2024-12-22
HomeIndustriaMetalgintzaHitzarmen duinak borrokatuko ditugu metalgintzan langileen aktibazioaren bidez

Hitzarmen duinak borrokatuko ditugu metalgintzan langileen aktibazioaren bidez

LABek agerraldia eskaini du gaur metalgintza sektorean negoziazio kolektiboaren egungo egoeraren berri eman eta sindikatuak hemenik aurrera martxan jarriko dituen ekimenak azaltzeko. Hala nola, sektore bezala mobilizatzen jarraituko dugu, prekarietateari aurre egingo dion eremu eraginkorra beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Era berean klase politikoa interpelatuko dugu.

Egungo egoera
Negoziazio kolektiboa metalgintzako sektorean, gainerako sektoreetan bezalaxe, langileen lan baldintzak hobetzeko bitarteko nagusietako bat izan ohi da. Izan ere, prekarietateari muga jartzeko, enplegu duina sortzeko nahiz aberastasuna era justuago batean banatzeko tresna eraginkorra izan ohi da. Enpresen eta langileen arteko harremanak orekatzeko ezinbesteko tresna.

Gaur, oreka hori zeharo apurtu da. Patronalak negoziazio kolektiboa bahituta dauka. Jada erabaki du, ez du negoziatzeko interesik, botere politikoak, legearen bidez, askoz gehiago ematen baitio; eskatzen duen guztia ematen dio. Beraz, metalgintzan txantaia argia egiten du, edo “nik esaten dudan hitzarmena ematen didazu ala ez da hitzarmen kolektiborik egongo”. Ez dago negoziaketarik, xantaia hutsa baizik.

Horixe da, hain zuzen ere, Araban CCOO eta UGTrekin gutxiengoan erdietsitako aurreakordioan gertatu dena. Sindikatu hauek patronalaren eskaerak onartu dituzte, nahiz eta negoziazio mahaian patronalak berak aitortu duen enpresariek ez dituztela behar. Anekdota moduan, erabat harrigarria da (eta eskandaluzkoa), aurreakordioa iragarri zutenetik 4 hilabete geroago, oraindik sinatua ez izana.

Gauza bera gertatu da joan den astean Nafarroako metalgintzan adostutako aurreakordioan, hau ere UGT eta CCOO sindikatuekin, oraingoan behintzat gehiengoa izanik. Aurreakordioa patronalaren eskaera nagusiak jasotzera mugatu da, hala nola, lanaldia handitzea, malgutasuna areagotzea, soldata baxuagoak kontratazio berrientzat… Non geratzen dira sindikatu guztien eskaerak? Non geratzen dira gizartearen eta langileen beharrak? Zakarrontzian. Non daude prekarietatea mugatzeko neurriak? Inon ez. Eta enpleguaren bermerik gabeko malgutasun gehiagorekin zein lanaldiaren handitzearekin, kalitatezko enplegua suntsitzen jarraituko da.

Jarrera berdina mantentzen ari dira Gipuzkoako zein Bizkaiko patronalak. Dagoeneko aurreratu dute ez daudela prest egungo hitzarmena errespetatzeko ere.

Patronalak egiten duen txantaia ez litzateke posible izango Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dion babesarik gabe. Ez da bidezkoa prekarietatea, pobrezia eta desberdintasun sozialak handitzen ari diren honetan ixilik egotea.

Jaurlaritzaren aldetik CCOO eta UGTren estrategia babestea defenda ezina da. Ez dira ezer salbatzen ari, aldiz, negoziazio kolektiboa hiru eremutik erasotzen ari dira:
– Egungo hitzarmenak kaskartzen ari dira, eskubideak murrizten dituen akordioekin. Gainera, enplegua suntsitzen dutenak.
– Gutxiengo sindikaletik, posizio zeharo antidemokratikotatik.
– Madrilen adosten dituzten akordioak EAE eta Nafarroako negoziazio eremuak ahultzen ari dira, eskumenak lapurtuz.

Erreforma ezberdinei publikoki ezetza eman zieten alderdietako askok eta lan harremanetarako euskal esparruaren alde daudela dioten horiexek, beren jarduera politikoarekin negoziazio kolektiboaren zentralizazioa eta erreformak bere osotasunean aurrera eramaten laguntzen ari dira. Eredu honek ez du prekarietatea geldiarazten ezta enplegurik sortzen ere. Akordio hauen bitartez patronalari negoziazio kolektiboa oparitzen diogu, herri honen gutxi batzuk gero eta aberatsagoak izan daitezen, gehiengoa gero eta pobreagoa den bitartean.

Egoera honen aurrean, LABek ezetz esaten du, aski dela. LABek ez ditu patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatuko. Ez gaude pobrezia eta prekarietate gehiago onartzeko prest. Ez ditugu langileentzat kaltegarriak diren neurriak babestuko. Langileek ez dituzte behar, justu kontrakoa. LABek ez ditu, inolaz ere, metalgintzako langileak abandonatuko. Aldiz, eurekin batera borrokatuko du patronalak bilatzen duen prekarietatea eta desberdintasuna handitzeari alternatiba emateko.

LABen ardatz nagusiak
Lan merkatu arautua behar dugu, prekarietatea eta pobrezia mugatuko dituena. Negoziazio kolektiboaren eskubidea defendatzen jarraituko dugu, aberastasuna era justuan banatzen dela bermatzeko. Egin genezakeen gauzarik okerrena izango litzateke ematen ari den eskubide lapurreta normaltzat hartzea. Eskubide hau ezerezean uzten ari diren hauek seinalatuko ditugu. Ez diogu patronalari gure eskubideen jabe izaten utziko. Inposatu nahi digun blokeoa gainditzera goaz. Hauek dira metalgintzako sektorean LABek defendatuko dituen lan ardatz nagusiak:

1.- Metaleko sektore arautua izatearen beharra eramango dugu lantoki guztietara, enpresa handiak ala txikiak izan. Sektoreko langile guztiek gutxieneko eskubideak bermatuta eduki behar dituztela exijituko diogu patronalari. Horretarako, sektoreko hitzarmena aitortzeaz gain, berau hobetuko dituen proposamenak aurkeztuko ditugu lantoki guztietan. Araban eta Nafarroan sinatutako aurreakordioek ezin dituzte Euskal Herriko metalgintzako lan harremanak arautu. Hor ez dago etorkizunik, pobrezia gehiago baizik.

2.- Sektore bezala mobilizatzen jarraituko dugu, prekarietateari aurre egingo dion eremu eraginkorra beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Negoziazio kolektiboa letra larriz aldarrikatuko dugu. Lan harremanen indibidualizazio eta prekarizazioaren aurrean, eskubideak guztiontzat behar ditugula aldarrikatu eta defendatuko dugu. Euskal Herriak lan erreformatik babestuko gaituen eredu propio eta ezberdina behar du. Hori lortzera goaz.

Lehenengo urratsa hurrengo azaroaren 26an Adegi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo dugun mobilizazioarekin emango dugu.

3.- Klase politikoa interpelatzen jarrituko dugu. Negoziazio kolektiboa ez da soilik patronalaren eta sindikatuen arteko arazoa. Lehen mailako arazoa politikoa da, hau da, nola banatzen den aberastasuna, zer nolako herria eraiki nahi dugun… Pobreziaren hedapena noiztik ez da lehentasun politikoa? Instituzioak badira langileok bizi dugun egoeraren arduradunak. Halaber, prekarietatea gelditzeko eta enplegua sortzeko ekimenak aurkeztuko ditugu erakundeetan.

Beraz, metalgintzako sektorean hitzarmena duinak lortzeko LABek langileei aktibatzeko dei egiten die.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...