2024-11-16
HomeEkintza SindikalaHitzarmena sinatu dugu Arabako Zurgintzan; hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkie sektoreko langileei eta...

Hitzarmena sinatu dugu Arabako Zurgintzan; hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkie sektoreko langileei eta prekaritatetik ateratzeko lagunduko du #LortuDugu

Gaur, irailak 27, Arabako Zurgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da eta hitzarmena sinatu dugu. 2 urte eta erdiz luzatu den negoziazioaren ostean, sektoreko langileek badute eragin osoko hitzarmen berria. Gogorarazi nahi dugu sektore honetan 500 langilek lan egiten dutela eta asko sufritu dituztela 2008ko krisia baita pandemiaren egoera ere.

Horregatik, azpimarratu nahi ditugu hitzarmenak dakartzan puntu nagusiak, gure ustez sektorearen arazo askori erantzuten baitizkio, langileak prekaritatetik ateratzeko lagunduz:

• Urtero %1,5eko igoera, eta hitzarmenaren amaieran KPI-arekiko berrikuspena

• San Jose pagaren kontsolidazioa

• Inaplikazio klausula

• Ultraktibitate mugagabea

• Izatezko bikoteen eta ezkontiden berdintzea

• Kategoria baxuenen (formakuntzakoak) berrikusteko konpromisoa

• Sektoreko Berdintasun Batzordea

• Egutegian egun bat mugitzeko aukera, hurrengoan lanaldia jaisteko aukera irekiz • Laneko bajetan osagarria hobetzea 10 hilabetetik 15era

Horrela, igoerari eta San Jose pagaren kontsolidazioari esker, hitzarmenaren amaieran langileen soldatak gutxienez %6,7 igoko dira.

LAB langileen aktibazioa etengabe bultzatzen saiatu da, bere kabuz ekimenak abiatuz eta ahal izan den neurrian batasun sindikala sustatuz sektorea astintzeko. Horrela, azken hilabeteetako dinamika proposamenak LAB-ek bultzatu ditu, eta argi dugu horri esker lortu dela patronala bere hasierako posizioetatik mugitzea. Joan den uztailean, 4 sindikatuok mobilizazio bateratu bat deitu genuen eta SEAko arduradunei 300 langileren sinadura helarazi genizkien, hitzarmen duin bat eskatuz.

Argi adierazi nahi dugu bide amankomuna zaila izan dela: batzuetan gogo eskasa nabaria izan da eta besteetan posizio maximalistetan kokatuta konfrontatzeko asmo falta ezkutatzea ere ikusi izan dugu.

Hala ere, LABek bereari eutsi dio eta langileen aktibazioa eta elkarlan sindikala bultzatzen tematu gara lortu arte, azken hau nahi baino txikiagoa izanda ere.

Honenbestez, LABek hurrengo urteetan lan egiten jarraituko du, sektorean borrokak eta dinamikak pizten, beti ere sektorean lan baldintza duinen defentsan, eta hurrengo hitzarmenean are hobekuntza gehiago borrokatzeari begira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.