2024-11-16
HomeEkintza PolitikoaIgor Arroyo: "Aspaldi ez bezalako mobilizazio dinamika abian dago"

Igor Arroyo: “Aspaldi ez bezalako mobilizazio dinamika abian dago”

Igor Arroyo koordinatzaile nagusia Euskal Telebistako “Egun On Euskadi” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Egungo egoera sozioekonomikoari buruz galdetuta, nabarmendu du langileak ez daudela geldirik, oso aktibo daudela, eta borrokari esker hainbat hitzarmen lortu ditugula hilabeteotan, lan baldintza duinak bermatzen dituztenak.

Arroyoren hitzetan, “langileen artean kezka nabari da, egunero sumatzen dugu, baina gogoa ere badago, egoera honen aurrean zer edo zer egiteko. Hori desberdinduko nuke 2008ko egoerarekiko. Aspaldi ez bezalako mobilizazio dinamika abian dago”.

Sindikatuko ordezkariak dio autokritika falta dagoela agintarien artean, “hazkunde mugagabearen mitoa” elikatu dutenen artean. Sistema jasangaitza zela esan denean, beste alde batera begiratu dute beti agintariek, eta, orain, “ekaitza gainean dugunean, jarraitzen dute esaten hau ondo aterako dela”. Arroyok argi du euskal langileriak behar duen trantsizioa abiatzea eta aberastasuna banatzea ezinbestekoa dela, baina “politikariek ihes egiten diote eztabaidari”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.