2024-12-22
HomeUncategorizedUnibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako grebak %75tik gorako jarraipena izan du

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako grebak %75tik gorako jarraipena izan du

Milaka langile irten dira kalera murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatzera. LAB, ELA eta Steilas sindikatuok manifestazioak egin ditugu Gasteiz, Bilbo eta Donostian, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan Euskal Autonomia Erkidegoan deitutako greba dela eta.

Ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora langile Haurreskolak Partzuergoan deiturik zeuden gaurkoan grebara.

Langileen %75etik gora egin dute bat deialdiarekin. Grebak ia erabateko jarraipena izan du eskualde gehienetan. Jarraipena apalagoa izan da, aldiz, Bidasoa aldean (%60 inguru) eta Bilbo edo Ezkerraldean (%50 inguru). Haurreskoletan jarraipena %85etik gorakoa izan da.

Langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin.

Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu; onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea; gelako ikasle kopurua murriztea; soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan… ezarritako murrizketak alde batera uztea; ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea; LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea; eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.

Bide honetan pausoak ematen hastea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Horrela ez bada, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.


 
LABeko ordezkari Maider Izagirrek jakinarazitakoaren arabera, azken bi asteetan 200 ikastetxe eta haur eskolatik pasatzeko aukera izan dute. Oso aberasgarria egin zaie langileekin izandako hartu emana, baina, tamalez, berretsi dute aurretik bazekiten errealitatea eta prekarietatea. "Administrazioari eta Haurreskolen Partzuergoari exijitzen diegu azken urteetan ezarritako murrizketak bertan behera utz ditzatela, langileen baldintzak hobetzearekin batera. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu negoziazio kolektiboa abiatzea", azaldu du.

Aurrekontu sozialak helburu izanda, Hezkuntzan inbertsioa igotzea eskatzen dutela nabarmendu du, Europako mailaren neurrian; azken finean, horrek ere hezkuntzaren kalitatea bermatuko duelako. Era berean, hezkuntza eragile diren aldetik, kontutan hartzeko eta parte hartzeko bideak errazteko eskatu diote Administrazioari, inposaketak alde batera utzita. "Ikusiko dugu Administrazioak zein bide hartzen duen. Bi aukera ikusten ditugu: esertzen gara eta negoziatzen dugu, edo orain arteko jarrera mantentzen dute. Azken bide horren alde egiten badute, jakin dezatela aurrean izango gaituztela, eta jarraituko dugula mobilizazio eta dinamika berriak proposatzen", erantsi du.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...