2024-11-21
HomeEkintza SozialaIa berrogeita hamar eragile sozial eta sindikalek trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak adostu...

Ia berrogeita hamar eragile sozial eta sindikalek trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak adostu eta elkarrekin nola sustatu nahi ditugun eztabaidatu dugu Su Txikien Itsasoa topaketan

Elkarrekin sustatu beharreko lehen erronka komun bezala, azaroaren 30erako deituta dagoen Greba Feminista Orokorrarekin bat egin dugu.

Su Txikien Itsasoa topaketa ospatu dugu irailaren 30ean Ozaetan, GaraiON Sorgingunean. Ia berrogei eta hamar gizarte mugimendu eta eragile sozial eta sindikal ezberdinetako 120 kide inguru elkartu gara sustatu nahi dugun trantsizio ekosozialaz, zoru komun eta adostasunez, eta elkarrekin egin nahi dugunaz aritzeko. Izan ere, bizi dugun sistema bidegabea eta bideraezina da, eta horren aurrean planetaren eta pertsona guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bateranzko trantsizioa, edo hobe esanda eraldaketa sustatzea beharrezko ikusten dugu elkarturikoek.

Eremu ezberdinetan gabiltzan gizarte mugimenduak elkartu gara gaurkoan, su txiki-handi ezberdinetan gabiltzanak. Uste dugu eraldaketa hori sustatzeko gizarte aktibazioa ezinbestekoa dela, bestela elite politiko-ekonomikoek gidaturiko trantsizioz mozorroturiko aurreranzko ihesak itoko gaitu. Horregatik, gaurko ekimenaren helburua gizarte mugimendu ezberdinok ditugun esperientziak eta ikuspuntuak konpartitu, eta komunean duguna eta egin dezakegunaz eztabaidatzea izan da, gizartearen aktibazio hori elkarrekin eta elkarlanean eragiteko eta eraldaketa sozialaren aldeko itsaso bat bultzatzeko.

Goizeko eztabaidan trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak jorratu dira. Hala, elkarrekin sustatu nahi dugun trantsizioaren funtsezko ardatz bezala kokatu ditugu zazpi hauek: planeta bizigarria guztiontzat, planetaren muga biofisikoak aintzat hartuz eta justizia klimatikoa oinarri; kapitalaren gainetik, bizitzak eta hauen zaintza erdigunean jarriko dituen eredua, ekonomia desmerkantilizatu, despatriarkalizatu eta dekolonializatuz; lanak – guztiak –  duindu eta birbanatzea eta ondasunak birbanatzea; burujabetzen alde egitea, eremu estrategikoetan erabakiak hartu eta gauzatzeko gaitasuna eskuratzeko, iraunkortasunagatik, kontrol demokratikoagatik edota erantzukizun kolektiboagatik; diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde, pertsona guzientzat eskubide guztiak bermatu daitezen; Euskal Herriko gehiengo langile eta herritarra protagonista izateko trantsizio demokratiko baten alde, planifikazio publikoa herritarron mesedetan gauzatu dadin; gero eta gatazkatsuagoa den mundu baten aurrean desmilitarizazioaren, bakearen eta burujabetzaren alde.

Hortaz, goizean funtsezko ardatzak identifikatu eta hauek definitzeko ekarpen interesgarriak bildu ditugu. Arratsaldean aldiz elkarrekin egin nahi dugunaz aritu gara, helburua ez delako enegarren manifestua idaztea baizik eta gizarte aktibazio hori gauzatzea. Horrela agendan dauden ekintza eta mobilizazioen mapa egin eta agenda konpartitua marraztu dugu eta elkarlanean sustatu ditzakegun ekimenez aritu gara.

Topaketan dinamika bat hauspotzen saiatu gara, eta beraz, nolabaiteko jarraipena emateko erronka jarri diogu gure buruari. Alde batetik, urriaren 28an Gasteizen Kartaren ikasturteko asanblada nazional irekia egingo dugu, non ekimenaren sustatzaile nagusia izan den Kartaren hurrengo urratsez arituko garen. Bestetik, topaketan askotariko mugimenduak bildu garela ikusita, hala nola Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua edo Mugimendu Feminista, ondorio eta ekintza ahalik eta kolektiboenak sustatze aldera espazio zabalago hauei jarraipena eman eta gaurko topaketen ondorioak kolektiboki lantzeko espazioak irekitzea adostu dugu.

Azkenik, trantsizio ekosoziala sustatzeko zoru komuna eta elkarlan eta sinergietarako aukerak sustatzea ez da filosofia hutsa, ekintzarako proposamen bat da. Ditugun erronka amankomunei loturik, funtsezko elementu bezala zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzaileen eskubideen alde ekitea kokatzen dugu. Horregatik, gaur bildu garen gizarte mugimendu ezberdinok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitu duen Greba Feminista Orokorrarekin, eta berau antolatzeko espazio ezberdinetan proaktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu eta deialdia luzatu dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.