Irailaren 11n UPV/EHUko ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin da Gasteizko Letren fakultatean, errektorearen eta hiru probintzietako Lehendakariaren parte-hartzearekin, besteak beste. Ohikoa den moduan, mezu positiboak dira nagusi, kontzeptu batzuk erabiliz: bikaintasuna, kalitatea, unibertsitate modernoa, etorkizunera begira, gizartearekin eta euskararekin konprometitua. Hala ere, alderdi batzuetan hobekuntzak egon badira ere, beste eremu askotan arazo batzuk sortu edo mantentzen dira, kasu batzuetan kroniko bihurtzeraino.
ikuspegi partzial batetik zabaldu nahi duten gatazkarik gabeko irudi positiboaren aurrean, LAB sindikatua kontzentratu da ekitaldi honen harira, langileok EHUn dauzkagun arazoak salatzeko eta beste unibertsitate eredu bat aldarrikatzeko. Izan ere, baliabide zein borondate falta direla eta, arazo eta diskriminazio zein prekarietate egoera asko topa ditzakegu gaur EHUn. Batzuk aipatzeagatik:
– Unibertsitate publiko modernoa eta kalitatezkoa
… baina behar duen finantzaketa ukatzen
2019 urterako Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa finantzatzeko esleitutako diru- partida ez da nahikoa garatu behar dituen funtzioetarako. Eraikin, azpiegitura eta tresneria egokiaz gain, langileak dira baliabiderik garrantzitsuena. Hortaz, langileen kolektibo ezberdinen egoerari erreparatu behar zaie, guztiek lan-baldintza duinak izateko.
– Bikaintasuna
… baina langile gehienak behin-behinekotasunean murgilduta
Kasu batzuetan kontratuak behin-betikoak ez izatea ulergarria bada ere (batez ere ordezkapenen kasuan), EHUn dauden langile guztien % 60a behin-behinekoa da, kasu askotan EHUn 5, 10, 15… urteak emanda eta lanpostua egonkortzeko aukerarik izan gabe.
– Top-ranking-etan kokatuta
… baina lanaldi partzialeko irakasleek 400-800 euro kobratzen
Ordezkapenetan zein elkartu plazetan aritzen diren lanaldi partzialeko irakasleei irakaskuntza eta tutoretza orduak baino ez zaizkie ordaintzen (400-800 euro hilabetean, arduraldiaren arabera), nahiz eta kudeaketa egin, formazioa jaso eta, kasu askotan, ikerketa egin. Lanpostu duin bat lortzeko itxaropenean oinarritutako prekarietatea…
– Euskalduna
… baina zerbitzua euskaraz bermatu gabe
Neurri eraginkorrak hartu eta baliabide nahikorik jarri ordez, EHUko euskalduntze prozesua inertziaren esku dago, planteamendu estrategiko konprometitua izan gabe. Oraindik ezin da gradu batzuk guztiz euskaraz egin, eta are gutxiago graduondoko ikasketetan, non euskara oso titulazio gutxitara mugatzen den. Publikoari begira zein langileen arteko harremanetan, euskararen erabilera ez dago bermatuta arlo askotan oraindik.
– Erantzukizuna
… baina osagarrien deialdiak etengabe oztopatuta
Irakasle-ikertzaileen soldatak duintzeko sortutako osagarrien sistemari oztopoak jarri dizkio Eusko jaurlaritzak azken urteetan, deialdiak ez ateraz edota ordaintze-urtea atzeratzeko deialdiak berandutuz edozein zirrikitu erabiliz. Modu horretan ordaindu beharreko diru hori aurreztea lortu dute, langile askoren kontura.
– Ikerketaren motore
… baina ikertzaile ez-finkoak diskriminatzen
Ikertzaileak egonkortzeko ibilbidea ez dago definituta, eta askok urteak eta urteak daramatzate aldi baterako kontratuak uztartzen, ziurgabetasunean, osagarri batzuk ezin eskatu edota deialdi batzuetan ezin parte hartu. Doktoretza aurreko zein osteko ikertzaileen kasuan, diskriminaziorik gabeko lan-baldintza duinak lortu behar dira beren eskubideak errespetatuz.
– Gardena
… baina langileen eta ikasleen parte-hartzea oso mugatua
Kolektibo ezberdinek EHUko eztabaidetan parte-hartzeko daukaten aukera eta eragina oso mugatuta dago. Gainera, ordezkaritzari dagokionez, kolektibo zabal batzuk oso minorizatuta daude. Foro itxiek eta iraganeko inertziek ordezkatzen dute maiz ideien konfrontazioa.
Autokonplazentziazko irakurketen gainetik, EHUko langileok benetako irtenbideak behar ditugu dauzkagun arazo eta prekarietate egoeren aurrean, eta euskal jendarteak bere beharrei erantzuten dien unibertsitate publiko, euskaldun eta baliabide nahikoz hornituta behar du. Horretan dago eta egongo da LAB: salatzen, aldarrikatzen, ekimen eta proposamenak egiten eta langileen eskubideak defendatzen.
Diskurtso adeitsuek ezin dute ezkutatu heldu beharreko neurriak! Beste unibertsitate eredu bat behar dugu!
Polizia okupazioa
Bestalde, LABeko EHUko sail sindikaletik salatu nahi dugu poliziak EHUkoak diren guneen okupazioa, bertako langileak Letren fakultateko aurreko eremutik kanporatuz eta kontzentratuta zeuden ikasle batzuk identifikatuz.
Era berean, salatu nahi dugu EHUko gobernu taldearen Segurtasun Sailarekiko morroitza, EHUko guneen okupazio hau onartzen eta EHUko langileek erabiltzeko eskubidea urratuz, haien ustezko segurtasun kontzeptua dela medio.