzio neurrietan ere fenomeno honek daukan inpaktua aintzat hartzearen garrantzia azpimarratu dute LABeko Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek eta Idazkaritza Feministako buru den Maddi Isasik gaur eginiko aurkezpenean.

Indarkeria matxista ezinbestean sartu beharko litzateke prebentzio planetan, eta gaia jorratu dadin eskatzen dugu, lan munduan prebentzioa nola landuko den zehazteko. Lan munduan indarkeria matxistaren prebentzioak ezin du borondate kontua izan, legezko betebeharra baizik. Hala, jada badagoen prebentzio sistemaren egituran txertatu beharko litzateke, modu integral eta sistematikoan. Prebentzioan, arrisku ebaluaketan zein babes neurrietan indarkeria matxistaren inpaktua identifikatu, aitortu eta kontuan hartu behar da.

Lanpostuen arrisku ebaluaketan, indarkeria matxista emakumeentzako* arrisku faktore bezala jaso behar da. Bai enpresaren barruan gertatzen denean, zein enpresatik kanpo gertatzen denean ere. Hori nola egin, alegia; nola neurtu, detektatu eta neurriak nola hartu zehaztu behar da kasu guztietan. Beraz, LABetik proposatzen dugu horretarako sistema oso bat garatu behar dela:

  • Prebentzioa, arriskuak ebaluatuz eta lehentasunak markatuz. Informazioa eta formazioa ere barnebildu behar dira; enpresetan sentsibilizazio eta formazio planak zehaztu. Bistan da, faktore psikosozialak paper garrantzitsua jokatzen duela eraso matxisten eremuan eta horien eraginean, beraz, faktore psikosozialak ere prebentzioaren atalean kontutan hartzekoak dira. Honek, prebentzio planean atal espezifikoa behar du.
  • Hartu beharreko babes neurriak zehaztuz: indarkeria matxistaren aurkako protokolo eraginkorrak garatu behar dira.
  • Urtero langileen osasuna ikuskatzerakoan, osasun zaintza deritzon zerbitzuan, zeina enpresak eskaini behar duen, indarkeria matxista kasuak edo zantzuak arakatzeko baliabideak integratu beharko dira.
  • Proposamen honek administrazioaren ikuskatzaileak formatuta egotea eskatzen du (baita prebentzio delegatuei ematen zaizkien formazioetan prestakuntza zehatza integratzea ere, besteak beste). Noski, lan ikuskaritzak behar hori asetzeko egitura propioa eta espezializatua behar du.

Beraz, zuzenean interpelatzen ditugu gobernuak, Osalanera eta NOPLOIra eramango dutelarik eskakizuna, irizpideak marka ditzaten enpresetan neurri hauen inplantazioa bultzatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...