2024-12-22
HomeEkintza SindikalaHezkuntza Departamentuak sindikatuekin eginiko bilera antzuak kritikatu ditugu, hauteskundeei begira bere burua...

Hezkuntza Departamentuak sindikatuekin eginiko bilera antzuak kritikatu ditugu, hauteskundeei begira bere burua zuritzeko baino ez baititu erabili

LAB sindikatuak irmo kritikatu du Carlos Gimenok gidatzen duen Hezkuntza Departamentuak ez duela legealdi honetan inolako interesik izan Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzeko eta horretan aurrera egiteko. Departamentuak berandu deitu zuen lehen bilera, sindikatuon mobilizazioen bezperatan deitu izan ditu bilerak, eta bilera horietan inoiz ez ditu bete gabeko puntuak betetzeko konpromisorik hartu nahi izan Ituna aurreko Gobernuak sinatu zuelako aitzakia erabilita.

Sindikatuok behin eta berriz Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordea elkartzea eskatu ondoren, joan den otsailaren 8an Hezkuntza Departamentuak dei egin zien, lehen aldiz 2022-2023 ikasturtean, otsailaren 13an -Nafarroako Foru Administrazio osoan deitutako grebaren bezperan- bilera batera joateko. Batzorde horretan ez zen ezustekorik izan, Nafarroako Gobernuak eta, zehazki, Hezkuntza Departamentuak berriz ere adierazi zuen itun hori ez zela berea, aurreko Nafarroako Gobernuak sinatu zuela eta ez zegoela aurrekontuan jasota. Beraz, haren ustez eta erabakiz, ezin ziren aplikatu irakaskuntza publikoan kalitate hobeko zerbitzua ematea ahalbidetuko zuten hobekuntzak.

Martxoaren 27an, Hezkuntza Departamentuak jokaldi bera errepikatu zuen. Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordea deitu zuen apirilaren 3ko Hezkuntzako grebaren bezperan. Orduko hartan puntu bakarra egon zen gai-zerrendan, “ANPE aferak” izenekoa; lotsagarria, tratatuko ziren puntuak Itunak jasotzen dituen bete gabeko puntuak izanik. Deialdiari erantsitako dokumentuak 13 puntu zituen, eta ia bat ere ezin zen negoziatu aurrekonturik ez omen zegoelako. Hezkuntza Departamentuak lantalde batzuk sortzeko aukera baino ez zuen proposatu. Edukirik gabeko bilera hori Hezkuntza Departamentuak prentsari sindikatuokin lortutako lorpen eta ustezko itun gisa saldu zion, maiatzaren 28an egingo diren hauteskundeei begira, noski.

Maiatzean, Foru Administrazioko hauteskunde sindikalen eta Parlamentuko hauteskundeen garaian, sindikatuok hiru lantaldetara deitu gaitu Departamentuak. Hala, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko akordioak negoziatzen eta horietan aurrera egiten ari diren itxura egiten dute, baina errealitatea da benetan ez dutela Hezkuntzan inbertitu nahi, horretarako Nafarroako Gobernuaren etorkizuneko osaeraren ziurgabetasunean babestuta.

Ikusteko dago datorren legegintzaldian Gobernuan eta Hezkuntza Departamentuan nor egongo den talde horietan egindako lanari jarraipena emateko. Baina ziurta daitekeen gauza bakarra da legegintzaldi honetan Hezkuntza Departamentuak ez duela inolako interesik agertu Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzeko eta horretan aurrera egiteko, eta, beraz, segur aski, lantalde horietan ematen ari den denbora alferrikakoa izango dela eta, beraz, baieztatuko da Gobernuak igande honetan egingo diren Parlamenturako hauteskundeen aurrean aurpegia zuritzeko baino ez dituela baliatu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...