2024-07-04
HomeLAB SindikatuaIgor UrrutikoetxeaIgor lezamarra, Igor laguna, Igor ikaslea, Igor zinegotzia, Igor internazionalista, Igor sindikalista,...

Igor lezamarra, Igor laguna, Igor ikaslea, Igor zinegotzia, Igor internazionalista, Igor sindikalista, Igor lankidea, Igor… pertsona aparta benetan!

Bakarrik asko emon dauen pertsonak itzi ahal dau hain samin haundia gure artean eta Igorrek asko emon dau sinistu dauen guztietan.

Orain, Igorretaz berba egitea ez da erraza, eta ez da kontatzeko gauzarik ez dagoelako; aitzitik, gauza larregi dagozelako eta guk gure sentimenduak baretu eta ordenatu behar doguzelako. Horregaitik, urtarrilaren 18an, hemen, Lezaman egingo jakon omenaldia aukera ederra izango da Igorrek bere bizitzan, Euskal Herrian eta munduan zehar, leku eta esparru askotan landatutako haziek fruitua emon dagien.

Igor lezamarra, Igor laguna, Igor ikaslea, Igor zinegotzia, Igor internazionalista, Igor sindikalista, Igor lankidea, Igor… Igorren bizitzako alderdi asko dira eta danon batuketaren emaitzaz gozatu dogu guk geure bizitza beragaz konpartituz. Pertsona aparta benetan!

Igorrek erakutsi dosku amesten doguna lorgarria dala hori lortzeko indarra eta gogoa ipini ezkero. Garaipen txikiak, baina bata besteagaz pilatuz egunero garatzen ari garen bidea luzatuko dogu.

Gaztetatik, internazionalismoak kutsatua eban Igorren odola eta horrek bere bizia bideratu dau. LAB sindikatuan sartu zanean, Askapenean militatzen, Lezaman Ezker Abertzaleko zinegotzia, LABen abokatua eta, ganera, oporraldian mundutik zehar motxilero. Munduan egozan herri zapalduei beti elkartasuna eta konpromisoa ageriz.

Sindikatuan ardura desberdinetan egon da, baina, orain urte batzuk, afizioa ofizio bihurtzeko aukera izan eban LABeko Nazioarteko ardura hartuta. Harrezkeroztik, irrifarra eta begien dirdira berezia sumatzen jakon, ordurarte lanean ipinitako gogoa grina bihurtu zan. Berak esateban lez, “sindikatua serioa da, hemen gauzak planifikauta egiten doguz”.

Lan eskerga egin dau munduko herri desberdinetako askapen sozial eta nazionaleko borrokak eta Euskal Herriko askapen prozesua, zubi lana eginez, alkarri ezagutarazteko. Euskal Herriko eta LABeko enbaxadorea izan dogu Igor.

Baina Igorren konpromisoa zabala zan, agendan beti izan dau presoak bisitatzeko lekurik, gertutik ezagutu dauz be gure herriak jasaten dauen errepresioaren ondorioak.

Hemen gagozen askok harro esan daikegu, gu Igorren lagunak garela.

Igor,
bidaiari nekaezina
injustiziaren kontrako borrokalari
sindikalista kontsekuente
betiko lagun

Agur eta ohore

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Amurrio Ferrocarril y Equipos-en ez dugu kaleratzerik onartzen

Ekainaren 5ean, 57 urteko langile bat kaleratu zuten Amurrio Ferrocarril y Equipos-en. Enpresa Batzordetik kaleratzea publikoki salatu nahi dugu eta baita aurretik gertaturiko egoera ere, erabat hausten baitituzte batzordearen eta enpresaren arteko harremanean ulertzen diren protokoloak.

Nafarroako Garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu, bizitzaren kostuaren gaineko soldata igoerak jasotzen dituena

LAB eta CCOO sindikatuok –ordezkaritzaren %60 baino gehiago osatzen baitugu– Nafarroako Garbiketako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu sektoreko patronalekin. LABen hitzarmen hori sinatuko dugu, azken 11 urteetako dinamika atzerakoiari buelta ematea lortu delako: hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du (gehi puntu bateko diferentziala), urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide argi eta objektibo bat ezartzen du.

Deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari den honetan, benetako trantsizio ekosozialaren alde egiten dugu

Greba mugagabean hainbat egun daramaten Cementos Rezolako langileen mobilizazioetan parte hartu du sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, eta azpimarratu du industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri. Bihar, osteguna, Cementos Rezolaren Arrigorriagako lantegira eramango dute protesta Añorgako langileek.