2024-12-18
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaHuerta de Peraltako lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokan jarraitzen dugu

Huerta de Peraltako lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokan jarraitzen dugu

LAB sindikatuak, Iruñean eginiko prentsaurreko baten bidez, bere babes osoa erakutsi dio Huerta de Peraltako Enpresa Batzordeko lehendakari Houssine Yagoubiri eta, hedaduraz, LABen sail sindikal osoari. LABek baieztatu du bere ekintza sindikalarekin aurrera segituko duela Huerta de Peraltan lan baldintza duinagoak lortze aldera eta, era berean, gogor kritikatu du CCOO sindikatua Yagoubi kalera dezaten erabiltzen ari den “estrategia antisindikalarengatik”. Huerta de Peraltako langile gehienek Yagoubiren aldeko sinadura eman dute.

“Ez dugu CCOOekoekin borrokarik nahi”, erran du Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako Enpresa Batzordeko lehendakariak, bere hitzartzearen hasieran. “Baina ez diegu utziko, enpresako zuzendaritzarekin batera, giro txarra sortzen Huerta de Peraltako langileen artean. Duela hiru urte baino gehiago ekin genion lanari, prekarietatearen eta ustiapenaren aurka borrokatuz. Gure lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokari ekin genion duela hiru urte baino gehiago, prekaritatearen eta esplotazioaren aurka. Bide horretan, enpresaren eta CCOOren erasoak eta blokeoak jasan ditugu. Baina ez diegu utziko orain gauza bera egiten, oraindik lan asko baitugu egiteko gure lan baldintzak hobetzeko”.

Yagoubik azaldu duenez, 2019ko urtarrileko greba amaitu ondoren, CCOOko ordezkariak “desagertuta” egon ziren urtebetez-edo. “Baina orain berriz jarri dira lehen egiten zutena egiten. Enpresari bukatuak zitzaizkion gure aurkako kartak, eta orain CCOOn aukera ona aurkitu du langileen artean giro txarra sortzeko. Bide batez, erran dezagun langile horiek babesa eman didatela, ehuneko handi batean. Beraz, ez diegu nahi dutena egiten utziko. Aurrez aurre izanen gaituzte, langile guztiak defendatzeko eta lan baldintzak hobetzeko lanean”.

Yagoubiren ondoan, Huerta de Peraltako langile batzuez gain, LAB sindikatuko bozeramaile Imanol Karrera egon da. Karrerak adierazi du Yagoubik sindikatuaren “babes osoa” duela, baina baita Huerta de Peraltako langile gehienena ere. Karrerak informatu duenez, LABek Yagoubiren aldeko sinadura bilketa egin du Huerta de Peraltako langileen artean, eta 120 langiletatik 99rena lortu dituzte. “Noski, aldi baterako langileen artean ez dugu sinadurarik eskatu, beraien egoera ez delako oso segurua enpresan”, azaldu du Karrerak. “Baina lorturiko sindaura kopuruak argi adierazten du langileek babesten dutela Houssinek eta LABek enpresa honetan egiten duten borroka”.

Lan Ikuskaritzaren ebazpena

Karrerak gogoratu du nola 2019ko greban borroka dialektikoa izan zen enpresaren kontakizunaren eta sindikatuaren kontakizunaren artean. “Oso ezberdina zen guk esaten genuena eta haiek esaten zutena. Baina guk frogekin demostratu genuen nork zuen arrazoia. Bada, orain, froga gehiago ditugu, duela aste gutxi batzuk Lan Ikuskaritzaren beste ebazpen bat jaso baitugu, LAB sindikatuari beste behin ere arrazoia ematen diona”.

Lan Ikuskaritzaren ebazpenak dio, batetik, enpresak lanaldiaren jarraipena egin behar duela, eta jarraipen horren emaitza langileen eskura jarri behar dela. “Bigarrenik, enpresari esaten dio maskararen erabilera ziurtatu behar duela, hau da, lan osasuna erdigunean jarri behar dela, guk eskatzen dugun moduan. Eta, hirugarrenik, eta hemen CCOOk bere arrazoia galtzen du, esaten digu erabat beharrezkoa dela enpresan prebentzio psikosozialeko neurriak hartzea. Hau da, Lan Ikuskaritzak nolabait aitortzen du enpresak langileen duintasunaren aurkako jarrera duela, ez dituela behar bezalako errespetuz tratatzen. Eta CCOOk horri egin behar lioke aurre. Ez dago langileen arteko arazorik, presidente honek ez du arazok sortzen. Arazoa enpresarena da. Enpresak ez baititu langileak errespetatzen”.

Huerta de Peraltan 2018ko abendutik 2019ko urtarrilera iragan zen greba “esplotazioaren aurkako borroka” izan zen, Karrerak esplikatu duenez. “Lan eskubideak bermatu behar ziren Nafarroako Erriberako enpresa batean, non langile migranteek beren eskubideak urratuak zituzten, lan hitzarmena ez zelako aplikatzen. Enpresa horretan, LABek ordezkaritza izan baino lehen, enpresak bazuen bide zabal bat berak ezarri nahi zituen baldintzak ezartzeko. Eta sartu ginenean eta hauteskunde sindikalak sustatu genituenean, enpresak esan zigun gure hautagaitza ez zela ongi etorria. Horregatik, saiatu zen CCOO eta UGTrekin batera beren hautagaiak adosten”. 2017ko hauteskunde haietan LABek sei ordezkari erdietsi zituen; CCOOk, bi; eta UGTk, bakarra.

“Eta greba hasi zenean, bi sindikatu hauek ez zuten grebarekin bat egin”, segitu du Karrerak. “Ados. Zilegi da borroka batekin bat ez egitea. Aldiz, erabat onartezina da grebaren aurka jotzea. Hori da hain zuzen ere CCOOko ordezkariek egin zutena. Ez zuten greba egin, noski. Baina kontua da aparteko orduak sartzen ibili zirela. Bere garaian salatu genuen. Eta orain salatu behar dugu ikusten dugula Zaragoza etorbidean [CCOOren Iruñeko egoitza nagusian] diseinaturiko estrategia antisindikal baten aurrean gaudela”.

Karrerak onartu du “asko” kostatzen ari dela grebalariek enpresarekin adostu zuten akordioa aplikatzea. “Horixe dugu erronka eta horretan ari gara burubelarri, enpresak erresistentzia handiak jartzen baititu akordioa ez aplikatze aldera. Eta, testuinguru horretan, oso larria da CCOOk hartutako jarrera. Yagoubiren burua eskatu diote enpresari, Yagoubi kaleratzeko. Eta, gure ustez, onartezina da jarrera antisindikal hori. Onartezina da langileek demokratikoki aukeraturiko eta Huerta de Peraltako borroka lideratu zuen presidentearen burua eskatzea. Munduko edozein tokitan “saldutzat” joko lukete CCOO hori eskatzeagatik”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.