Osasun publikoaren egoera larriaren aurrean, eta Osasun Sailaren irtenbiderik eza ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok Osakidetzan hiru greba egun deitzea erabaki dugu: urriaren 29an Arabako lan zentruetan, azaroaren 5ean Gipuzkoakoetan eta azaroaren 12an Bizkaikoetan. Eusko Jaurlaritzak mobilizazioren bidea baino ez digu utzi.
Gure herriko osasun publikoak gaur egun bizi dituen egiturazko arazo larrien aurrean, ekainetik aurrera mobilizazio-dinamika bat jarri genuen abian. Azkeneko ekitaldia izan zen urriaren 3an Bilbon egindako manifestazio jendetsua. Mobilizazioek langileen eta herritarren babes zabala izan dute.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-diskurtsoetaz haratago, Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dute mahai gainean jarri gure osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurririk. Urteak daramatzagu gabezi horiek salatzen.
Egiturazko eta sakoneko arazoak ditugu aurrean, urrutitik datozenak. Baina Osakidetzak azken urteotan ez du horiek konpontzeko inolako borondaterik izan. Horren adibide garbia da Lehen Arretan gertatzen dena. Langileak kalera atera ziren iaz, eta hiru greba egun egin zituzten, egunerokoasunean pairatzen duten muturreko egoerari irtenbideak eskatzeko. Urtebete geroago, agerian geratu da, hitz onak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak ez diela irtenbiderik eman gabezi larri horiei.
EAEko osasun publikoko inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dago, eta azken urteetan, gainera, gutxitu egin da. Desinbertsio horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izan du gure osasun publikoak bizi duen egoera larrian. Egoera hori, bereziki nabarmena da Lehen Arretan, baina gainerako arreta mailetan ere pairatzen dute langileek, ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean hain zuzen ere: giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan gainkarga sistematikoa, behin-behinekotasun tasa altuak, akidura fisiko eta emozionala, lan-eskubideen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, babesgabetasuna eta lan osasunaren utzikeria, etab.
Gabezi larri horiek, urrunetik datozenak, larriagotu egin dira egungo osasun-krisiaren ondorioz, baina ez dira birusarekin agertu, eta ez dira desagertuko egiturazko eta sakoneko konponbideak martxan jartzen ez badira.
Azpimarratu nahi dugu ez dela asmo oneko adierazpenak egiteko unea, ezta ezer konpontzen ez duten propaganda-diskurtsoak egitekoa ere. Ekiteko unea da, berehalako eta etorkizuneko neurriak abian jartzeko unea, azken urteetako murrizketa-politikek eragin dituzten ondorio larriak iraultzeko.
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu osasun publikoa bere lehentasuna bihurtu dezala. Pandemia honek argi erakutsi duen bezala, osasun sistema sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere.
Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten irtenbideak abian jartzea:
• Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, Europa Batasuneko batez bestekoaren parekoa, %25a Lehen Arretara bideratuz.
• Enpleguaren arloan
◦ Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz.
◦ Plantilla egonkortuko duten behin-behineko langileen finkapena, Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesteko.
• Murrizketa guztien berreskurapena: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri baten negoziazioa.
• Egindako pribatizazioak atzera egitea enplegua mantenduz.
• Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren aurrean, baita haien eguneroko lanean ere: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; lan arriskuen balorazioa arreta-maila guztietan eta prebentzio eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.