2024-12-22
HomeMurrizketakIgor Arroyo: «Molinero irainaz baliatzen da bere miseriak ezkutatzeko; hobe luke azalduko...

Igor Arroyo: «Molinero irainaz baliatzen da bere miseriak ezkutatzeko; hobe luke azalduko balu zer eginen duten A-14a ondoren»

Nafarroako LABeko bozeramale den Igor Arroyoren adierazpena Nafarroako CCOO sindikatuko idazkari nagusiaren Molinerori erantzunez.

«Gure iritzian, aipatu adierazpenak UGT-k eta CCOO-k, hauen jardueraren ondorioz duten sinesgarritasun eta zilegitasun eza dela eta, sentitzen duten amorruaren amorruz egin ditu»
«Molinero irainaz baliatzen da bere miseriak ezkutatzeko; hobe luke azalduko balu zer eginen duten A-14-a ondoren»
Igor Arroyo, LABeko bozeramalea Nafarroan

«Guztiz surrealistak diren adierazpen batzuetan, Nafarroako CCOO-ren idazkari nagusiak eskiroltzat jo ditu ELA eta LAB, azaroaren 14ko Greba Orokorrarekin bat egin ez dugulako. Gure iritzian, aipatu adierazpenak UGT-k eta CCOO-k, hauen jardueraren ondorioz duten sinesgarritasun eta zilegitasun eza dela eta, sentitzen duten amorruaren amorruz egin ditu.

LABek, gaur arte, bost Greba Orokor egin ditu; UGT-k eta CCOO-k, bi bertzerik ez dituzte egin. Baina, hala ere, kontua ez da nork egiten duen greba gehiago ala gutxiago, baizik eta argitu behar da, milaka eta milaka nafarrontzat horren larria den une honetan, zein alternatiba babesten duen bakoitzak. Greba Orokorrak, berez, ez dira helburu, xede jakin batzuk lortzeko baliabideak baizik. UGT-k eta CCOO-k utzi beharko liokete lardaskerian ibiltzeari eta oro har eta bereziki, Nafarroari dagokionez, bere helburuak zeintzuk diren azaldu beharko lituzkete.

LABek dagoeneko egin du. Zehazki, Nafarroan, ondoren adierazten ditugun puntuetan, gutxiengo akordioa proposatu dugu:
1. Murrizketak gerarazi eta sektore publikoa garatu. AHT gerarazi.
2. Nafarroako probintzia hitzarmenak blindatu eta enplegua babestu.
3. Barcinaren gobernuaren dimisioa eta aitzinatu hauteskundeen deialdia.
4. Gizarte-eztabaida zabaldu Nafarroako etorkizun ekonomiko eta politikoaz.

Nafarroan, orain arte, UGT-k eta CCOO-k ez dute aldatu darabilten politika. Miguel Sanzek eman zien urrezko domina beren “jarrera eredugarriagatik”; gaur egun ere, UPN, Patronala eta Opus Deirekin batera gizarte-eztabaidan eta egungo ereduaren kudeaketan (krisialdira eraman gaituen eredua, hain zuzen) parte hartzen dute. Egin duten Greba deialdian saihestu dituzte gai hauek guztiak, eta horrek aditzera ematen du, azaroaren 15ean, orain arte erakutsi duten jokaera berari eutsiko diotela.

Honez gain, aurrekariak ikusirik, hamaika arrazoi daude ez fidatzeko UGT-k eta CCOO-k azaroaren 14ko Grebaz egin dezaketen kudeaketaz. Lehen aipatu dut UGT-k eta CCOO-k, krisialdia piztu zenetik, bi Greba Orokor deitu dituztela. Hara ba, Zapateroren lan erreformaren aurka, 2010eko irailaren 29koa, lehen greba egin zutenetik bost hilabetera, UGT-k eta CCOO-k pentsioen erreforma eta erretiroa 67 urte bete arte atzeratzea sinatu zuten, eta sinatu, pentsioen erreformaren aurka Greba Orokorra egiten ari zen egun berean sinatu zuten hain zuzen!

UGT-k eta CCOO-k egin zuten bigarren Greba Orokorrean, gurearekin batera suertatu zen, 2012ko martxoaren 29an (gure laugarren Greba Orokorrarekin) eta Nafarroako langileria osoa PP-ren lan erreformaren aurka atera zen. Hala ere, hortik bi hilabetera, UGT-k eta CCOO-k sinatu zuten Negoziazio Kolektiboaren Akordioa Nafarroako patronalarekin. Itun edo akordio hartan onartu zuten: Nafarroako hitzarmenak estatuaren menpekoak izanen zirela, %10eko malgutasuna eta eros ahalmenaren galera (hauexek ditugu PP-ren lan erreformaren hiru helburuak).

Hortaz, aberasgarriagoa litzateke Molinerok azalduko balio Nafarroako langileriari azaroaren 14ko Greba ondoren egin nahi duena eta horrela saiatuko balitz langileak konbentzitzen parte har dezaten. Hauen asmoa, nonbait, “erreskatearen” baldintzak, Madrilen, PP-rekin negoziatzea omen da; asmo hori Nafarroako langileriaren eskubideen defentsarekin bateraezina da. Molinero jauna, LAB ez da bide horretan bidaide izanen.”

Iruñea, 2012-11-6»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...