2024-12-18
HomeEkintza SindikalaImarkoaingo Garraioaren Hirian mobilizatu gara, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko...

Imarkoaingo Garraioaren Hirian mobilizatu gara, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar kopuru handia salatzeko

LAB, Hiru, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako hainbat kidek elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aitzinean, “Lan istripu gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du” lemapean, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten 9 langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako 7ren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.

2024. urtea bereziki tragikoa izaten ari da Euskal Herrian, errepideko istripu hilgarriei dagokienez. Dagoeneko 23 langile hil dira, eta horietako 8 garraiolariak ziren. Hildako garraiolarien batez bertzeko tragikoan, hilabete bakoitzeko heriotz bat izaten da normalean. Baina aurten ia bi garraiolari hiltzen ari dira hilero.

LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuok behin eta berriz salatu izan dugu lan baldintza prekarioak daudela ezbehar horien gibelean. Alde batetik, patronalak laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak ez betetzea dago, langileen bizitza eta osasunaren gainetik irabaziak eta mozkinak lehenesten baitituzte. Bertzalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez baitu neurririk hartzen eta ez baititu beharrezko baliabideak paratzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik, eta arau-hausteak ez dira zigortzen.

Nafarroak, berez, badu lan istripuen tasa handia –Espainiar estatuan, bakarrik Balear Uharteek gainditzen dute Nafarroa–. Baina, gainera, errekor negatiboak ari da hausten errepidearekin loturiko istripu hilgarriei dagokienez. 2024an, hildako bederatzi nafar langileetatik, zazpiren heriotzek errepidearekin izan dute lotura. LAB, Hiru, CGT, Steilas, ESK eta EHNE-Etxaldek, urtarrilaren 23ko prentsaurrekoan ohartarazi genuen Nafarroako errepideetan gero eta lan istripu gehiago izaten ari zirela. Apirilaren 25ean ere protesta ikusgarria egin genuen Gazteluko plazan, trafiko-istripu bat simulatuz. Bi kasuetan, Nafarroako agintariei eskatu genien «berehalako neurriak har ditzatela joan-etorrien kopuru handia murrizteko», etxetik lan egiteko aukera emanez, enpresetan mugikortasun-planak aktibatuz eta Nafarroako errepideen eta garraio publikoaren egoera optimizatuz.

Garraio sektorean gertatzen diren heriotzak, merkantzien sektorean bereziki, sektorearen lan baldintza prekarioekin zuzenean loturik daude. Malgutasun handiko sektorea da, eta lan erritmo handiegia du. Horrek, bertzeak bertze, 11 ordu arteko lanaldiak eragiten ditu egunean, hitzarmen bidez itundutako urteko lanaldiak baino askoz gehiago. Hitzarmen hori, gainera, izoztua dago 2008tik, soldata bezala.

Hildako garraiolarien adin handia ere aipatu behar da. Ia hildako guztiek 50 urte baino gehiago zituzten, eta gehienak 60 urte inguru. Urtarrilaren 17an 59 urteko garraiolari bat hil zen Cadreitan; apirilaren 14an bertze bat, 59 urteko nafarra, Lleidan (Herrialde katalanak); apirilaren 22an, 58 urteko bertze bat, Arren; eta azkena, 51 urteko nafarra, Ejean. Horiek guztiak 50 urtetik goitikoak ziren. Hortik heldu da Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoa, Administrazioak onar dezan garraiolarien erretiro aurreratua, eta, era berean, kontuan har dezan zenbat gaitz kardiobaskular dauden sektorean laneko arriskuak prebenitzeko planak finkatzerakoan.

Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez baitira garraioan hasten lan baldintzak ez direlako duinak. Eta horrek arriskuan jartzen du garraiolarien eta errepideko gainontzeko erabiltzaileen segurtasuna; izan ere, adin batetik aurrera, konortea galtzeko eta bihotzekoa edo istripua izateko arrisku handiagoa dago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.