2024-12-23
HomeLAB SindikatuaIritziaIgor Arroyo: «UPN eta PPk hezkuntzaren gaineko kontrol ideologikoa bermatzeko obsesio historikoa...

Igor Arroyo: «UPN eta PPk hezkuntzaren gaineko kontrol ideologikoa bermatzeko obsesio historikoa erakutsi du berriz ere»


Igor Arroyo, LABeko bozeramalea Nafarroan

«UPN eta PPk Nafarroako hezkuntzaren kontra antolatutako kanpaina J. Goebbelsen "Propagandako 11 printzipio" famatuetan oinarritzen da. Propaganda Ministro naziak ezarritako printzipio horiek ari dira aplikatzen, hain zuzen ere, UPN eta PP, hala nola etsaiaren eraikuntza (1. printzipioa), itxuragabetzea (4. printzipioa) edota orkestazioa (6. printzipioa).»

Lehenik eta behin, PPk "informe" bat enkargatu zion Guardia Zibilari, Alba andere neofrankistaren bidez. Guardia Zibilak 1.600 irakasle ikertu zituen herexeen bila, Inkisizio garaiko sorgin ehizen metodologia berberaz. 

Jarraian Diario de Navarrak jo zuen erasora, 36ko estatu kolpea goretsi, 3.000 nafar baino gehiagoren hilketa babestu eta frankismoan zehar maisu-maistra errepublikarren jazarpenean lagundu zuen berberak. 

Eta jokaldia amaitzeko, Iribas Kontseilaria eta Barcina Lehendakaria, Hezkuntza Saileko beren enplegatuen defentsan atera beharrean, kontrakoa egin zuten; argitaratutako zabor periodistikoa baliatu nahi izan zuten, Gobernuaren ustelkeria, Nafarroako Kutxaren desagerpena eta Nafarroako hezkuntza komunitateak tinko arbuiatu duen LOMCE lege neofrankistaren inposaketa estaltzeko. 

Hasiera batean txiste txarra zirudiena afera larria bilakatu da egunak pasa ahala. El Mundo, ABC eta La Razón eskuin muturreko egunkariek polemika elikatu dute manipulazio berriekin. Bestalde, Nafarroan zergak ez ordaitzearren bere dirua SICAV batean duen Carlos Salvador UPNko Diputatuak funtzio publikorako sarbidea irizpide ideologikoen arabera mugatzea proposatu du Madrilen. Eta azkenik, Yolanda Barcina ustelak kanpaina lotsagarri hau elikatzen jarraitu du, esaterako atzo Alderdiaren Egunean egindako ekitaldian. 

Finean, UPN eta PPk hezkuntza ideologikoki kontrolatzeko historikoki izan duten obsesioa erakusten ari dira berriro ere. 36an tiroka egin zuten, frankismoan zehar, dekretu, zentsura eta kaleratzeen bidez; eta orain kanpaina goebbelsiarren bidez egin nahi dute. 

Irakasleak ideologikoki erasotzerakoan, UPN eta PPk erakusten dute frankismoarekiko zilbor hestea ez dutela hautsi. Adierazpen askatasuna, pentsamendu askea, elkartzeko eskubidea edota demokrazia bera onargarriak dira eurentzat soilik baldin eta jendeak eurek bezala pentsatzen baldin badu. Jendarteak beste ideia batzuk baldin baditu, orduan zentsura eta errepresioaren hautua egiten dute. Horregatik ezin dute liseritu, besteak beste, LAB Hezkuntzako eta oro har Zerbitzu Publikoetako indar sindikal bozkatuena izatea. 

LABen ustez, ezinbestekoa da hezkuntza komunitateak eta jendarteak oro har UPN eta PPren manipulazioei erantzun bateratua ematea. Ildo honetan, hurrengo egunetan zehar, hezkuntza komunitatean eta oro har jendartean dagoen haserrea bideratzeko ekimen bateratuak antolatzeko lan egingo dugu, beste eragileekin elkarlanean. 

Eta orain arte bezala, hezkuntza sistema propio, parekide, kritiko eta euskaldunaren alde lanean jarraituko dugu, zentsuraren grisari anitasunaren hamaika koloreekin erantzunez. 
  

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...