2025-04-01
HomeEkintza SindikalaHezkuntza publikoa indartzeko baliabideetan inbertitzea ezinbestekoa da

Hezkuntza publikoa indartzeko baliabideetan inbertitzea ezinbestekoa da

Begoña Pedrosa Sailburuak martxoaren 28an emandako prentsa-agerraldiari LABen erantzuna.

Oraingoan ere, pasa den astean bezala, akordio arautzailea (lan hitzarmena) negoziatzeko datorren astelehenean egon daitekeen balizko mahai negoziatzailearen berri prentsan sailburuak egin dituen adierazpenen bidez jaso duela dio LABek eta ez deialdi ofizial baten bitartez. Beraz, Hezkuntza Sailak izandako jarrera salatu du, izan ere, lau egun pasatuta ez da proposamen berririk egin ezta mahai negoziatzailerik deitu ere.

Azken hilabeteetan greba zein mobilizazioen bitartez irakasleek izandako indar erakustaldiari esker Hezkuntza Sailak hainbat urrats eman ditu eta proposamenean LABek helarazitako eskaera batzuk jaso dira. Hala ere, adostasunetara iristeko gabeziak dituela dio LABek baliabide, berme eta zehaztasunei dagokionez. Beraz, sinetsita daude borroka ziklo berri honetan erakutsitako indar erakustaldiaren bitartez ere Hezkuntza Saila mugitzen jarraituko dutela.

Alde batetik, LABentzat herri bezala ditugun erronkei erantzuteko berebiziko garrantzia duten eta sindikatuarentzat estrategikoak diren hezkidetza edota euskara koordinatzaileak falta direla dio oraindik, baita aniztasunari erantzuteko baliabideak indartzea edota zuzendaritza taldeek duten lan zamari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak zehaztasunez txertatzea ere. Aipatutako figura eta baliabide hauek hezkuntza kalitatean eta zerbitzuan eragiteaz gain, eskola publikoa indartuko lukete eta egun irakasleek dituzten lan zametan eragingo lukete. Estrategikoak izateaz gain, ezinbestekoak dira.

Lan zamei jarraiki, LABentzat zehaztasunak falta arren eta jasotakoak nahikoa ez izan arren, egun langileak itotzen dituen burokraziari aurre egiteko neurri bakan batzuk hartzea, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko lana banatzeko baliabide gehigarriak ezartzea edota ordu lektiboen jaitsiera proposatzen du administrazioak egin duen azken hurbilketan. Zehazki esateko, Haur eta Lehen Hezkuntzan 2 ordu lektibo murriztea lortu duela eta Bigarren Hezkuntzan 17 orduko gehienezko orduen barruan Hedatze programa txertatu dela.

Bestalde, LABek azken urteetan egindako borrokak eta negoziazioek ere fruituak eman dituzte hezkuntza publikoan aritzen diren irakasleen enpleguan. Izan ere, 2023ko ekainaren 1ean sinatutako akordio laboralean adostu bezala, sailaren proposamenean behin-behinekotasuna %5era jaistea jasotzen da, baita EPE deialdietako gaitegiak eta materialak euskaraz prestatuko direla ere. Neurri honi esker, enplegua sortu eta gaur egun klaustroek bizi duten ezegonkortasunari erantzungo litzaioke.

Orain arte ez bezala, azken hilabete hauetan egindako mobilizazio eta borrokaren bidez Hezkuntza Sailak irakasleek galdutako eros-ahalmena berreskuratze bidean atea ireki eta soldata gordinaren %5etik gorako igoera jarri du mahai gainean. Honi, funtzioei lotutako hainbat osagarri ere gehitu behar zaizkio.

LABek ordezko irakasleen lan baldintzen garrantzia behin eta berriz jarri izan du erdigunean. Nahiz eta akordio arautzailean modu argi eta zehatzean ez jaso oraindik, ordezkoen udako kobraketa, kotizazioa eta puntuazioa berreskuratuko dela jasotzen da azken proposamenean, uztaila eta abuztua biak osorik aitortuz 165 lan egin dutenei. Era berean, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak hezkuntzan mantentzeko konpromisoa adierazten da. Horretaz gain, LABek historikoki eskatu bezala, ordezko edo bitarteko funtzionarioen lizentzia eta baimenak karrerako funtzionarioen baimenekin parekatzea jaso da.

Azkenik, plantillak gazteberritzeko neurriak hobetzeko murrizketak erretirora bitarte zabaldu eta horiek metatzeko aukera lortu da. Metatzeko aukera hautatzean, egun jasotzen den proposamenaren arabera, transmisiorako ordu-lektiborik gabeko 3 hilabete eta erretiroa urte eta hiru hilabete aurreratzeko aukera zabaltzen da. Honako hau artikulatuan era egokian eta zehatzean jasotzeko propoposamena izango da LABena.

Borrokaren ondoriozko aurrerapauso batzuk lortu badira ere, LABek ez ditu nahikotzat hartu eta horregatik, greba eta mobilizazio dinamikekin jarraituko du. Aurrerapausoak daude lan zamak arintzeko ordu lektiboen jaitsieran, baliabide gehigarrietan, gutxienezko %5eko soldata igoeran, gazteberritze neurrietan, ordezkoen baldintzetan, behin-behinekotasuna %5era jaistean edota lan osasunerako neurrietan. LABen ustez borrokan jarraitu behar da lehentasunez baliabide eta figura gehigarriak lehen bai lehen eskoletan egon daitezen. Gainera, akordio arautzaile edo lan hitzarmenean zehaztasun eta epeak jasotzeko ekarpenak egiten jarraituko du eta lan zamen jaitsieran zein soldata igoeran lanean jarraituko du.

Beraz, orain arteko ibilbideari jarraiki eta langileon greba eta mobilizazioek emandako indarra baliatuta LABek borrokan jarraituko du 15 urteren ondoren irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat lortu arte, baita hezkuntza publikoa indartzeko urgentziaz behar duen inbertsioa izan dezan eta baliabideez hornitu dezaten, kalitatezko hezkuntza helburu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.