2025a hasi besterik egin ez denean lanak, patronalak eragindako prebentzio faltak, beste hildako bat utzi du. Etxe baten eraberritze lanetan ziharduen 52 urteko langile altsasuarra, luma garabi batetako karga gainera erorita hil da Arbizun, Nafarroan.
Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.
Patronalak absentismoaren inguruko diskurtso faltsu bat agenda politikoan kokatu duen bitartean, joan zen urtean 24.000 lan istripu izan ziren aitortuak Nafarroan eta 26 hildako eragin zituzten lan istripuek. Istripu hauek guztiak prebentzio araudia ez betetzeak eragin zituen, enpresen arau hausteek hain zuzen. Gaurko istripuari dagokionez, gogoratu behar da eskegitako kargen azpian inor ez ibiltzea behartzen du araudiak, edozein baldintzetan.
Ikusi dugu azken 30 urteotan, eta datuek hala frogatzen dute, enpresek ez dutela lan osasunerako araudia betetzeko inongo asmorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere, ez dute Osalan eta NOPLOI bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileok gure osasunarekin, eta azkenik, geure bizitzarekin ordaintzen dugu.
Urteko laugarren istripu hilgarri hau eraikuntza sektorean gertatu da. Bertan azpikontratazioak eragin zuzena dauka langileon lan osasunean eta ohikoak dira prebentzio eza, neurri prebentibo eskasak eta errekurtso prebentibo eta koordinazio eza. Hori dela eta, intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok prestatzen ari garen mobilizaziora dei egiten dugu.